Greba: hobekuntza erreminta, klase kontzientziaren sortzaile

Greba: hobekuntza erreminta, klase kontzientziaren sortzaile –

Greba gai estrategikoa da. Eta hala da, lan-merkatuari eta planteatu beharreko erronkei buruz egiten dugun diagnostiko estrategikoari erantzuten diolako. Etengabeko prekarizazio-prozesu batean dagoen lan-merkatua pairatzen dugu. Genero-arrakalak, arraza-arrakalak eta belaunaldi-arrakalak dituen lan-merkatua. Langile-klaseak etengabe eskubideak galtzen ditu eta, ondorioz, langile-klaseak berak sortzen duen aberastasunaren parte handi bat. Sindikalismoak egin dezakeen ekarpenik txarrena errealitate horren aurrean baretzaile lana egitea da, lantokietan eta gizarte osoan bizi den haserrearen moderatzaile bihurtzea. ELAk, lehen sindikatua izanik, uko egin dio rol moderatzaile horri, eta hori hala egiten du ordezkatzen duen jendearen bizi-baldintzak benetan hobetu nahi dituenaren pragmatismo absolututik.

Greba lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko tresna bat da, hori da bere funtzio nagusia. Banakako lan-baldintzen negoziazio baten aurrean, non langilea, bakarka, ahultasun-egoeran dagoen, greba da tresnarik eraginkorrena botere-harremanei aurre egiteko eta langileen bizi-baldintzetan hobekuntzak ahalbidetzeko. Begibistakoa da hau. Greba tresna bat da enpresetan boterea lortzeko, enpresek lan-baldintzak inposatzeko duten borondatea aldatzeko. Grebak funtzio bera betetzen du orokorra denean, eta botere politikoa baldintzatzen du konkistak eta eraldaketa sozialak lortzeko.

Greba aurreko hori guztia da, eta askoz gehiago. Diotenez, Rosa Luxemburgok esan zuen: “Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen”. Hori ere bada greba. Greba langile klasearen mugimendua da, bere klase-posizioaz eta jasaten duen esplotazioaz kontziente egiten duena, eta horretaz jabetuta oldartzera bultzatzen duena.

Grebak aldarrikapen zehatzetan gauzatzen du klase-sentimendua, eta pertsonak antolatzen ditu partekatzen duten zerbaiten inguruan: ekintzara eramaten dituen esplotazio-sentimenduaren bueltan hain zuzen. Langile batek, greba egiten duenean, helburu komun bat adostu du lankideekin, baita ezagutzen ez duen jendearekin ere. Justiziazkoak iruditzen zaizkien gaiak aldarrikatzen dituzte, hobekuntza horiek ukatzen dituzten enpresen aurrean. Hain sinplea eta, aldi berean, eraldatzeko gaitasun handikoa. Batzuetan, klase-kontzientzia bere kabuz iritsi arte itxaroten dugu, klasiko marxista handiak barneratuz gizarte osoa bere klase-posizioaz ohartuko balitz bezala. Greba (beste dinamika mobilizatzaile batzuk bezala) askoz ere erreminta eraginkorragoa da klase kontzientzia hori sortzeko, modu kolektibo eta masiboan deitzen den eremuan.

Horregatik, ELAn greba funtsezko elementua da, badakigulako grebarik gabeko langileen lan-baldintzetan ez dela benetako hobekuntzarik izango, eta beharrezkoa dugulako sindikatuko militantzia suspertu eta gauzak aldatzeko gogoa elikatzeko .

Beti horrela izan da eta oraindik ere gaurkotasun handia du. Petrolioaren krisiaren, Berlingo Harresiaren gainbeheraren eta gaur egun jasaten ari garen eraso neoliberalaren ondoren, sindikalismoak kontzertazioaren eta konfrontazioaren artean aukeratu behar izan du. Hitzarmenak negoziatzean, badaude langile klasearen bizi-baldintzak patronalak ematen dizkion marjinen barruan hobetzeko gai izango direla uste dutenak. Hori dela eta Elkarrizketa Sozialeko mahaietan beto-gaitasuna ematen diote patronalari. Estrategia horretan aurkakoarekin akordioa bilatzen da, langileekin barne-akordioa bilatu aurretik. Mahai horiek ematen dutenaren zain langileak desmobilizatzera jotzen da. Lan-erreformaren emaitza deskafeinatua ezin da ulertu patronalak 2012an berea inposatzeko izan zuen gaitasunik gabe eta 2021ean eman zaion beto-ahalmenik gabe. Era berean, kontzertazio sindikalismorik gabe ezin da ulertu Europaren jokaera neoliberala, gastu-araua edo Europako funtsen baldintzazkotasuna. Testuingurua hori da. Elkarrizketa Sozialaren pragmatismoa da sindikalismoaren zeregina lan-murrizketak laguntzea dela pragmatikoki onartzea. Pragmatismoak esan nahi du sindikalismoaren ekintza-eremua marko neoliberalera mugatzea. Kontzertazio-estrategiaren zeregina argazki hori apur bat ukitzea da, bere erabilgarritasuna erakusteko, nahiz eta etorkizun eraldatzailea sortzeari uko egin eta gizartea desmobilizatu.

