Gehiago, gutxiagorekin

Gehiago, gutxiagorekin –

Beth Shapirok bere azken liburuan azaltzen duenez, Holozenoaren hasieran, Beringian, Amerikako ipar-mendebaldeko eta Asiako ipar-ekialdeko muturrak hartzen dituen lurraldean, gaur egungo tundra ekosistemak aurreko estepa-tundra ordezkatu zuen, eta lehengoa emankorragoa zen. Hain zuzen ere, lehen zeuden belarjale handiek tokiko mantenugaiak birziklatu eta haziak barreiatu zituzten, eta lurra irauli zuten, baina desagertu egin ziren, nagusiki, gizakiek ehizatu zituztelako.

Gizakien esku hartzeak, ugaztun handien populazioak ehizaren ondorioz zuzenean murrizteaz gain, zeharka ere txikiagotu zituen, tundrako emankortasunean zuten eragin mesedegarria gutxitu zutelako eta, hala, elikatzeko behar zituzten landareak murriztu zirelako.

Ideia hori apur bat paradoxikoa da. Izan ere, animalia gutxiago daudenean animaliok janari gutxiago dutela esan dut eta, begiratu soil batean, kontraesankorra iruditu daiteke. Baina ez da hala. Ekosistema oso emankorretan, landare biomasa asko sortzen da, baina, tokiko landarejaleek biomasa hori oso azkar jaten badute, normalena asko ez egotea da. Hala, gehiago lortzen da (emankortasuna), (biomasa) gutxiagorekin.

Gehiago, gutxiagorekin
Scarabaeus sacer (kakalardo pilotagile sakratua) espezieak jainko estatusa zuen antzinako Egipton. (Iturria: Wikimedia Commons)

Belarjaleek, materia hila deskonposatzen duten organismoek eta aurreko horiek jaten dituztenek betetzen duten funtzioa da gakoa. Horiek, elikagaia asimilatu ondoren, hondakinak kanporatzen dituzte, eta horietan daude landareen hazkuntzaren oinarri diren substantzia mineralak. Zenbat eta mantenugai mineral gehiago birziklatu denbora unitate bakoitzeko, orduan eta gehiago egongo dira landareek berrerabiltzeko, denbora unitate bakoitzean. Nitrogenoz eta fosforoz osatutako substantziez ari naiz, besteak beste, bai eta burdinaz eta antzeko mineralez ere; hain zuzen, halako mineralak erabiltzen dituzte landareek ehun berriak egiteko.

Molusku bibalbioez ari bagara, Arousako itsasadarra da ezagutzen dudan tokirik emankorrena. Beste itsasadar batzuetan bezalaxe, han hazten direnak eta mareen arteko eremuko sedimentuzko eta hareazko zabaldegietan bizi direnak oso azkar hazten dira. Horiek horrela, Arousako itsasadarreko uretan, mikroalgen kontzentrazio txikiagoa egoten da molusku horiek hazten dituzten beste estuario batzuen aldean.

Antzeko zerbait gertatzen da baleekin (zetazeo mistizetoak). Animalion elikagairik garrantzitsuena krilla da, oskoldun txiki bat. Zetazeoen populazioak sarraskitu eta ia desagerrarazi aurretik, Antartikoko urak orain baino askoz ere emankorragoak ziren. Balea bizardunek sekulako krill kantitateak jaten zituzten. Horrek, mantenugaien zikloa bizkortzen zuen –burdinarena, bereziki– eta aukera ematen zuen fitoplankton mikroalgak oso emankorrak izateko, baita krilla ere, ondorioz. Orain, itsaso horiek ez dira hain emankorrak, geratzen diren balea urriek ezin baitute hainbeste burdin birziklatu.

Australian, Afrikako kakalardo pilotagileak inportatu behar izan zituzten, abereen gorotzak jan eta horietan zeuden mantenugaiak askatzen lagun zezaten, larreen emankortasuna berrezartze aldera. Dirudienez, Australiako kakalardoei ez zitzaizkien kanpoko landarejaleen gorotzak gustatzen, kanguruenak soilik nahi zituzten; hori dela eta, larreetako emankortasuna nabarmen gutxitu zen.

Naturak bere arauak ditu eta gizakiok, naturaren parte izan arren, sarritan esku hartzen dugu haren kontuetan, gure esku hartzeak izan ditzakeen azken ondorioak kalkulatu gabe. Batzuetan, garaiz gabiltza egindako gehiegikeriak konpontzeko. Batzuetan bakarrik.

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.