[Urpeko Bonbarda #117] Uda baino lehen

[Urpeko Bonbarda #117] Uda baino lehen –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 117. saioan, munduari bira soniko berri bat eman diogu.

Urpeko Bonbardan, noizbehinka munduari bira soniko berri bat emanda aireztatzen gara, eta horixe egin dugu honakoan, uda heldu baino lehen.

Magrebiar chaabi kantuekin abiatu dugu bidaia, Les Sheikhs Shikhats eta B´net Chaabi egitasmoarekin. Beraien lan homonimoan XIX. mendeko Marokon adierazpen askatasunaren alde borrokatu ziren shikhats eta ghanayats kantariei egin diete gorazarre. Afrikar doinuak jorratzen ditu Ginea Bissauko Kimi Djabate blues eta afro-beat musikariak ere, etxetik mandingoen tradizio musikala dakarrenak.

[Urpeko Bonbarda #117] Uda baino lehenAfrikatik alde egin baino lehen Cabo Verdeko irlara jo dugu. Bertako artistarik itzaltsuenetakoa da egun Mario Lucio, orain gutxira arte bertako Kultura Ministro izan den idazle, margolari eta musikaria, Simentera taldearen sortzailea. Iazko “Migrants” du azken lana. Portugesarekin jarraituta, eta kontinentez aldatuz, Lucas Santtana kantu egilearen “O Paraiso” diskoko kantu bat entzun dugu, Flavia Coelhorekin batera kantatua.

Behin Amerikan, Guayanako Giany-Frantz Huyghues-Despointes tronboi joleak non eta Quebec inguruan eratu duen Lengaïa Salsa Brava salsa taldea ezagutu dugu, baita Wesli haitiarra ere, Kanadan. Azken honek bere herriko vudu komunitatearen soinuak bildu ditu.

Ekialde Hurbilean Urpeko Bonbardan aurretik ere entzuna genuen Liraz israeldar persiarra aurkitu dugu, “Roya” aurkeztu berri duena, `fantasia´, farsiz. Eta Turkia aldean anatoliar rocka jorratzen duen Derya Yildirim & Grup Simsek talde psikodelikoa, “Dost” bikoitza plazaratu zuena iaz; `laguna´esan gura ei du turkieraz.

Dantzalekuetara bideratutako musika jorratzen duten bi egitasmo interesgarri ere ezagutu ditugu, biak ala biak egun Europan bizi diren afrikarrek onduak. Batetik Nadjib Ben Bella argeliarrak eta Aero Manyelo hego afrikarrak osatzen duten Montparnesse Musique bikotea, congotronic soinuaren bilakaera dakarrena; eta bestetik Acid Arab kolektibo frantziar argeliarraren proposamen liluragarria.

Gao Hong & Kadialy Kouyate musikarien proposamen bitxiarekin helmugara heldu eta bidaia bukatu dugu. Txinako pipa jotzen du lehenak, eta Afrika mendebaldeko kora bigarrenak. “Terry Kunda” plazaratu dute elkarrekin, `adiskidetasunaren etxea´.

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Spotify     Apple Podcast    Google Podcast

[Urpeko Bonbarda #117] Uda baino lehen

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude