Almandrongilak

images-1.jpg

Niretzako arrain zoparen nolakoak adierazten du etxe edo jatetxe baten gastronomia maila zein den. Iruditzen zait, zopa horren lehen goilaradakada ahoan sartu ahala jakin daitekeela leku horretan zein garrantzia ematen dioten jatenari eta, areago, zein iritzi duten mahaian esertzen den jankide edo komentsalaz ere. Kanona arrain zopak erakusten dit niri. Bere bitartez jakiten ahal dut sukaldaria iruzurtia den ala ez (ganba eta langostino buruen probetxamendu gehiegizkoa), etxe horretakoak eskuzabalak diren ala ez (arrainaren presentzia), leku horretan ulertu ote duten sukaldatzea zer den ala ez (arrain zatien egospuntua), ba ote dakiten zentzumenak aditzen ala ez (barazkien egokitasuna), inteligenteak diren ala ez (saldaren egokiera), kontserbadoreak ala progresistak diren (ogiaren tratamendua)… Arrain zopa batek, antropologia eta filosofia hitzaldiak emten dizkit niri. Agian horregatik, beti eduki dut galdera horixe egiteko gogoa: “Nola egiten duzue zuenean arrain zopa?”.

Baina gertatzen da lotsa eta pudore moduko bat ernatzen zaidala galdera horrekin. Iruditzen zait “Maitalerik baduzu?” edo “Egia da zure ama beste batekin dabilela?”, bezalako galdera inpudiko bat egiten dudala. Indiskretoa, gutxienik. Horregatik ez naiz ausartzen arrain zopa inork nola egiten duen galdetzera: informazio gehiegi emango lidake, nahi gabetan ere.

Beraz, ene herabetasuna gordeko duen galdera bat eginen dut: “Nola egiten dituzue, zuenean, amandrongilak?”.

Erantzunik balitz, jakin ezazue hortik ere hamaika gauza jakin ditzakedala, eta ez kozinakoak soilik, baina zaudete lasai, ez dira izanen arrain zoparekin jakin ditzakedan bezain intimoak.

Oharra: Nik sukaldean nola funtzionatzen dudan jakin nahi duenak, hemen du erantzuna, gazteleraz badago ere. Eta nik esan dut, gu irudi lezakeen lekuan. Baina ondo esan dut: nire andrea frantsesa baita sukaldeari dagokionean ere. (Hurrengo baterako gaia izan daiteke hori, agian. Mestizajea, multikulturalitatea eta hori guztia).

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Almandrongilak”-ri buruz

  • Kanon batzuk izutu egiten naitek, Hasier, ez dakik ondo zer neurritaraino. Nire ahuldaderik lotsagarrienak uzten dituztelako agerian. Arrain zopa egin beharko banu, Interneten errezeta egoki bat bilatzea izango nikek eman beharreko lehen pauso ezinbestekoa.

  • Lasai Pipi, nahi baduk, larunbat goiz batez edo, etorri etxera eta elkarrekin eginen diagu (arrain zopa edo amandrongilak, heure nahierara), batere Internetik gabe. Harrituko haiz ederki!
    Akordatzen haiz gure etxean jandako arroz urgente hartaz?
    Hala ere, kozinatu beharrean aurkitzen haizenean, ez ezak galdu denborarik interneten non aukeratu erabakitzen: jo ezak gure recetania.blogspot.com helbidera. Han aurkituko duk behar duan guztia eta gehiago. Gazteleraz. Baina hik badakik gazteleraz ere, eztok? Bestela jo ezak SUKALDEAN gure liburura (LUR). Han daukak behar beste (eta gehiago).
    (Eguna iritsiko duk errezeta horiek guztiak euskaraz interneten jartzekoa ere, baina ez duk gaur eta ez bihar izango. Etzi akaso. Ezagutzen duk borondariorik bere bizitzako hilabete lan horretara emateko? Erraza zagok, soilik control C eta gero control V, baina mila eta bat bider, mon ami).

  • Estimatua zagok gonbidapena, Hasier. Arrozaz zehazki ez nauk oroitzen (oroimen grastronomiko eskasekoa nauk), baina zuen etxean egin zenidaten abegi onaz bai. Aurki bolada batez sukaldari lanetan sarri antzean aritzea egokituko zaidanez, ea kapaza naizen zezenari adarretik heldu eta zeregin horri burua eta bihotza eskaintzeko, sukalde lanari ahalik eta azkarren ihes egiteko nire joera barruan sakon errotuari ihes eginez. Horretarako lagungarri izan zezakeat hik emamdako helbidea, prefosta. Kontuan hartuko diat. Eta kontatuko diat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude