Ari-arika, ezpainetan hika

Zumaian aspaldi hasi ziren sumatzen hitanoaren erabilera ahultzen eta trakesten zihoala; egoerari buelta emateko bidea eginez, Mintzola Fundazioarekin harremanetan jarri eta 2009an bideratutako hitzarmenaren emaitza aurkeztu da gaur herrian.

Mintzola Fundazioa, Zumaiako euskara teknikariak eta irakasleak elkarlanean jardun dute gaur aurkeztu den materiala gauzatzen: LH 5. eta 6. mailarako eta DBH 1. eta 2. mailarako zortzi sekuentzia didaktiko prestatu dira gaztetxoak hitanora hurbil daitezen. 

Ikasleek karramarro ikerlariak izango dituzte bidelagun, Klax eta Karrami, hitanora hurbiltzeko bidean. Zumaiako hiztunekin harremanetan jarri, hizkuntzarekin jolas egin eta gogoetatzera gonbidatuko ditu gazteak Mintzolaren webgunean helbidean ezarritako material didaktikoak.

Urtebeteko lana izan da Mintzolako Maitane Ayerzak bideratu duena. Aurkezpenean esan denez, betiko aditz tauletatik harago doan egitasmoa da, erabilgarria eta bizia, hitanoarekin eta hitanoa darabilten hiztunekin jolas egitera bultzatu nahi duena.

Material didaktikoa osatua badago ere, bere erabilpena eta egokitasuna aztertzea da Mintzola Fundazioaren hurrengo erronka; Bityminak diseinatu duen webgunean horretarako prestatu diren ebaluazio tresnak baliatuko dira horretarako, baita irakasleekin egingo den jarraipena ere. Izan ere, egitasmo ireki bat osatu nahi izan da, ibilbidean eraldatu eta hobekuntzarako aukerak emango dituena. Eta hurrengo erronkak horiexek izango dira.

Aurtengo asmoetan, beraz, webgunearen baliagarritasuna eta jarduera didaktikoa aztertuko dira alde batetik, eta bestetik, beste lau sekuentzia didaktiko sortuko dira DBH 3. maila eta DBH 4. mailarako.

Zumaiarrak aitzindari izan dira egitasmo honetan, eta egitasmoari jarraipena emango diote azpeitiarrek ere. Dagoeneko, Azpeitian bertan ere hasiak dira lanean.  

Ahotsak.com (2011-03-23)

Erabili.com (2011-03-24)

Maitane Ayerza, Josune Zabala eta Nerea Epelde

Irudia | Maitane Ayerza, Josune Zabala eta Nerea Epelde | I. Etxeberria | Creative Commons By SA

Zer duzu buruan “Ari-arika, ezpainetan hika”-ri buruz