Bolantea itsuen esku

MzA3MA==

Estatu Batuetako Itsuen Federazio Nazionala Virginia Tech ikerketa-zentroko ikertzaile eta ikasleekin elkarlanean dabil azken urteotan. Ikusteko arazoak edo itsutasuna pairatzen duten pertsonek beste pertsona baten laguntzarik gabe gidatzeko aukera izateko helburuarekin ekin zieten 2004an lehen urratsei.

Ibilgailu erabat autonomoa garatzeko azken hamarkada hauetan baliatu den teknologia du oinarri proiektuak. Baina oraingoan, itsuak ere dabiltza lanak gidatu eta probatzen, proiektua bideragarria ote den egiaztatzeko erarik eraginkorrena delakoan.

Bisuala ez den interfaze batez hornitutako ibilgailu bat garatu nahi dute. Zeharkatu beharreko lur-eremua aldez aurretik aztertu ostean, ordenagailu batek informazioa prozesatu eta egin beharreko maniobren berri ematen dio gidariari, audifonoen bidez. Laser-sentsoreek saihestu beharreko oztopoak zehaztu ostean, bibrazio-mekanismo batek jakinarazten die autoa noiz azeleratu eta noiz galgatu behar duten. Hartarako, ikusmen-arazoak dituzten gidariek txaleko bibratzaile bat daramate soinean, baita eskularru bereziak ere.

Urtarrilan aurkeztuko dute ibilgailu berritzailea, Floridako Daytona Beacheko automobil-zirkuituan. Erakustaldiak ikusmen-arazoak dituztenei gizartean egiaz integratzea galarazten dieten estereotipo eta uste oker ugari ahularazten lagunduko duela deritzote NFBko kideek.

Irudia | Itsuentzako autoa | NFB | Creative Commons By SA
zientzia
Irati Elizalde

kazetaria-edo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude