Dandi baten anatomia

Dandi baten anatomia –

Dandi baten anatomia

[Euskalerria Irratiko kolaboraziorako zer gai hautatu ez nekiela, hondarrean hiru testutxo idatzi nituen igande arratsalde aspergarrian. Bat gaur goizean irratian irakurri dudana. Hemen irakurgai dagoena, bi baztertuetariko bat da].

Joan den ortzilareaz geroztik, Filminen ikusgai dago Anatomia de un dandiDandi baten anatomia–, Francisco Umbrali buruzko dokumentala. Lanak Umbralen karrerako mugarri guziak aztertzen ditu –Miguel Delibesen babesa Valladoliden, Madrilera ailegatu zenekoa, semea hil zitzaionekoa–, eta badu, dezente izan ere, hagiografiatik. Normala da, neurri batean, idazle bat aldarrikatzea baita helburua, aski agudo aski atzendua izan dena, edo, Espainiako bertze idazle batzuei gertatu zaien bezala, konparaziorako Gloria Fuertesi, telebistan emandako irudia desitxuratuari esker segitu duena anitzen memorian. Irrati honetako entzule anitzek ere Mercedes Milarekin izandako istilua dela eta oroituko dute naski, oroitzekotan.

Dokumentalak Umbralek Espainiako literaturan zuen tokia azaltzea du falta, Celarekin izan zuen harremana, adibidez, edo Juan Beneti eta Javier Mariasi zien ezinikusia. Zein ziren haren lagunak eta haren etsaiak, bere zutabegintzan etsaiak egin baitzituen –hori, berriz, ez da Euskal Herrian gertatzen; hemen denak adiskideak gara eta kritika onartzen dugu–. Baina dokumentalak nahiago izan du zentratu pertsonaren eta pertsonaiaren arteko harremanean, zer ote zegoen Umbralek proiektatzen zuen dandi maiz desatseginaren gibelean.

2007. urtean hil zen arren, idazlearen munduak aise zaharragoa iduri du dokumentalean. Gaur egun, susmoa dut fite deituko ziotela zakilzimel, eta apika ez zen faltako kantzelatu nahiko zuenik. Alta bada, aski modernoa izan zen: bizitza osoa pasatu zuen egiazko pertsonarekin bat egiten ez zuen maskara bat antzezten, guk sare sozialetan egiten dugun bezalaxe.

Dandi baten anatomia –

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude