[Paperezko Itsasoa #Podcast] Islama jaio zenekoa

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Islama jaio zenekoa – 

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Islama jaio zenekoa

Hitz hauekin hasten da Korana.

Jaungoikoaren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Aintza Jaungoikoari, munduen Jaunari,
Errukiorra
ri, Bihozberari,
Epaiketa Eguneko Erregeari.
Zu bakarrik Adoratzen zaitugu,
Zugan bakarrik bilatzen dugu laguntza.

Gida gaitzazu bide zuzenetik,
faborez bete dituzun horien bidetik,
ez haserre
tu zaituztenen bidetik, ezta desbideratuen bidetik ere.

1.200 milioi musulman dago munduan, Lur Planetako populazioaren bostena gutxi gorabehera. Islama, izan ere, munduko bigarren erlijioa da jarraitzaile kopuruari dagokionez, Kristautasunaren ostean. Ludiko erlijio handien artetik hau da, gainera, berriena, gazteena: hinduismoaren eta judaismoaren jatorria Kristo aurreko bigarren milurtekora arte aurreratu dezakegu, budismoak baditu 2.500 urte inguru eta Kristautasunak, berriz, 2.000. Islamak 1.400 baino ez. Gaurko saioan, hain zuzen ere, sinismen honen jatorriaz mintzatuko gara, haren oinarri filosofikoez eta hasierako hedapenaz.

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Islama jaio zenekoa

Alabaina, ezer baino lehen komeni da zenbait kontzeptu argi uztea.

Askok musulman eta arabiar hitzak sinonimo gisa erabiltzen dituzte eta hori akats larri bat da. Arabiarrak, errusiarrak, txinatarrak, galesak edo euskaldunak bezala, herri bat dira eta euren hizkuntza propioa dute: arabiera. Arabiarrak herri semita bat dira eta, oro har, Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean bizi dira. Populazioaren gehiengoa arabiarra da Marokon, Mendebaldeko Saharan, Mauritanian, Aljerian, Tunisian, Libian, Egipton, Sudanen, Jordanian, Palestinan, Libanon, Sirian, Iraken, Kuwaiten, Saudi Arabian, Bahreinen, Qatarren, Arabiar Emirerri Batuetan, Yemenen eta Omanen. Arabiar guztiak, baina, ez dira musulmanak, izan ere, arabiarren %20 inguru kristauak dira eta badira arabiar komunitate kristau garrantzitsuak Libanon, Sirian edota Iraken. Egipton populazioaren %20 koptoar kristauek osatzen dute eta %5 katolikoek.

Arabiar guztiak Islamaren jarraitzaile ez diren bezala, Islamaren jarraitzaile guztiak ez dira arabiarrak. Are gehiago, munduko musulman guztien %18 baino ez da etnia horretakoa. Har dezagun kontuan, munduan musulman gehien dituen herrialdea Indonesia dela (213 milioi) eta zerrendako hurrengo hirurak India, Pakistan eta Bangladesh direla. Herrialde horietako bakar batean ere ez da arabierarik hitz egiten. Turkiar, irandar, senegaldar edota albaniar gehienak ere musulman dira eta, arabiera Koranaren hizkuntza bada ere, herri horiek guztiak ez dira arabiarrak. Berdinki, orain gutxira arte latina katolikoen mintzaira liturgiko izan den arren, munduko katoliko guztiek ez dituzte hizkuntza latinoak mintzatzen: badira poloniar katolikoak, alemaniar katolikoak eta, noski, arabiar katolikoak ere.

Antzeko nahasmendua dago mairu hitzarekin. Askok erdeinuz darabilte berba hori musulman guztiak izendatzeko. Dena den, irakiar edo siriar bati mairu esatea, errespetu falta bat izateaz gainera, oker semantikoa da ere. Euskarazko mairu eta gaztelaniazko moro, beste hitz asko bezala, latinetik dator. Erromatarrek maurii esaten zieten tamazight hizkuntzan mintzatzen ziren Afrika ipar-mendebaldeko biztanleei. Halaber, gaur egungo Maroko, Aljeria eta Tunisiako lurraldeari Mauritainia esaten zioten. Hortaz, zentzu hertsian, mairuak Magreb eskualdeko biztanleak baino ez lirateke eta ez gainontzeko arabiarrak, are gutxiago Pakistan edota Malaysiako musulmanak.

Islama erlijio abrahamdarra da, hau da, judaismoaren eta kristautasunaren jatorri bera du eta bere egiten ditu Bibliako tradizio eta profetak. Bestela esanda, musulmanek Adanengan, Noerengan, Abrahamengan, Moisesengan eta Jesukristorengan baita euren mezuetan sinisten dute. Jainko bat eta bakarra dute, juduek eta kristauek bezala: Allah. Baina Allah ez da jainko ezberdin bat, Allah arabieraz Jaungoikoari ematen zaion izena baino ez da. Arestian esan dugu badirela milioika arabiar kristau eta, izatez, arabiar kristauek otoitz egiten dutenean eta Jaungoikoari zuzentzen zaizkionean Allah esaten diote ere. Labur esanda: kristauek, juduek eta musulmanek jainko bera gurtzen dute.

