Hiru hitzetatik bat: atomo

Hiru hitzetatik bat: atomo –

Nik neuk, fisikak XX. mendean egin dituen ekarpenak azaltzeko hiru hitz aukeratu beharko banitu, edo XX. mendeko zientzia hiru hitzetan laburbildu behar banu, honako hiru hitz hauek aukeratuko nituzke: atomo, gen eta bit; edo, nahiago baduzue, atomo, gen eta ordenagailu. Hiru horiek hautatuko nituzke nik.

Hiru hitzetatik bat: atomo
Wikimedia CC-by-sa

“Lehenbizi lehenbizikoa” esan ohi da, eta neu ere aipatutako lehenbiziko hitzetik hasiko naiz.

“Atomoa” esatean, zera esan nahi dut: XX. mendean, fisika kuantikoari esker, ulertu dugula materiaren izaera, ulertu dugula zergatik materia egonkorra den, zergatik diren hain handiak atomoak, zergatik dauden hutsik. Indeterminazio-printzipio bati esker, badakigu  zergatik elektroia ez den atomoaren erdigunera amildu eta suntsitzen: ez daukalako hara etengabe hurbiltzerik, horregatik ez da elektroia amilduta suntsitzen. Pauliren baztertze-printzipioari esker, orain badakigu zergatik materia arrunta ez den bere baitara bilduta suntsitzen: baztertze printzipio horrek dioenez, (gauza guztiek ez daukate berdin izaterik partikula-mota jakin batzuentzat*). Pauliren baztertze printzipio horregatik ez balitz, liburu batek bere burua zurrupatu eta eztanda egingo luke kondentsazio handiko egoeran, bonba atomikoarena baino energia handiagoa askatuz.

Fisikaren historiako gauzarik ederrenetariko bat ere ulertu ahal izan dugu: sistema periodikoaz ari naiz, noski, eta ikastaro oso baterako gaia emango luke horrek. Eta, sistema periodikoa ulertu badugu, fisika kuantikoari esker izan da hori. Zehatzago esateko, fisikaren historiako bigarren ekuaziorik ezagunenari esker (fisikako ekuaziorik ezaguna, jakina, Arrasateko Mugimendu Kooperatiboa da, MCC, edo MC ber bi). Txantxak txantxa, aipatu dudan beste ekuazio hori ere oso ezaguna da, eta horri esker ulertu ahal izan dugu sistema periodikoa.

“Ziurgabetasuna” sarri aipatzen denez, jendeak uste du fisika kuantikoak dena airean eta koloka uzten duela, egonkortasunik eza dakarrela, alor horretan ez dagoela gauza argi eta garbirik, dena lauso eta nahasia dela fisika kuantikoan. Baina hori ez da horrela, alderantziz baizik. Esate baterako: planeten orbitak aleatorioak dira, eta kanpoko edozein ukituk alda ditzake, erremediorik gabe; elektroiek atomoan egiten dituzten orbitak, aldiz, finkoak dira, eremu elektrikoaren simetriak eusten baitie. Horra hor Pitagorasek izarretan ikusten zuen erabateko perfekzio aldaezin hura. Horiek dira materiaren forma egonkorrak, eta horri esker da uranioa beti uranio, hemen nahiz beste edonon, eta silizioa ere berdin. Uranio eta silizioa aipatu ditut, baina luze hitz egin nezake, baita ere, sistema periodikoaren taulan agertzen diren gainerako guztiei buruz ere.

Fisika kuantikoa ez da, beraz, horretan aditu garenoi bakarrik axola digun kontua. Aitzitik, inguruan dugun teknologiaren zati handi bat fisika kuantikoari zor zaio. Erresonantzia magnetiko nuklearrari esker, esaterako, belaunean dugun tendinitisa ikus dezakegu, lehenago pentsa ezina zen gauza. Fisika kuantikoak aukera ematen digu giza gorputzaren barrualdea ikusteko. Horrez gain, transistorea, mikro-elektronika, laserra… horiek guztiak fisika kuantikoaren emaitzak dira.

Fisika kuantikoarena da, ziur asko, XX. mendeko kontzeptu-iraultza nagusia. Nonahi eta edonon dago. Biologiaren bigarren iraultza ere, ADNaren helize bikoiztun egituraren aurkikuntza, fisika kuantikoari zor zaio; zehatzago esanda: lotura kimikoaren eta iXa izpien difrakzioaren fisika kuantikoari.

Eta honaino gaurkoan.

Hiru hitzetatik bat: atomo
atomo, tekno, zientzia

Zer duzu buruan “Hiru hitzetatik bat: atomo”-ri buruz

  • Angel Garcia 2011-06-18 16:37

    Baztertze-printzipioa, Ziurgabetasuna, simetria… eta zer esanik ez elektroien orbitak. 80 urte baino gehiago duten kontzeptuak dira, eta ia fosilduta geratzen ari dira, gure imajinazioan. Egia da teknologikoki izugarrizko etekina atera zaiela, baina gure zibilizazioa ez da gai izan fenomeno horiek barneratzera (munduaz dugun pertzepzioan). Fisikariak saiatu zarete azalpenak eta metaforak eskaintzen, baina azkenean argi geratzen den bakarra da zuek ere ez dizutuela hain garbi ikusten, laborategi eta formula matematikoetatik kanpo. Filosofiak, literaturak, arteek… ez dute sobera lagundu, edo laguntzerik. Mass media delakoek ere gutxi, eta makal. Benetan esan daiteke kontzeptu-iraultza gertatua dela? Edo gertatuko dela, epe labur edo ertain batean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude