Hainbat plataformatatik zuzenean
Hainbat plataformatatik zuzenean –
Bai Facebookek eta baita Instagramek ere, zuzeneko bideoak egiteko aukera eskaintzen dute, jendeari unean bertan egiten ari zarena erakustea ahalbidetuz. Badirudi streamingak eta hau erabiltzeko moduak ez dutela mugarik…
…
Unean uneko informazio eta edukiak argitaratzea modan dagoen honetan, jendea ez da konformatzen bere zuzeneko bideoak plataforma batean bakarrik edukitzearekin. Horri aurre egiteko zenbait programa sortu dira, zuzeneko emankizunak momentu berean YouTuben eta Facebooken izateko, adibidez.
Horietako bat Restream da, gaming eta bideo jokoekin oso lotuta dagoena. Doakoa da eta behin deskargatuta, 15 plataforma ezberdinetan igorri dezake erabiltzaileak. Hori bai, zenbait plataformatan zuzeneko emisioak egin nahi badira, premium bertsioa behar da. Ordainpeko modu hau beharko da Facebooken horrelako bideoak jarri ahal izateko.
Restream oso erabilterraza da. Programa zabaldu eta kanalak gehitzen joan behar da, zuzenean emititzeko erabili nahi dituzun plataformen aukeraketa eginez.
Erabilgarri dauden plataformen artean Twitch dago. Oso erabilia izaten da, gamerren artean batez ere. Facebookekin batera erabilienetakoa da.
Imaginatu YouTube eta Facebook aukeratzen ditugula zuzeneko bideo bat egiteko. Lehenik eta behin, bietan hasi beharko ginateke zuzeneko emisioa egiteko eman behar diren pausoekin. “Kodeak eskuratu” azalduko zaigu une batean. Orduan, kode horiek hartu eta Restreamen sartuko ditugu, emisioa programa honetatik egin dadin eta ez dezan egin sare sozial bakoitzak bere kabuz.
Beste aukera bat Open Broadcaster Software (OBS) erabiltzea da. Hau ere doakoa da, erabiltzeko erraza eta Restreamek ematen dituen aukera berdinak eskaintzen ditu.
Zuzeneko bideoak egiten direnean, txat bat egoten da erabilgarri, ikusleen iritziak jaso eta partekatzen direlarik. Baina plataforma batean baino gehiagotan ari bazara emisioa egiten, irakurri ahalko duzu txata?
Bai, erabiltzaileak zein plataformatako iruzkinak irakurri nahi dituen aukeratu ahal izango du, Rastreamek duen “txat” atalean.