Musika Bulegoa Sariak 2017, Ramon Lazkano, Elena Setien, Juan Ortiz eta Ruper Ordorika

Musika Bulegoa Sariak 2017 –

Musika Bulegoa Sarien bigarren edizio honetan Ramon Lazkanoren, Juan Ortizen, Elena Setiénen, Ruper Ordorikaren musikalanak eta Zuhainpeko Soinuak- ahozko transmisioa- ikuskizuna saritu ditu lehiaketak. E.H.M.B.E sari berezia “Jazzargia” elkartearentzat izan da eta Etxepare Euskal Institutua Musika Saria Berri Txarrak taldearentzat.

Musika Bulegoa Sariak 2017

Ramon Lazkanoren (Festival d´Automne à Paris-Portrait) zuzeneko lanak, Zuhainpeko Soinua -Ahozko transmisioa- ikuskizunak eta Elena Setién (Dreaming of Earthly Things), Juan Ortiz (Winter Tales) eta Ruper Ordorikaren (Guria Ostatuan) azken lanek jasoko dituzte MUSIKA BULEGOA SARIAK.

E.H.M.B.E sari berezia Jazzargia elkarteari eman zaio “Jazz uhinak hirian barrena” proiektuagatik eta ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA MUSIKA SARIA 2017 Berri Txarrak taldearentzat izango da.

EUSKAL HERRIKO MUSIKA BULEGO ELKARTEAK (E.H.M.B.E) gaur eman ditu ezagutzera, Miren Arzalluz Etxepareko Zuzendariak, Elena Setiének musikari sarituak, eta Myriam Miranda E.H.M.B.E-ko presidenteak eskeini duten prentsaurrekoan, sarien bigarren edizio honetan aurkeztu diren 67 proposamenen artean nabarmendu diren musikari, sortzaile eta interpreteen izenak. Sari banaketa azaroaren 29an arratsaldeko 19:00tan Donostiako Musikenen izango dela aurreratu dute.

Etxepare Euskal Institutua Musika Saria 2017

Aurten lehenengo aldiz Musika Bulegoak eta Etxepare Euskal Institutuak, Musika Bulegoa Sarietarako ere indarrak batu dituzte, Euskal Herriko musikaren hedapenerako bi erakundeen arteko elkarlanean pausu bat haratago emanez.

“Sariketaren helburuak, bi erakundeen xedearekin bat datozenez Euskal Herriko musikaren kalitatea aitortzearen erronka honi ordezkagarritasun zabalagoa emango diogulakoan gaude” esan dute gaurko prentsaurrekoan.

Etxepare Musika Sariak azken 3 urtetan euskal musikaren nazioarteko zabalkundean nabarmendu den Euskal Herriko sortzaile, interprete -bakarlari zein taldeak- edo musikagile baten lana aitortzeko xedea du. Saritutako lanaren izaerari dagokionez, guztiz edo nagusiki euskaraz garatua izan diren lanak aitzat hartuak izan dira: baita hizkuntzarik gabeko lanak era baloratu dira eta musika estilo korronte anitzeko proiektuak aztertu dira.

Berariaz eratutako epaimahai independiente batek aztertu eta aukeratu ditu aipaturiko musikarien eta artisten lanak, 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31 bitartean kaleratutako musikalanen artean. Hainbat musikarik eta E.H.M.B.E-ko bazkideek parte hartu duten barne-prozesu batean proposatuak izan dira saritutako lan horiek. Etxepare Euskal Instituta Musika Saria baloratzeko Etxepare beratako ordezkari bat gehitu zaio epaimahaiari.

Honako hauek izan dira epaimahaikideak: Jon Bagüés, Eresbil musikaren euskal artxiboko zuzendaria; Aintzane Cámara, EHUko Musika Didaktikako irakaslea; Edurne Ormazabal, EITB-ko arlo komertzialeko zuzendaria; Yahvé M. De la Cavada, musika kritikaria; Ixiar Uria, musikagintzan jakitua; Kistiñe Solano, trikitilari eta musika irakaslea; Suso Saiz, musikari eta ekoizlea eta José Miguel López, Radio 3eko Discópolis saioko zuzendaria.

Epaimahaiak lana sortu, interpretatu eta ekoizteko jardunari (ikerketa, interpretatzeko teknika, lana konposatzeko teknika, grabazioa eta abar) erreparatu dio nagusiki eta baita, jakina, azken emaitzari ere. Horretarako, hainbat balorazio-erreferentzia erabili ditu: berrikuntza, originaltasuna, indarra, potentzialtasuna, sotiltasuna, sentsibilitatea, esperimentazioa, sonoritatea, estilo-estetikak eta artworka, besteak beste.

“Ez da lan erreza izan, aurkeztu diren proposamen guztien kalitatea haundia izan da eta” azaldu dute. Myriam Mirandak epaimahaiak aitortu dituen lanak “Euskal Herriko musika esparruan dagoen kalitatearen erakusle bikainak direla” esan du.

Honako hauek izan dira Musika Bulegoa Sarien bigarren edizioko lan sarituak:
• Ramon Lazkano (Festival d´Automne à Paris-Portrait) zuzeneko lanagatik
• Juan Ortiz “Winter Tales” diskoagatik
• Elena Setién “ Dreaming of Earthly Things” diskoagatik
• Ruper Ordorika “Guria Ostatuan “ diskoagatik
• Zuhainpeko Soinuak. Ahozko transmisioa, ikuskizuna
• Berri Txarrak. Etxepare Musika Saria
• Jazzargia Kultur eta Musika Elkartea E.H.M.B.E sari berezia

Musika Bulegoa Sariak 2017

MUSIKARI - Euskal Herriko Musikariak,musikarien zerbitzura dagoen, irabazi-asmorik gabeko elkartea da. MUSIKARI 2013. urtean berpiztu zen Euskal Herriko musikarien gaur egungo egoera isladatzeko eta hausnarketarako topaleku bat izateko asmoz. Eztabaidarako abagunea, esperientzien berri emateko topagunea eta gizartearen aurrean lanbide honen gorabeheren bozgoragailu lanak egitea ditu helburutzat, besteak beste.