Hau bai nazka

Hau bai nazka

Historia-aurrean, hilekoa, jainko edo espiritu maltzurren batek animalia basatiak erakartzeko bidalitako madarikazio bat zela uste zen. K.a. VIII. mendean, emakume batek hilekoa zuenean, lizuntzat hartu eta haren hilekoa bukatu arte giltzaperatu egiten zuten. XVII. mendean, hilekoa zuen emakume baten ilea lurrean sartu ezkero, ile hori suge bihurtuko zela pentsatzen zen. Eta urrutiegi joan gabe XX. mendean, Europan, emakumeek hilekoa zuten garaian dutxa edo bainu bat hartzen bazuten, guztiz zoratu egingo zirela esaten zen (emakume batzuk 8 egun egon daitezke odola isurtzen, jakin dezazuen) XXI. mendean, aurreko mendeetako ezjakintasunarekiko aurrerapen handiak egin diren arren( jaungoikoari esker) oraindik ere, hilekoa izatea estigma bat da munduko emakume askoren bizitzatan.

Esan beharra dago, baina, aurrerapen horiek herrialde aurreratuetan izan direla soilik. Iranen, esaterako, emakumeen %48k uste dute hilekoa gaixotasuna dela. Nepalen Chhaupaudi izeneko tradizioari men eginez, hilekoa duten emakumeak beren bizilekuetatik baztertzen dituzte, ukuilu eta txabolatan itxialdiak egin ditzaten. Han haien hilekoa bukatu arte, urik, janaririk eta ia oxigenorik gabe egoten dira. Garatu gabeko herrialde askotan emakume izateak, hilero aste bat infernuan igarotzearen sinonimo da.

Hau bai nazkaOdola. Obulua ernaltzen ez den aldiro, emakumeak isurtzen duen odola besterik ez da hilekoa. Hain sinplea den prozesu fisiologiko honek baina, hain aurreraturik dauden mendebaldeko lurralde hauetan, oraindik ere hainbat pertsonen eztarritan korapilo bat eratzea lortzen du. Batzuk deseroso sentiarazten ditu, urduritu, haien aurpegiak nazka imintzioz betez.

Horregatik, hilekoa merkantilizatu ahal izan dutenetik, tanpoi eta konpresa iragarkietan odol gorriaren ordezkari, halako likido urdin bat jartzen dute, jadanik ba dagoen estigma handituz. Zelako sorpresa eraman behar izango duten lehenengo aldiz hilekoa duten neskatoek, iragarki horiek ikusi ondoren, haien gorputzak isuri duen likidoa platerak garbitzeko xaboiaren inolako antzarik ez duela erreparatzean..!

Herrialde ez garatuetan dagoen informazio faltak eta beste herrialdetako normaltasun faltak, tanpoien zein konpresen prezioa zoro baten eskuetan uztea ekarri duela dirudi. Gaur egun, Espainian eta beraz Euskal herrian bertan, tanpoi kaxa batek caviarrak duen BEZA berdina du; %10koa hain zuzen ere. Alemanian %19koa, Txinan %17koa eta Indian %12koa. Badaude herrialde batzuk, zifra ikaragarri hauei erreparatu ondoren zerbait egitea erabaki dutenak; adibidez: Kolonbia (%5), Ingalaterra(%5), Frantzia(%5,5) edo Irlanda, non jada ez den zergarik existitzen.

Estatu Batuetan, non ezarritako zerga %9,75ekoa den, kalean bizi ziren emakume batzuei inkesta bat egin zitzaien hilekoaren inguruan. Galderetako bat honako hau zen: “Zer egiten duzu hilekoa duzunean?” Erantzunak ugariak izan ziren eta bata bestea baino ikaragarriagoa. Batek zera erantzun zuen: “Tanpoi pakete merkeenak 7 dolar balio du, hori hiru egunetan lortzen dudan dirua baino gehiago da, eta jan beharra dut”. Beste batek zera esan zuen: “Nahiago dut beste edozein emakume bezala garbi sentitu sabela betetzea baino”. Emakume hauek tanpoi eta konpresen faltan, plastikozko poltsak, arropa zaharren zatiak, galtzerdiak eta abar erabiltzen dituzte, haien osasuna arriskuan jarriz.

Badirudi emakumeen aukera dela hilekoa izatea edo ez izatea, eta emakumeentzako higiene produktuak luxu hutsa direla nahitaezko premia bat baino. Hitz egin dezagun guztiok honi buruz, salatu dezagun. Eman diezaiegun munduko emakume guztiei merezi duten duintasuna.

Hau bai nazka
Nerea Ibarzabal “Usaina sumatu eta urduri jarri zara” Amurrio 2017-11-19
Hau bai nazka Hau bai nazka Hau bai nazka Hau bai nazka

2 pentsamendu “Hau bai nazka”-ri buruz