Trinkotzea (Atik Zra)

Trinkotzea (Atik Zra) –

Zer da hizkuntza komunitatea trinkotzea? Euskara elkarteek (eta ez eurek bakarrik, baina batez ere eurek) helburu hori jarri zioten euren buruei aspalditxo. Eta, horretarako, Txepetxen teorietatik abiatu ziren.

Trinkotzea (Atik Zra)Baina… elkarteek eta euren ingurukoek mila bider trinkotzea aipatu badute ere, ez dut nik ezagutzen horren inguruko definizio zehatz eta konpartiturik. Kontzeptua, hortaz, lausoa da, bakoitzak bere modura ulertzen du eta horrek errealitate antzekoen aurrean sekulako erantzun ezberdinak egotea ekar dezake, nire ustez. Inork ez du trinkotzea zer den zehatz-mehatz zedarritzeko lanik hartu eta, horrela, hainbat itauni erantzutea zaildu da.

Erantzun lauso batzuk egon dira han eta hemen: euskaldunen arteko hartu-emanak biderkatzea (eta euskaraz izatea), ezagutzen ez ziren euskaldunen arteko hartu-emanak sustatzea, euskara zentroan jartzea eta ezberdintzen gaituenari jaramon gutxiago egitea, eta abar. Baina ez da definizio zehatzik adostu, ez da trinkotze hori neurtzeko modurik asmatu, ez da trinkotzea bultzatzeko ekimen espezifikorik egin (lausoak bai, baina hedabide baten bidez trinkotzen al da komunitatea? Edo aisialdia euskaldunduz?, baina komunikabide batek trinkotu dezake komunitatea edo ez, aisialdia euskaldunak komunitatea trinkotu dezake edo ez eta abar).

Dena den, trinkotzea definitu aurretik, agian komeni litzateke komunitatea bera definitzea edo, hobeto esanda, komunitatea zer definizioaren arabera ulertzen dugun esatea. Izan ere, soziologian komunitateari buruz mila eta ehun definizio daude, bakoitzak bere betaurrekoekin ikusten duelako komunitatea. Gurera etorrita, baina, hizkuntza komunitatea nortzuek osatzen dute? Nortzuek ez? Zein da euskaldunen komunitateko kide izateko beharrezkoa den ezaugarria? Hizkuntzaren ezagutza, erabilera (erabilera bada, zer praktiketan bai eta zeintzuetan ez), atxikimendua? Zer interes, balio, ohitura, mundu ikuskera eta abar partekatzen dugu euskaldunok, partekatzen badugu? Benetan osatzen al dugu hizkuntza komunitatea? Ala bestelako kontu batzuek batzen (eta banatzen) gaituzte gehiago hizkuntzak baino?

35 urte baino gehiago pasa dira euskararen aldeko mugimendu sektore batek trinkotzea bere egin zuenetik. 35 urte eta definizio lauso edo zehatzik ez. Agian, apika, beharbada, heldu da sasoia trinkotzeaz zer ulertzen dugun eta zer ez adosteko, edo agian, apika, beharbada, heldu da sasoia trinkotzea behin betiko gure hiztegietatik ezabatzeko. Agian.

Trinkotzea (Atik Zra)

5 pentsamendu “Trinkotzea (Atik Zra)”-ri buruz

  • juan inazio hartsuaga 2023-06-07 11:23

    Trinkotzea giltzarria da, nagusitzea ezinezkoa den leku eta egoeretan. Beraz, gaia plazaratzeko premia larria dugu. Aitzitik, sektore batek duela 35 urte euskararen inguruan trinkotzea bere egin zuenik ez dut hain garbi ikusten. Euskara egundaino trinkotzea ardatz izatera ez dela heldu esango nuke. Beste batzuk dira gure trinkotze ardatzak gaur egun, ideologikoak batik bat.

