Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak

Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak –

Depresioa gaixotasun mental ohikoa da, tristura handia, energiarik eza, gauzen ikuspegi negatiboa eta lo egiteko, kontzentratzeko edo elikatzeko zailtasunak eragiten dituena eta ondorioz familia-bizitza zein lan-bizitza larriki kaltetu ditzakeena. Azken urteotan, gaixotasun honen gorakada handia dela eta, osasun publikoko arazo handienetako bat bilakatu da, ez bakarrik gizakien bizi-kalitatean duen eraginagatik, baita tratamendu antidepresiboaren erantzun partzial edo ezagatik.

Gaur egungo terapia antidepresiboek dituzten zailtasunei aurre egiteko, gaixotasunaren diagnostikoan goiztiarrak diren eta erantzunean eraginkorrak eta azkarragoak diren terapia berriak ikertzera eraman ditu osasun arloko ikertzaileak.

Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak
Irudia: Depresioa tratatzeko eredu mailakatua. «Guía de Práctica Clínica sobre el Manejo de la Depresión en el Adulto» argitalpenetik eraldatua. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Ketamina anestesiko bezala erabili ohi den farmako bat da eta bere efektu antidepresibo azkar eta eraginkorra azken hamarkadako aurkikuntza garrantzitsuenetarikoen artean kokatu da psikiatria arloan. Naiz eta gizakietan anestesiko bezala administratzeko baimenduta egon, entsegu kliniko ugarik frogatu dute zain barnetik ematen diren ketaminaren dosi baxuek eragin antidepresibo azkar eta iraunkorrak dituztela.

Gainera, orain arteko entseguetan zain barneko ketaminaren administrazioa gailendu den arren, sudur bideko administrazioa aukera erabilgarri eta segurutzat jo da. Hori dela eta, Ameriketako eta Europako Medikamentuen Agentziek sudur bidetik administratzen den Spravato (esketaminaz osatutako farmakoa) izeneko medikamentuaren merkaturatzea baimendu dute depresio erresistentea tratatzeko.

Aipatu beharra dago, sortu ditzakeen eragin kaltegarriak direla medio, zefalea eta disoziazioa adibidez, medikamendu honen administrazioa osasun zentroan bertan egin behar dela mediku baten gainbegiradapean. Dena den, esketamina ketamina baino medikamendu seguruago bat dela proposatu da. Hala ere, azpimarragarria da, esketaminaren epe luzeko ondorio kaltegarrien arriskua ez dela ebaluatu, hala nola mendekotasuna eta asaldura kognitiboak. Horregatik, farmako honen administrazio errepikatuek epe luzera eragingo lituzketen ondorio desiragaitzak aztertzea beharrezkoa litzateke. Ondorioz, uka ezina da, epe luzerako entsegu klinikoak egitez gain, merkaturatze ondorengo azterketak ere nahitaezkoak direla ketamina eta esketaminaren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko.

Bestalde, gaixotasun konplexu honetan botika bat baino gehiago erabiltzen direnez, kontutan hartu behar da ketaminak beste botika hauekin izan ditzakeen elkarrekintza farmakologikoak, eragin antidepresiboa murriztu edo baldintza dezaketela. Egin diren entsegu klinikoetan aldakortasun metodologiko handia egon da, izan ere, hauetariko batzuetan oinarrizko tratamendua (depresioa tratatzeko erabiltzen diren beste farmakoak) mantendu den bitartean, beste batzuetan baztertu egin da. Horrela, aldakortasun farmakologiko honek ketaminak depresioaren aurkako tratamenduan duen eraginkortasunean eragin dezake.

Amaitzeko, esketaminaren kostu ekonomikoa eta sendagaiaren eskuragarritasunak beste eztabaida bat sortu du. Alde batetik, esketaminaten urteko kostuak ketaminaren kostuak baino hamar aldiz handiagoak dira eta beste alde batetik, sudur bidetik emateko aukerak abantaila handia sorrarazi bazuen ere, ondorio kaltegarriak direla eta, botika hau osasun zentroan bertan eman behar denez ez dirudi oso erosoa denik. Dena den, bistakoa da aurrekari baliotsu bat dugula eskuartean hobeto onartzen diren eta ondorio kaltegarri gutxiago dituzten sendagaiak aztertu ahal izateko.

.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 40
  • Artikuluaren izena: Ketamina eta esketaminaren erabilera depresio erresistentea tratatzeko: etorkizunerako erronkak.
  • Laburpena: Nahasmendu depresiboak osasun publikoko arazo handienetako bat bilakatu dira azken urteotan, ez bakarrik bizi-kalitatean duten eraginagatik, baita tratamendu antidepresiboaren erantzun partzial edo erantzun ezagatik ere. Hori dela eta, (R,S)-ketaminaren (ketamina) efektu antidepresibo azkarra eta eraginkorra azken hamarkadetako aurkikuntza garrantzitsuenen artean dago psikiatria arloan. Orain arteko entseguetan ketaminaren zain barneko bidea gailendu den arren sudur bideko administrazioa aukera erabilgarri eta segurutzat jo da. Hori dela eta, FDAk (Food and Drug Administration) eta EMAk (European Medicines Agency) S-ketamina (esketamina) baimendu dute Spravato izen komertzialarekin merkaturatutako sudur-lainoztagailurako soluzio bezala, depresio erresistentea tratatzeko, farmako horren merkaturatze-baimena sostengatzen duten entsegu klinikoak epe luzekoak ez diren arren. Horregatik, epe luzeko segurtasun-profila ikertzea premiazkoa da, eta, testuinguru berean, baita administrazio-protokolo errepikatuen egokitasuna ere. Izan ere, ketaminak farmako antidepresibo batzuekin eta bentzodiazepinekin izan ditzakeen elkarrekintzak ebaluatzea gomendatzen da, tratamenduaren eragin antidepresiboa baldintza dezaketelako. Ildo horretan, orain arte egindako entseguen diseinuaren aldakortasuna kontuan hartzeko ezaugarria litzatekeela proposatu da. Entsegu batzuetan tratamendu antidepresibo gehigarria baztertzen da, eta beste batzuetan, berriz, mantendu egiten da; aldakortasun metodologiko horrek tratamendu antidepresiboaren eraginkortasuna alda dezake. Ondorioz, uka ezina da epe luzerako entsegu klinikoak egiteaz gain merkaturatze ondorengo farmakozaintza-azterlanak ere nahitaezkoak direla ketaminaren eta esketaminaren segurtasuna eta eraginkortasuna epe luzera bermatzeko.
  • Egileak: Ane Elexpe, Cristina Bruzos-Cidón, Marta Cabrera, Gabriel Barreda, María Torrecilla
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 33-50
  • DOI: 10.1387/ekaia.21862

Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak”-ri buruz

  • Ahal da Zuzeun publizitate profesionala egin ikerketa artikuloak promozionatzeko? Bestetik, “depresioaren” aurkako sendagai bakarra espabilatzea da. Inguruan orain denek omen dute “depresioa”, covida baino kasu gehiago, eta inguru sozialak are gehiago elikatzen die biktimismoa.

  • Batik bi idatzi duzuna zaborra da, nabaria da inguruan ez duzula horrelako kasurik bizi. Esandakoa, birpentsa ezazu.

  • josu nabera 2022-03-20 19:53

    Batik Bi anonimoak erraiten duena egia dok: giza harremanak-eta gainerako botibazioak bultzatzea dok onena….
    baina horretarako GOGOA PIZTEA duk problema. Hori lortzerik balego!

  • josu naberan 2022-03-20 22:33

    Sarabardoak mahaigaineratu duen gai hau ezin garrantzitsuagoa duk.

    Galdera airean geratu dok: “posible al da deprimituetan edozein harremanerako edo proiektu baterako MOTIBAZIOA BULTZATZEA?”

    zEREN nik ongi asko zekiat zer den depresioa: INFERNUA, norberarentzat eta aldamenekoentzat. Zazpi urte luze pairatu nian: ezertxok ere etzuen funtzionatu: ez botikek, ez psikologoek, ez talde-terapiak, ez ezerk.

    Batipat, botikek albo-ondorio larriak eragin zitean, eta hainbat urte behar izan nian desintoxikatzeko.
    “setamina” botika barri horrek ere ez dik funtzionatuko, nik uste,

    zeren barne-barnean zegok KORAPILOA.

    Korapilo hori sasoiz askatzea dok kontua: mozkor eder bat?
    Juerga madre bat?

    Barne-korapilo pozointsu hori eztanda-eraztea eta “gonbitatzea” duk auzia. Ahalik lehenen.

    Nik uste oso garrantzizkoa datekeela depresioaren ZERGATIA jakitea zehazki. Horretarako Psikoanalisia?

    Baina “SASOIZ” askatzea dut premiazko. Kokoari barnean usteltzen utzi gabe.

    Bada, zazpi urte luze haien ondoren, ZERGATIK ETA ZELAN JAKIN GABE iratzartu ninduan bapatean. Ez diaguk gure buruaren funtzionamendua ezagutzen, arean ere.