ELAren iritziz, sindikatuak borrokarako gaitasuna irabazi behar du, gizartean sindikatuaren indarra handitu behar du eta mobilizazioaren bidez langile-klasearen bizi-baldintzak hobetu behar ditu.

Datu bat: 2021ean, Estatuko greba guztien %42 egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta greben ondorioz galdu ziren egun guztien %45,7a bertan izan ziren (Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluko iturrien arabera), Estatuko soldatapekoen %5a duen erkidegoan. Estatu espainiarrean nagusi den sindikalismoaren eta Euskal Herrian nagusi den sindikalismoaren arteko aldea erakusten du horrek.

ELAko afiliazioak bere kuotaren %25 ematen dio Erresistentzia Kutxa bati. Kutxa horren helburua greban dauden pertsonei laguntzea da, eskubide hori erabiltzeagatik enpresak egingo dien deskontua ekonomikoki jasan ahal izan dezaten. 2022an, hilabeteko greba egiten duten ELAko afiliatuei 1.243,59 euro ordainduko zaizkie (ohiko soldataren mugarekin). Kopuru hori ordaintzen ari zaie, adibidez, Novaltian (banatzaile farmazeutiko bat) beren lan-baldintzak duintzeko 1.000 greba egun baino gehiago daramatzaten langileei, edo soldata-arrakalarekin amaitzeko 250 egun baino gehiago greban daramatzaten Guggenheim museoko garbitzaileei.

Greba gai estrategikoa da. Eta hala da, lan-merkatuari eta planteatu beharreko erronkei buruz egiten dugun diagnostiko estrategikoari erantzuten diolako. Etengabeko prekarizazio-prozesu batean dagoen lan-merkatua pairatzen dugu. Genero-arrakalak, arraza-arrakalak eta belaunaldi-arrakalak dituen lan-merkatua. Langile-klaseak etengabe eskubideak galtzen ditu eta, ondorioz, langile-klaseak berak sortzen duen aberastasunaren parte handi bat. Sindikalismoak egin dezakeen ekarpenik txarrena errealitate horren aurrean baretzaile lana egitea da, lantokietan eta gizarte osoan bizi den haserrearen moderatzaile bihurtzea. ELAk, lehen sindikatua izanik, uko egin dio rol moderatzaile horri, eta hori hala egiten du ordezkatzen duen jendearen bizi-baldintzak benetan hobetu nahi dituenaren pragmatismo absolututik.

Seguruenik, hau izango da Eukal Herria desbedin egiten duen ezaugarri bereziena, sindikatuen esparruan behintzat. Europako herrialde gehienetan sindikalismo nagusia moderatzailea da oinarrien aurrean. ELAren kasua kontrakoa da: bere baliabide guztiak bere oinarrien esku jartzen ditu, erradikalizazioa ahalbidetzeko eta, horrela, bere lan-baldintzak benetan hobetzeko oinarriak sortzeko. Ez dugu izan nahi akordioaren alternatiba okerragoa izango zela dioen sindikatua. Akordio txar baten alternatiba bakarra mobilizazio on bat da. Horrek ez dakar pragmatismo faltarik, gure militantziak mobilizatzeko aukeratzen dituen helburuak beti lorgarriak baitira, baina pragmatismoak jendeari egia esatea eskatzen du; haien inplikazio zuzenik gabe, haien presio kolektiborik gabe ez dagoela enpresei edo gobernuei boterea lehiatzeko aukerarik, eta haien parte-hartzearekin amets egitea posible dela.

Sindikalismoak aukeratu egin behar du. Mahaietan egoteagatik eta itxura baliagarria emateagatik bere existentzia legitimatzen duen eredu sindikala edo, lantokietatik legitimatzen den sindikalismoa, aurkitzen dituen arazoei aurre eginez, eta hortik abiatuta gizarte-eredua eraldatzea bilatuz. ELArentzat bigarren hau da bidea, eta horregatik behar du greba.

Greba: hobekuntza erreminta, klase kontzientziaren sortzaile  Greba: hobekuntza erreminta, klase kontzientziaren sortzaile  Greba: hobekuntza erreminta, klase kontzientziaren sortzaile
Greba: hobekuntza erreminta, klase kontzientziaren sortzaile  Greba: hobekuntza erreminta, klase kontzientziaren sortzaile  Greba: hobekuntza erreminta, klase kontzientziaren sortzaile 

ELAko euskara arduraduna