Euskarabildua jardunaldiak

Euskarabildua jardunaldiak mundu jasangarrirako bidean teknologia burujabetzak egin ditzakeen ekarpenak hizpide –

Euskarabildua jardunaldiak mundu jasangarrirako bidean teknologia burujabetzak egin ditzakeen ekarpenak izango ditu hizpide

Urriaren 28an izango da Donostiako San Telmo Museoan. “Zenbat kutsatzen du like batek. Mundu osorako internet jasangarrirantz” da aurtengo edizioaren izenburua.

Euskarabildua jardunaldiakGarai oso berezia bizi dugu gaur egun, antropozenoaren aroa, gizakiak Lurrean daukan eraginaren aroa, alegia. Aro hau, gainera, gizadiak inoiz aurre egin behar izan dion erronkarik handienetakoak markatzen du: larrialdi klimatikoa.

Frutak plastikoz inguratuta ikusten ditugu supermerkatuetan eta asaldatu egiten gara -arrazoi osoz-. Ordea, sarean segunduro mugitzen ditugun milioika datuek duten eragin ekologikoa ez dugu ikusi ere egiten. XXI. mendeko teknologiak abiadura ezin azkarragoan ari dira garatzen, gure bizitzako eremu guztiak digitalizatzen ari gara jasangarriak ote diren kontuan hartu gabe.

Atzeraezineko aldaketa klimatiko eta muturreko desberdintasun sozialen garai honetan, azpiegitura teknologikoek duten eraginaz hausnartu nahi dugu aurtengo Euskarabilduan. Munduaren amaiera distopikoetatik harago, etorkizun posible desiragarriak aztertzen saiatuko gara: Hodeiaren azpian ezkutatzen den kontsumo neurrigabeaz eta horien arteko alternatibez. Horretarako, Euskal Herri kanpoko hiru hizlari izango dira aurtengo Euskarabilduan: Low-tech Magazine aldizkariaren egilea den Kris De Deckerrek emango du hasierako hitzaldia; Momentanea Guatemalako Ziberfeministen kolektiboko kide March-ek denboraren eta baliabideen inguruko hausnarketa eskainiko digu; eta Donestech kolektiboko Spideralex-ek teknologia berrien eta erronka klimatikoaren erronkaren analisia eskainiko digu, besteak beste.

Horrekin batera, Solar Punk filosofiaren eta etorkizun posibleen inguruko hitzaldia jasoko dugu Beñat Irasuegiren eskutik. Etorkizun posible baikorren mapeoa eskainiko digu eta ildo horretatik jarraituz, jardunaldia ixteko, jada martxan dauden zenbait proiektu ezagutzeko aukera izango dugu: Fair Phone, Onaro eta Reciclanet.

Publikoa eta segurtasun neurriak

Euskarabilduaren helburua teknologian interesa duen edonor biltzea da, ez perfil teknikoa edo espezializatua dutenak bakarrik. Teknologiak hainbat modutan lagun diezaiokeen edozein pertsonarengana, elkarteengana, administrazioengana edo enpresengana heltzea da gure lehentasuna.

Euskarabilduak perfil oso desberdinetako jendea elkartzeko gaitasuna duela erakutsi digu azken urteotan. Jardunaldietan, instituzio publikoetako arduradunak, hezkuntzaren esparruko arlo desberdinetan lan egiten duen jendea, enpresa mundutik datozenak edo gaiak erakarritako norbanakoak bildu izan ditu.

Aurtengo jardunaldia aurrez aurrekoa izango da, baina segurtasun neurriak bermatzeko edukiera mugatua izango du. 50 entzulerentzat soilik egongo da lekua eta beharrezko segurtasun neurri guztiak errespetatuko dira. Horregatik, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.

Informazio gehiago

  • Euskarabildua webgunea hemen
  • Hizlariei buruzko informazio gehigarria hemen

Euskarabildua 2021 teknologia burujabetzak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.