Kristo ondorengo VI. mendean, Arabia bi inperio handiren artean zegoen kokatua, elkarren arteko gerra amaigabean murgildurik zebiltzan bi etsai amorraturen erdian. Alde batetik, mendebaldean, Bizantzio, desagertutako Erromatar Inperiotik geratzen zen azken hondarra, eta, bestetik, ekialdean, Pertsia Sasandarra.

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Islama jaio zenekoa

Arabiarrek ez zuten arestiko bi erresumekin konparatzeko moduko antolaketa politikorik. Aitzitik, oraindik ere Estatua sortu aurreko etapan zeuden, tribuetan egituratuta. Tribuak senitarteko harremanetan oinarritzen ziren, zaharren autoritatean, taldekideen arteko elkartasunean, jarrera arau zorrotzetan eta ohikoak izaten ziren leinuen arteko gatazkak.

Sinismenei dagokionez, animismoa praktikatzen zuten. Euren ustez, naturako elementu bakoitzak arima, izaera jainkotiarra, zeukan. Basamortua, oasiak, harriak, putzuak, zeruko izarrak… adoragarriak ziren. Ehunka, milaka, jainko eta jainkosa gurtzen zituzten: Aglibol, Ilargiaren dibinitatea; Manat, Heriotzaren eta Patuaren jainkosa; Wadd, Maitasunarena; Bahamout, Lurrari eusten dion arrain erraldoia... Arabiar elezaharretan, Mila Gau eta Bat Gehiago bildumako ipuinetan, behinolako erlijio horren hondarrak iritsi zaizkigu basamortuko yinn edo jeinu maltzur zein zintzoen figuran. Dena den, garai hartako bi erlijio monoteista handiek, kristautasunak eta judaismoak, bazuten beren presentzia Arabian eta zenbait komunitatek sinismen horiek jarraitzen zituzten. Beste zenbait arabiar, judu zein kristau izan gabe ere, monoteismoa praktikatzen zuten eta uko egiten zioten idoloen zein astroen gurtzeari. Azken horiei hanif zeritzan.

Nomadak ziren arabiar gehienak eta basamortua euren karabanekin zeharkatuz salerosketan ziharduten, hegotik iparrera afrikar urrea, marfila eta esklaboak eramanaz. Gutxi ziren, oraindik ere, Siriatik Yemen eta Abisiniara bitarteko merkataritza bideetako hiri eta oasietan behin-betiko ezarritakoak. Meka zen hiri horietako bat. Garrantzitsuena ziurrenik, bertan Kaaba baitzegoen. Kaaba arabiarren santutegi gorena zen, euren jainkoen bizilekua. Han hirurehundik gora idolo zeutzan, Hubal horien artean, Mekako jainko gorena, hiriaren babeslea, baita Allah ere. Urtean behin, tribuek elkarren arteko liskarrak albo batera utzi eta Mekara joaten ziren erromes jainkoak gurtzera eta salerosketan aritzera.

Quraix tribuak kontrolatzen zuen Meka. Leinu hari egokitu omen zitzaion Kaaba jagotea. Hain zuzen ere, Quraix tribuko Banu Hashim klanean jaio zen Kristo ondorengo 570. urtean Ab? l-Q?sim Mu?ammad ibn ‘Abd All?h ibn ‘Abd al-Muttalib ibn H?šim al-Qurayš?, hau da, Mohamed Abdalaren semea, Abd al-Mutalib-en biloba, edo laburbilduz: Mahoma.

Mahomaren bizitza ez zen ongi hasi. Aita, Abdala, merkataria zuen eta bera jaio baino lehenago hil zitzaion eta berdin antzera jaso zitzaion amari, Aminari, ere, Mahomak sei urte eskas zituela zendu baitzen. Umezurtza Abd al-Mutalib aitonak eta, gerora, Abu Talif osabak zainduko zuten. Osaba, izan ere, merkatari aberatsa zen, Mekako boteretsuenetako bat eta Mahomak, nerabezaroan, hainbat bidaiatan lagunduko zuen, Siriara eta beste lurralde urrunetara. Antza denez, bidaia luze horiek esperientzia eta ezagutza handiko pertsona izateko baliagarriak izan zitzaizkion, baita beste kultura eta sinismen batzuk ezagutzeko ere. Hala eta guztiz ere, eta Koranak berak dioenez, ez zuen irakurtzen eta idazten ikasterik izan.

