Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren bigarren edizioak espazio publikoa eraldatuko du

Hitzetatik Ekintzetara –

  • Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek sustatzen duten ekimenak kaleak konkistatuko ditu hiri eta komunitate inklusibo, seguru eta jasangarrien hausnarketa mahai gainean jartzeko.
  • Lurraldeko 20 eragilek lanean dihardute “KLIK PROGRAMA” sortzeko. Apirilaren amaieran aurkeztuko da, eta gure inguruan inpaktu positiboa eragiteko proposamen desberdin eta erakargarriak jasoko ditu.
  • Proiektuaren eta ekintzen inguruko informazioa jasotzeko inskripzio aukera zabalik da Hitzetatik Ekintzetara webgunea

Hitzetatik Ekintzetara

Donostia, 2024ko martxoaren 21a. Gipuzkoako kaleak gizartea inplikatzeko gune bilakatuko dira maiatza eta ekaina bitartean. Iazko arrakastaren ondoren, Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren bigarren edizioa martxan da. Proiektu berritzaile honek gizartea 2030 Agendara hurbildu nahi du, bertan planteatzen diren erronketan herritarrak inplikatzeko modu desberdinak bilatuz.

Ekimenak jarrera aldaketa bat sustatzea du helburu, hitzetatik ekintzetara pasatzeko klik-a eragitea. Estatistiken arabera, herritarren %50ak gizarteko erronka desberdinetan inplikatzeko prest dagoela dio, baina laguntzeko denbora, modua edota testuinguru egokia topatzea zaila zaiela.

Hitzetatik Ekintzetara egitasmoari esker, kausa desberdinetan ekarpena egitea erraza, erakargarria eta dibertigarria da. Hirugarren sektore eko-sozialeko eragileekin lankidetzan, ekintza-programa zabala ostatuko da, KLIK Programa, eta helburuarekin inplikatzeko askotariko proposamenetan parte hartzeko aukera izango da.

Erronka: hiri eta komunitate jasangarriak

Hitzetatik Ekintzeta egitasmoaren edizio bakoitza Garapen Jasangarrirako Helburu zehatz bati lotuta dago. Bigarren edizioa, hain zuzen, 11. helburuan kokatuko da, Hiri eta Komunitate Jasangarrietan, hausnarketa hau partekatzeko: nola sustatu hiri inklusibo, seguru, erresiliente eta jasangarriak?

Kutxa Fundazioko eta Arantzazulab-eko arduradunek diotenez, “guztiok partekatzen dugun espazioak komunitatea indartzeko duen boterean sinesten dugu”. Komunitatearen parte sentitzeak, garrantzitsua den zerbaiten parte sentitzen laguntzen du; aldiz, harreman-sare baten faltak kontrako efektua eragiten du: indibidualismo sakonera garamatza eta zaurgarritasuna eta gizarte-bazterketa areagotzen ditu. Aurtengo edizioaren erronka argia da, beraz: gune integratzaile, erresiliente, inklusibo eta jasangarriak sustatuko dituzten ekimenak proposatu eta aurrera eramatea.

Uneotan 20 eragile baino gehiago ari dira lanean KLIK Programa osatzeko proposamen desberdin eta erakargarriak sortzen. Ekintzak maiatzean eta ekainean egingo dira, lurralde osoan.

Hauek dira aurtengo edizioan parte hartzen ari diren eragileak: AHIKU Arkitektura, Artaziak, Ashoka Fundazioa, Debegesa, UPV/EHU Arkitektura ikasleak eta CAVIAR Ikerketa taldea, Eibar Oinarrizko Lanbide Heziketa Udal Institutua, Elkartu, Emaús Fundazioa, Etiopia utopia, Gautena, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa (GKEF), Helduak adi, Irati Santxez (Ekoliderra), Rosa Atorrasagasti (LEINN ikaslea), Matia Institutoa, Matiazaleak, Osoigo, Pausoka, Real Sociedad Fundazioa, Sorginlore, The languages of Energy, UN etxea eta Unicef.

Klik Programa: aurrerapena

Programa osoa apirilean aurkeztuko bada ere, Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek eskuartean dituzten proposamenen inguruko pistak aurreratu dituzte. Adin desberdinetako pertsonak elkartuko dituen belaunaldi arteko bazkari herrikoi bat, hondakinekin egindako artelan kolaboratiboa, hirigintza-taktikoan oinarritutako interbentzioak, haurren ikuspegitik sortutako antzezlana edota helduek sentitzen duten bakardadeari aurre egiteko kaleko bankuen erabilera sustatzen duen ekintza bat jasoko ditu programak, besteak beste.

Kutxa Fundazioko Hitzetatik Ekintzetara webgunean izena emateko aukera eskura dago, programa aurkezten denean, zuzenean jasotzeko.

Proposamen hauekin ez duzu aitzakiarik izango udaberrian kalera irten eta zure ekarpena egiteko. Ongi pasa eta gozatzeaz gain, primeran sentituko zara.

Bat egin, egin klik!

Hitzetatik Ekintzetara  Hitzetatik Ekintzetara

Gizarte Berrikuntza Laborategia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude