[Makarrizketak] Bertso sortez bi gogoeta

Bertso sortez bi gogoeta –

Bertsolari aldizkariaren Makarrizketak podcasteko azken alea Amets Arzallusen eskutik etorri zaigu, eta hendaiarrak bertsolaritzaren ekosistemaren baitan desagertze arriskuan edo desagertuta dagoen genero batean jarri du arreta: bertso paperak.

Euskarri berriek jokoz kanpo utzi zuten bertso papera, eta Ametsen aburuz, gaur egun, euskarri berri horiek lagungarri izan daitezke bertso paperek jokatzen zuten funtzioa betetzeko garaian. Tartean, noski, podcastek.

Pello Esnalek erreportaje mamitsu bat idatzi zuen Bertsolari aldizkariko udako alean gaiari buruz. Bi bertsopaper mota ezberdintzen ditu, lehengoak batetik eta oraingoak bestetik: “lehengo bertsopaperek ahozko kulturara garamatzate”. Hau da, bertsoak paperean idatzi, kopiak atera eta zabaltzen ziren, baina ondoren jendeak abestu egiten zituen eta askoren oroimenean gelditzen ziren. Bistan da egun ez dela bertsopaperik, idazlehiaketetara aurkezten direnaz gain, eta bertso irabazleak ez dira ahoz zabaltzen, inork ez ditu abesten. Horregatik deitzen die Ametsek idatzizko bertso leihaketei “bertso paperen tanatorio”.

Arg: Conny Beireuther, Bertsolari

Antonio Zavalaren hitzetan, hauxe zen bertsopapera: «Bertso sortaren bat eskaintzen digun papera. Baina beti ere paper askatua, soltea. Eta inprentaz argitaratua». Zinez interesgarria da nola azaltzen duen Zavalak zergatik izan zuten bertsopaperek sekulako arrakasta bigarren gerra karlistan, eta 1936koan ez: «Gerra guztietan, tiroka ez ezik, propagandaren borroka ere egin beharra dago. Karlisten gerrate horren denboran, artean hemengo jendeak erdara gutxi zekien eta egunkaririk eta holakorik nekez sartuko zen euskal sukaldeetan. Horregatik, bertsopaperak argitaratzeari ekin zioten bai alde batekoek eta bai bestekoek. Jendearen gogoa irabazteko biderik egokiena zela igarri baitzioten. Azkeneko gerran, berriz, egunkaria eta irratia indarrean zeuden, jendeak ere erdaraz bazekien, eta bertsopaperen beharrik ez zegoen».

Lehengo bertso paperei heriotza fetxa jartzera ere iritsi zen Esnal. Daukan informazioaren arabera, azken bertso papera Sebastian Salaberriak idatzia izan zen, 1964ko irailaren 27an Iturriotzen (Aia, Gipuzkoa) jokatu zen sega apustuari jarritako bertsoak ziren, eta Donostiako Graficas Izarran inprimatu ziren.

Baina bertso idatziei beste formato bat emango zien norbait agertu zen orduan eszenatokian: Xabier Lete. Batetik bertso zahar asko kantatzen hasi zelako, baina baita ere bere zenbait kanta bertso moldean egin zituelako ere. Abestitzak eta poema kantatuak  liburuan hauxe zioen Letek: «Bertsolaritzak, zerbait baldin badu, esaldien eta metaforen indar zehatza da. Bertsolariek ez dute hizkera lanbrotsu eta hermetikoa erabiltzen, ulergarria eta ahalik eta borobilena litzatekeen iruditeria baizik».

Musikak zentzu berri bat eman zien bertso idatziei, eta musikak egiten duena zabaltzen lagundu dezake, besteak beste, podcasten olatu berriak. Bertso idatziak ez daitezele kaxoietan hautsetan itota gelditzen diren erlikia batzuk izan, uhinetan kantari bere funtzio soziala betetzen duen ahozko kulturaren lanabes baizik.

Bertso sortez bi gogoeta

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.