[#Podcastfilia] Pablo Ibarren kasua, transmedia proiektu bat

[#Podcastfilia] Pablo Ibarren kasua, transmedia proiektu bat –

Podcastak zer diren dakigunok geroz eta gehiago garen bezala, transmedia proiektuak ere biderkatuko dira gurean, gaur gaurkoz eskuetako hatzekin konta ditzakegun arren. Bitartean, kanpoko ekoizpenei begiratuko diegu. Esaterako, Pablo Ibarren kasuan oinarritutako En el corredor de la muerte telesaila eta Podcast berriari.

[#Podcastfilia] Pablo Ibarren kasua, transmedia proiektu bat

Narratiba mota honek gai jakin bat formatu ezberdinetan jorratzen du. Modu independientean, hau da, batak ez du bestearen beharrik mezua osoki ulertzeko, hori crossmedia proiektu bat litzateke. Transmedia proiektu batek oinarri bera duten hainbat produktu eskaintzen ditu, bakoitza bere berezitasunekin. Gauzak horrela, erabiltzaileak du istorioa nola kontsumitu nahi duen erabakitzeko boterea eta askatasuna.

Movistar+ etxearen eta Podium Podcasten apustu berriak Pablo Ibar jatorri euskalduneko miamitarraren kasua kontatzen du Nacho Carretero kazetariak 2018an idatzitako ‘16 años en el corredor de la muerte’ liburuan oinarrituta. Autore berak idatzitako ‘Fariña’rekin antzekoa egin zuten, gerora Antena 3ek serie formatuan kontatu baitzuen Galizian kokatutako droga trafikoaren inguruko thriller entzutetsua.

Enkarguz iritsi zitzaion lana obsesio bilakatu zitzaion Nacho Carretero kazetariari. 2012ean, krisi ekonomiko bete-betean, Qué egunkariak, beste askok bezala, bizirauteko egiten zuen lan. Ixteko mehatxuak eta aldaketen aurreko beldurrak harrapatuta zuten erredakzioa. Irakurleen interesa piztuko zuen titularraren bila zebilela heldu zitzaion Pablo Ibarren kasua eskuartera. Hasieran, hiru erahilketa egotzita heriotza zigorrera kondenatu zuten gaztearen eta haren errugabetasuna frogatzeko familiaren borroka etengabea eszeptiko samar hartu bazituen ere, gerora, guztiz engaiatu zen kasura.

Transmedia proiektura itzulita, 4 kapitulutan banatu dute miniseriea, nola telesailean hala podcastean. Bietara egiten da kontaketa, estilo ezberdinetan egin ere. Telesaileko aktoreen artean da Ramon Agirre Kandido Ibar aitaren azalean.

Nabarmena da ‘En el corredor de la muerte’ podcastak  atzean duen ikerketa lan mardula.  Kazetari baten jakinmina da 5 ataletan zehar eramango zaituen haria. Kronologikoki kontatuko dizu kasua Nacho Carretero ikerketa kazetariak, bere bizipenak abiapuntu gisa hartuta. Balio erantsia ematen dio kontaketari Pablo Ibar beraren ahotsa entzuteak, Tanya bere emaztearena, aitarena, amarena… benetako protagonisten presentzia, alegia. Gainera, istorioan bete-betean murgil zaitezen, audio efektuekin ez ezik, telesailetik hartutako fikziozko elkarrizketa batzuekin janzten dute kontaketa Podium Podcasteko lagunek.

* Hastapenean 4 baino ez ziren, baina, 5. bat gehitu diote kasuaren azken informazio eguneratuarekin osatutakoa. Horrek erakusten du audio formatuak eskaintzen duen malgutasuna, ikus entzunezkoek baino produkzio azkarragoa duelako. Hori, hain denbora gutxian, ezinezkoa litzateke telesail batean.

Podcastaren inguruko xehetasun gehiago jakin nahi baduzu:

Ah! Onartzen al duzu erronka bat? Ea ezagutzen dituzun Podcastaren sarrerako audio segidan agertzen diren ETBko kazetarien ahotsak. On egin!

Izenburua: ‘En el corredor de la muerte’

Ekoizlea: Podium Studios

Generoa: Ikerketa kazetaritza / Thrillerra

Sinopsia: Pablo Ibarren kasu errealean oinarrituta dago, zeina bizi osoko kartzela zigorrera kondenatuta dagoen Floridan 1994an gertatutako erahilketa hirukoitz baten ardura egotzita.  Berak eta bere familiak ordea, haren errugabetasuna frogatzeko borrokan dihardute.

 

[#Podcastfilia] Pablo Ibarren kasua, transmedia proiektu bat

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.