EAJren proposamenak enegarrenez ez du Espainiako konstituzioaren horma gaindituko

horma“Euskadi nazioa” dela eta bere “etorkizuna erabakitzeko” gai dela “konstituzionalizatzea” nahi du EAJk. Espainiako lege gorenaren aldaketa baliatuko dute abertzaleek proposamen hori aurkezteko. Erantzuna ere jakina da: “Ezta pentsatu ere”. Beste hainbeste gertatu zen 2005ean “Ibarretxe Planarekin” eta 2008an galdeketarekin. Horma jo eta jo apurtuko delakoan?

Urkulluk eta Deiak iragarri zuten EAJren proposamena: 1990an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen adierazpena Espainiako Konstituzioan zuzenketa bidez txertatzea. Hala gertatuz gero, “Euskadiren eskubide historikoak” onartu eta autodeterminazio eskubidea bideratuko litzateke.

Hain eskakizun indartsua izan bada ere, momentua ustekabez etorritakoa da. Une hau nork eta PSOE eta PP alderdiek ezarri dute. Defizitari buruzko proposamen neoliberala konstituzioan txertatzea erabaki dutenean EAJk bereari egingo dio nahiz eta erantzuna jakina den. Espainiaren lurralde egituraren erreformari buruz entzun ere egin nahi ez dutenek ezezko borobila emango diote. Hartara, zertarako balio du hormaren aurka berriz jotzeak? Juan Jose Ibarretxeren proposamenek ere joan-etorriko bidaia izan zuten Madrilera. Ireki al zuen horrek zirrikiturik Espainiako horman?

“Urduri” jarri omen dira batzuk  EAJren apustu honekin. Andoni Ortuzar BBBko buruak esan du hori. Bere aburuz “bakoitzak bere burua non kokatzen duen eta zein estatu eredu nahi duen jakitea” lortuko du autodeterminazio eskubidea “konstituzionalizatzeko” saiakerak.  Baina, ez al da dagoeneko argi eta garbi gelditu auzi honetan Espainiako bi alderdien jarrera zein den?

Iragan hurbileko saiakera antzuak

Eusko Legebiltzarrak gehiengo absolutuz onartutako autonomia estatutu berriari, edo “Ibarretxe Plana” deitutakoari, ateak itxi zizkioten Madrileko Kongresuan 2005ean. Eztabaida ez zen urrutira joan, “Espainiaren batasuna” ez zuten zalantzan jarri 313 diputatuk. Hala, estatutu berria bozkatu eta aplikatzeko bidea itxi zuten Kongresuaren beharrezko aitzespena ukatuz. Laburbilduz, Konstituzioak ezarritako prozedurek bertan behera utzi zuten estatutu proposamena.

2008an ere EAJk Ibarretxeren eskutik loteslea ez zen galdeketa legebiltzarrean onartzea lortu zuen. Irailean bertan Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen galdeketa hori “erreferenduma” zela esanez eta horrelakoak deitu zitzakeen bakarra Espainiako Kongresua zela argudiatuz. Oraingoan, epaitegiak izan ziren autodeterminazioaren aferari galga jarri ziotenak.  Konstituzioaren aurka zihoalako gelditu zen galdeketa.

Iragarritakoak

Hiru urte eskasean bi horma kolpatu zituen EAJk. Argi ez bazegoen, denen bistan gelditu zen Espainiak ez zuela inolako asmorik lurralde antolaketaren auzia mahai gainean jartzeko eta horretarako beraien legeek eskaintzen dizkieten tresna guztiak erabiltzeko prest zeudela. Di-da batean Eusko Legebiltzarraren erabaki oro ezerezean bihurtzeko gai zirela erakutsi zuten.

Azken saiakera hartatik hiru urte igaro direnean EAJk konstituzioa erreformatzea posible dela aldarrikatzen du autodeterminazio eskubidea eta nazio izaera onartuak izateko eskakizuna egin bitartean. Oraingoan, aurretik bidea itxi zien konstituzio hori bera aldatzea eskatuko dute. Gainera, ikusteko dago EAJren proposamenak bozkatua izateko aukera izango duen.

Hormara hurbiltzeko bidean gelditu zen 2005ean, hormari izkin egin nahi baina parez pare jo zuen 2008an eta hormari atea jartzeko baimenik ez du izango 2011 urtean.

 

 

Zer duzu buruan “EAJren proposamenak enegarrenez ez du Espainiako konstituzioaren horma gaindituko”-ri buruz

  • Aitzol Azurtza 2011-09-05 08:43

    Nire ustez EAJak bere burua zuritu nahi du espainiar konstituzioak euskalherritarron burujabetasun eskubidea aitor dezala eskatzean. EAJko buruzagiak konturatu dira euskal abertzaletasunaren erdialde-ezkerraldetik proposamen oso interesgarria aurkeztu digutela (Bildu) euskaldun, euskaltzale eta abertzale garenok erakartzen gaituena, orain arte ohizkoan EAJri bozka eman baina bozka aldatzeko aukera ikusten dugunoi aukera onargarria eskeintzen diguna.

    Ibarretxek politikagintza utzi zuenetik EAJ oso epel ibili da Euskal Herriaren burujabetasuna defendatzeko orduan (Gernikako Estatutuaren garapenaz haratago) eta Bilduren erakargarritasun nabaria ikusi duenean, nolabait burua zuritzeko, Espainiako Konstituzioa aldatzeko eskaera egin du, nahiz-eta aldez aurretik EAJko burukidetzak ongi baino hobeto dakien Espainiako agintariek ez dutela inoiz Euskal Herria subjektu politiko burujabe bezala onetsiko.

    Noiz onartu dute herrialde zapaltzaileek herrialde menperatuen burujabetasun eskubidea? Inoiz ez, herrialde menperatuek bere egin dute eskubide hau eta guri ere, euskalherritarroi, ez espainiarrek ezta frantziarrek, ez digute halako eskubiderik emango, hartu egin behar dugu. Gakoaren zailtasuna eskubide hau geure nola egin datza… baina horretarako ditugu politikariak, konponbide irudimentsuak aurki ditzaten, eta ez dezaten denborarik alperrik galdu Espainiako Konstituzioa aldatzea bezalako ahalegin hutsaletan…