  • Mikel Haranburu 2023-06-07 13:15

    Trinkotzea, euskal hizkuntza komunitatea trinkotzea, beste hizkuntzetako komunitateak bezala, begibistan inongo mehatxu glotofagikorik ez duten komunitateak bezala funtzionatzera iristea da. Txepetxek ‘konpaktazio’ erabiltzen du; trinkotzea definitu gabe ere, badakigu harremanak areagotzea zer den, badakigu hizkuntzaren aldetik erreferenteak zein eta nor diren, badakigu Gaztelania erabili ordez Euskara erabiltzea komunitatearentzat onuragarria dela, birsortze dinamika geratzen delako.
    Ogi gogorra zer den definitu gabe ere (Mohs eskalan, menturaz), jakin ongi dakigun ber zei ogi den gogorragoa bestea baino… ez nioke hainbeste buelta emanen kontuari. Etxean Euskaraz egiten duen familia ongi trinkotua dago, definiziorik gabe ere, eta hori komunitatea(k) eratzeko lehen urratsa da.

  • Mikel Haranburu 2023-06-07 13:18

    Geratzen ez: gertatzen

  • Benat Castorene 2023-06-07 15:13

    Trinkotze hitzaren karietara, txerrak ideki du egiazko debatea, Badu eitea arnasguneari buruzko debatearekin bururaino sekula eramaten ez duguna.
    Juan Inaziok dioen bezala “trinkotzea giltzarria da nagusitzea ezinezkoa den leku eta egoeretan”
    Zazpi lurraldeetan eremu zabala da zeinean ez baigara sekula nagusituko. Adibidez, erregimen politikoa ez aipatze arren, arrazoi nahikoa ez balitz izan, demografia eta inbasioagatik.
    Artikulu honetan pausatzen dituen arazo eta galdera guziei erreparatu behar da.
    Trinkotzea ez da erraz: horretarako behar talde bat biltzen duen arrazoi kolektibo on bat, kolektiboki maite duen eta atxiki nahi duen komunitate bat. Bada oraino denetan euskal komunitaterik? potentzialik bederen?
    Trinkotzeak nolazpait eskatzen du du besteenganik pundu jakin baterainoko bereiztea. Prest bereizketa horren prezio ekonomikoa eta lehen botatzen ziguten separatista iraina suportatzeko?
    Gai horiek hausnartu behar dira eta ez dezagun konta politika eta politikarien gainean gu horretan laguntzeko. Gai eta kezka metapolitikoak dira eta. Milesker Txerra.

  • Mikel Haranburu 2023-06-07 19:01

    Xamarrek, Txepetxenak ongi ezaguturik, honela bota zuen orain… 25 urte inguru: “Ezinezkoa al dugu Iruñerrian bizi garen 17.000 euskaldunok Euskaraz bizi?”. Horra, ez al gara gauza horrelako kopuru baten baitan harremanak bideratzeko euskaldunon artean?
    Ahaleginak egin behar ditugu horretan, jakina. Hemen, Euskal Herri guztietan, trinkotzeak, konpaktatzeak, baina are “Euskaraz bizitzeak” berak ere, ahalegin bereziak eskatzen ditu. Kontzientzia baina “konszientzia” ere uneoro piztuta izatea. Euskara, euskal hizkuntz komunitatea berreskuratu nahi badugu -biziberritu da modazko hitza-, ahalegin bereziak egin beharko ditugu; hots, denbora, esfortzua, dirua eta beste erabili beharko ditugu. Ez da aski izanen administrazioen aurrean jarri eta lelo (gero eta hutsalagoak) lau haizeetara zabaltzea. Normal biziz baino indar gehiago baliatu beharko dugu Euskaraz bizi ahal izateko.
    Batzuk diote (zioten) ezin garela (ginela) getotan bizi, eta karrikara atera behar dugula (genuela). Ados, baina getoaren ideia ez da egokia, bereizkuntza bilatua delarik…! Nire aburuz, horrelako bereizkuntzak soilik adierazi beharko luke geure hizkuntza baliatzeko desira eta beharra, eta ez du (irakaskuntzan ere ez…) elitismoa edo nagusikeria adierazten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude