Ikusentzunezko bidaia gidak: Berlin

Imagen-1

Transistoria ekoiztetxean ekimen berri bat jarri dugu martxan. Tokitan.tv egitasmotik abiatuta, bidaia bideoen formatua birpentsatu eta Travel Guide Videos web telebista sortu dugu, ikusentzunezko bidaia gidak ekoizteko proiektua. Formatu berritzaileak ez ezik, ikusentzunezkoen ekoizpenerako finantzaketa bide berriak aztertzea du helburu, partehartzeari arreta berezia jarrita. Lehenengo froga burutzeko geltokia Berlin izan da. Hona hemen emaitza.

 

Zenbait urte igaro dira Tokitan.tv bidaia web telebista sortu genuenetik. Azkenaldian, ordea, bidaia bideoen formatua birpentsatu eta moldatzeko beharra ikusi dugu. Horregatik abiatu dugu egitasmo berri hau, orain arte bizitako esperientzian oinarrituta.

Travelguidevideos.tv egitasmoak bidaia bideoak ekoiztea du helburu. Horretarako, formatu bateratu eta unibertsala sortu dugu, helmuga ezberdinetan bisita ditzakegun tokien inguruko proposamenak modu erraz eta freskoan komunikatuz, ikusentzunezko lengoaiaren bitartez. Jatetxeak, museoak, ekitaldiak, merkatuak, kaleak, tabernak, jakiak, kultur ekimenak…

Formatu berriak ez ezik, finantzaketa bide berriak aztertzea ere du helburu egitasmo honek. Komunikazioaren eta ikusentzunezkoen esparruak azken urteotan bizi izan dituen aldaketak aintzat hartuta, egitasmoa bizirik mantentzeko formula ezberdinak aurrikusi dira. Guztia dago webgunean azalduta, ingelesez.

Partehartzea da ikusentzunezko bidaia gida hauen beste zutabeetako bat. Izan ere, bidaia gida berriak argitaratu ahala hurrengo kapituluak iragarriko ditugu. Ikusle edo erabiltzaileek iragarritako helmugan bizi daitezkeen esperientziak eta bisitatu daitezkeen tokiak proposatu ahal izango dituzte. Horien artean interesgarrienak aukeratu eta kapitulu berrietan txertatuko ditugu. Praga da, hain zuzen ere, geure ikusentzunezko bidaia bideoen hurrengo helmuga. Hiria ezagutzen baduzue, webgunean dagoeneko zuen iradokizunak argitaratu ditzakezue, nahi izanez gero.

Egitasmoan, esan bezala, Transistoria transmedia ekoiztetxeak sortutako beste proiektu batzuk parte hartu dute. Bidaien inguruan Tokitan.tv izan dugu erreferente eta aholkulari nagusi, eta gastronomiari dagokionean Debocados, jakien bidezko bidaia gida digitala.

Kazetaria