Athletic, Erreala eta Osasuna Twitterren

Asteburuan Espainiako futbol liga hasi dela eta, aukera baliatu nahi dut lehen mailan aritzen diren hiru euskal taldeek Twitter sare soziala nola erabiltzen duten gainbegiratzeko eta kritika egiteko. Twitter oso tresna egokia iruditzen zait bapatean partiduak komentatzeko eta jarraitzaileen artean inpresioak elkarbanatzeko. Nire ustez, joko asko ematen ahal du jarraitzaile eta taldeen arteko harremana sakontzeko. Baina horretarako arau batzuk jarraitu behar dira eta komunikazioa bilatu norberak bere burua iragartzea baino.


Twitter kontu horien administratzailea ez izaki, zaila da azterketa zehatz bat egitea, baina bilatzaileak erabiliz joera batzuk behintzat nabarmendu daitezke. Ez dakit zehatz mehatz noiz hasi ziren Twitter erabiltzen, baina tuit kopurua kontutan hartuta, berdintxu dabiltzatela erran daiteke, Abuztu bukaera honetan, Osasunak 3.406 tuit idatzi ditu, Athletic-ek 3.163 eta Errealak 2.179. Alde handia dago, baina ondorioztatu daiteke hirurak ez zirela atzo hasi.

Jarraitzaile kopuruan aldea oraindik handiagoa da bataz besteko. Athletic-ek ditu gehien, 11.629. Ondotik dator Osasuna 5.757 jarrailtzailerekin, eta azkenik, Erreala 3.907rekin. Jarraitzaile koupurua sare sozialaren eraginkortasuna aztertzeko neurtzaile bat da dudarik gabe, baina garrantzitsuena interakzioa da, kasu honetan, taldea eta jarraitzaileen arteko eztabaida alegia. Bestela erranda, hobe da komunitate digital xume eta bizia izatea, handia eta geldia baino. Gai horretan erreparatuz, ordea, ohartzen gara hiru taldeek arreta gutxi ematen diela jarraitzaileek idazten dutenari, oso gutxi jarraitzen dituzte. Errealak 203 lagun segitzen ditu, Osasunak 29 eta Athletic-ek 16 baizik ez. Twitter komunikatzeko tresna bat den heinean, akats estrategikoa dela erran daiteke, sarea informazioa zabaltzeko erabiltzen dutelako, baina ez ordea, jasotzeko. Egia da horretarako hitz gakoak ere erabili daitezkeela, baina horrela jokatuz, hiru taldeek irudi ezkorra ematen dute, besteek zer dioten inporta ez zaiela erakusten dutelako, nahita ez bada ere,

Sustatzen duten edukiari buruz, gauza gutxi erran daiteke. Hirurek talde eta partiduen berri ematen dute, emaitzak, jokalarien gorabeherak, komunikabideetan argitaratutako artikulu eta elkarrizketa interesgarriak, haien blogeetako sarrerak eta Osasuna eta Athletic-en kasuan argazkiak besteak beste. Nabarmendu behar da hala ere, hain lagun gutxi jarraitzen dituztenez, solasaldiak oso gutxi direla, alegia galdera erantzunak eta iritzi trukaketak. Arrazoi beragatik, ildo beretik doa retuit kopurua. Alta, zein jarraitzaile ez litzateke poztuko Errealak, Athletic-ek edo Osasunak bere adierazpen bat retuiteatu duela ikustean ? Hau ere beste akats bat da, jendea ez jarraitzetik datorrena.

Gainera besteak ez jarraitzeak eta ez retuiteatzeak talka egiten du Errealak adibidez maiz erabiltzen duen idazteko erarekin. Behin baino gehiagotan ikusi izan diot retuiteatzea eskatzen edo galderak egiten. Baina jarraitzaile batek zergatik retuiteatuko dizu, zuk ez badiozu inoiz egiten ? Eta zergatik emango dizu bere iritzia, erakutsi baldin badiozu garrantzi asko ez diozula ematen ? Blog honetan maiz aipatu dudan bezala komunikazioak bi aldera funtzionatzen du adierazteko eta entzuteko, eta enpresa batek, edo kasu honetan kirol talde batek, bere oihartzuna areagotu nahi badu, ezinbestekoa du biak egitea, bat bestearekin doaz azkenean.

Hala ere ez da dena ezkorra azterketa horretan, eta nabarmentzekoa da adibidez, Athletic-ek berezko hitz gakoa lortu duela jarraitzaileekin bere partiduei buruz aritzeko : #athlive. Haren erabilera oso handia da jokatzen dutenean. Igandean adibidez, Umap-en arabera bigarren hitz gako erabiliena izan zen #tropela-ren ondotik. Beste biek #osasuna, #ligabbva eta #realsociedad hitz gakoak erabiltzen dituzte, baina ez dute oraindik haien erabilera orokortzea lortu.

Ele bakarra. Nola edo hala, hiru talde hauek Twitterri garrantzia eman diotela eta saiatzen direla konturatu daiteke, baina nire ustez, oso garrantxitsua den kontu bat baztertu dute : euskara. Azterketa xume hori egitean ez dut sarrera bakar bat ikusi euskaraz, ez batean eta ez besteetan. Errealaren kasuan larriagoa da oraindik kamizetan daraman leloagatik. Ea laster zuzentzen duten.

Idatzi honekin kritika eraikitzailea egin nahi izan dut futbolzale naizen heinean gustatuko litzaidakeelako hiru talde horien inguruan solasaldi gehiago izatea Twitterren, batez ere Errealari buruz, nire taldea delako. Hori dela eta, datorren astean saiatuko naiz azaltzen nire ustez nola ibili behar den sare sozialetan, ikasi dudanean eta dudan eskarmentu apur horretan oinarrituz.

 

GAUZA AGERIA