Informatika hezkuntzan. Atzeraka.
Iritzia. Anekdota batetik abiatuta hezkuntza sistema publikoan ohikoak diren arazoei buruzko gogoetatxoa.
Aurrera baino atzera goazela ematen du askotan.
Anekdota:
Gaur, gure lantokiko ordenagailuetan (bigarren hezkuntzako ikastetxe publiko bat), filtro berri bat agertu da. Barkatu Ibon, irazki berri bat esan nahi nuen. Hortxe ibili gara irakasle batzuk interneten ezin sartuz. (Askotan legez).
Gaurko arazoa berria eta larria zirudien:
Kontuari hamaika buelta eman eta gero, pantaila igarotzea lortu dugu: “JUPITER NETWORKS. Bienvenido al Infranet Controller! No navegue fuera de esta página o perderá el acceso a los recursos restringidos”. (sic). Besterik ez. Mezu laburra bezain misteriotsua guretzat guztiontzat.
Azkenean, guztion denboraren bi ordu galdu eta gero, teknikari bat eskatu eta bidali digute Metropolitik. Metropolitik gertu gaudenez azkar etorri zaigu teknikaria. Eskerrak.
Kontua nahiko erraz konpondu omen du: Odyssey izeneko programa bat instalatu behar zen ordenagailu guzti-guztietan. Intalazio hori gure kontu, jakina, irakasle batzuk eta atezaina, bedela, hortxe ibili dira Windows XP (gazt.) + Panda (1) gure sistemetan Odyssey delako hori txertatzen.
Dakizuenez orain institutuetan ez dago Premia programarik, ez dago informatika arduradunik. Lehen irakasle bati astean pare bat ordu-edo ematen zizkioten ordenagailuetan konponketa errazenak egiteko, orain ez.
Krisia.
Problemak daudenean Jaurlaritzak azpikontratatutako enpresa bati deitu behar eta formateatu eta Windows XP “berria” instalatzea izaten da ohiko ekintza. Gaztelaniaz, jakina. Euskaraz nahi izanez gero aurretik eskaera “berezi” hori idatziz ondo adieraztea gogoratu behar, bestela jai. (Gure idazkariari euskararena “ahaztu” izan zaio askotan).
Gero Adober Reader, Flash eta horrelako gehigarriak nahi izanez gero, zure kontu edo bedelari eskatu. Bestela ezin izango duzu, esaterako, pdf-rik ikusi.
Nik neuk eskura dauzkadan ordenagailuak liberatzen ditut: Linux instalatzen dut. Ez zait edozein tontakeriatarako administrazio-baimenak eskatzen ibiltzea gustatzen… Nori eskatu ez badago Premia arduradunik. Zuzendaritzakoek, horrelako kontuekin ibiltzea baino zeregin urgenteagoak izaten dituzte. Bedela lanez gainezka eta kontu horiekin kokoteraino dagoeneko… Linuxekin hobeto konpontzen gara batzuk.
Baina gaur jarri diguten filtro berria dela eta, nik neuk ere enpresakoei deitu beharko nieke. Ea Odyssey hori Linuxerako ote dagoen galdetu beharko. Edo nola demontre kendu filtroa Odyssey.exe hori gabe edo horri esker edo auskalo. (Enpresakoek ez daukate harremanetarako telefonorik. E-posta mezua bidali behar zaie. Gaztelaniaz. Ikastetxeko idazkariak egin behar, ez diote edozein irakasle moxolori arreta egingo).
Enpresakoek argi adierazi izan dute beti, haiek ez dutela Linux duen ordenagailuan laguntzarik emango… Eskola 2.0-ko eramangarriekin bai, baina Bigarren Hezkuntzan dauden gailuetan ez. Norbaitek Linux instalatu nahi badu, bere kontu.
Orain arte nahiko ondo moldatu izan naiz 2001. urteko ordenagailuetan Ubuntu bertsio zaharrak erabiliz, Karmic-eta. Azken bertsioek agian memoria RAM gehiegi behar baina bertsio unattended zaharrekin ondo.
Baina gaurko filtro berri horrekin denbora gehiago galaraziko didate, hori ziur.
P.S. Windows XP daukaten ordenagailu guztietan Oddyssey delako pakete berria instalatu eta gero, gure institutuan oraindik ere iragazi madarikatu hori hortxe.
PS. bis. Bihar erreklamazio orri dozena pare bat eskatuko dut Hezkuntza Ordezkaritzan aurten izan ditudan informatika problemak labur biltzeko eta Premia zaharraren bertsio berri eta hobetua eskatzeko. Ez bihar berandu da. Oraintxe bertan noa!
(1) Bide batez, Panda instalatuta ere, Windows-eko Firewallak, suhesiak, birus eta troiarrak dauzkagula adierazten digu maiz! Eta askotan ordenagailuak saneatu behar. Formateatu eta Windows XP berria berriro.
Arazo horrekin aspaldian topo egin nuen, linux erabiltzen baitut. Bira asko eman ondoren, eta nire onetik ia aterata nengoenean, konturatu nintzen orri horretara jo behar nuela (jarri duzun bigarren irudira), eta bertan idatzi behar nituela erabiltzailearen izena eta pasahitza. Gero, “laster markak” menuko helbide bat hartu nuen, eta eskatzen zuenean orri seguru horretatik atera nahi ote nuen, edo horrelako zerbait, “Ados” aukeratu nuen, eta horrela sartu nintzen interneten. Geroztik horrela egiten dut.
Bai, Juan, nik ere neure kabuz ikasi behar izan dut irazki horretatik aurrera egiten, zuk diozuk legez. Baina kontua da orain lehen baino denbora gehiago galtzen dudala. Irazkia behin eta berriro ateratzen da. Mezu honi erantzuteko, esate baterako. (Hiruzpalau aldiz atera zait dagoeneko). Job santuaz gogoratzen hasia naiz dagoeneko.
Posta-e bat bidali nahi, eta ezin, irazkia, mezu bat, post bat, iruzkin bat argitaratu nahi eta ezin. Irazkia.
Ez dakit zer egin. Nire kexak paper batean idatzi, papera botila batean sartu ondo estali eta itsasora edo SALEkoei idatzi…
SALEkoei idazten saiatu naiz eta JUNIPER NETWORKS…
Kokoteraino 🙁