Nagusitzean, Mahoma Khadija izeneko alargun aberats baten aginduetara hasi zen lanean eta haren karabanak gidatu zituen basamortuan zehar. Khadijak ezkontzea eskaini zion Mahomari eta hark baiezkoa eman, Khadija bera baino nagusiagoa zen arren. Dirudienez, berrogei urte zeuzkan eta Mahomak, berriz, hogeita bost. Khadija hil arte, hogeita lau urtez, egon ziren ezkonduta eta tarte horretan guztian Mahoma ez zen beste ezein emakumerekin ezkondu. Sei seme-alaba izan zituzten: ume zirela hildako bi mutil (Abdula eta Al-Qasim) eta lau neska (Ruqqayah, Zaynab, Umm Kulthum eta Fatima).

Ikusi ahal izan dugunez, Mahomak bizitza arrunta izan zuen, Mekako beste merkatari askoren antzekoa. Baina, Kristo ondorengo 610. urtean, berrogei urte zituenean, ezusteko zerbait jaso zitzaion.

Mahomak hausnarketan aritzeko joera zuen eta, Mekatik gertu, Hira izeneko kobazulo batera joan ohi zen otoitz egitera, askotan baraurik. Tradizio islamikoak dioskunez, gau batez, esnatu eta aingeru bat agertu zitzaion, Gabirel arkaingerua. Aingeruak esan zion “irakurri” eta Mahomak erantzun “ezin dut irakurri”. Aingeruak Mahoma estutu zuen: “irakurri”. “Irakurri ezazu zure Jaunaren Izenean, koagulu batetik gizakia sortu duenaren izenean. Irakurri, zure Jauna baita Eskuzabalena! Idazlumaren bitartez erakutsi baitzien gizakiei ez zekitena”. Mahomaren begien aurrean hitzak agertu ziren eta errezitatzen hasi zen. Hori izan zen Islamaren lehen errebelazioa. Maabas eguna, oraindik ere musulmanek ospatzen dutena, Mahoma Jaungoikoaren azken profeta gisa hautatua izan zen eguna.

Musulmanen esanetan, une horretatik aurrera eta hil arte Mahomak Jaungoikoaren errebelazioa jaso zuen. Haren jarraitzaileek Mahomak errezitatuak idatzi zituzten. Horrela jaio zen Korana, hitz horrek, izan ere, horixe berori esan nahi baitu: errezitazioa. Musulmanentzat, baina, Korana ez da huts-hutsean Mahomak esandakoen bildum.”a bat; musulmanentzat Korana Jaungoikoaren hitza da, Mahomaren bitartez, profeta kanal gisa baliatuz, gizakiengana helarazia.

Aingerua agertu ostean beldurrak airean jarri zen. Hasiera batean, izututa zegoen, kobazuloan bizitakoa ez ote zen deabruren baten jukutria izan, beldur zen ez ote zebilen burua galtzen ari. Menditik jaitsi eta Khadijari kontatu zion gertatua, hark lasaitu zuen eta oso ulerkorra izan zen. Tradizioak dioenez, Khadija izan zen, izan ere, lehen musulmana, Islamera aldatu zen lehen gizakia. Horren ostean, Mahomak bere mezua zabaltzeari ekin zion, senitartekoen artean lehenik eta modu irekiagoan gero. Hurrengo hamabi urteetan Mekan eman zuen bere predikua eta, denborak aurrera egin ahala, geroz eta jarraitzaile gehiago zituen.

Shahada edo Aitortza da Islamaren bost oinarrietatik lehena. “Jaungoikoa beste jainkorik ez dago eta Mahoma bere profeta da”. Hau da, arabiarren artean nagusi zen animismoaren aurrean, Mahomaren jarraitzaileek monoteismoa defenditzen zuten eta uko egiten zioten irudien, idoloen, gurtzari. Kontuan hartu behar dugu Kaaban zeutzan idolo horien adorazioa zela, hain zuzen ere, Mekako aberastasun iturri nagusia eta, ondorioz, Mahomaren mezuak oposizio gogorra jaso zuela Quraix tribuaren baitan eta Mekako eliteen artean.

Baina fede berriak bazuen funts are arriskutsuagorik. Erlijio guztiek, hastapenetan, igualitarismo eta justizia sozialeko printzipioak sustatzen dituzte eta horixe berori egin zuen Islamak ere. Jaungoikoaren aurrean musulman guztiak, txiro zein aberatsak, berdinak dira. Islamaren hirugarren funtsa Zakat da: limosna edo amoina, alegia. Musulmanentzat derrigorrezkoa da aberastasuna behartsuenekin partekatzea, komunitateko ahulenak laguntzea. Berebat, Islamaren jarraitzaileek ezin dute esklabo musulmanik eduki: jopuak aitortza egiten badu, ezen Jainko bakarra dagoela eta Mahoma dela bere profeta, musulman bilakatzen bada, jabea bera askatzera derrigortua dago. Horrek guztiak sutan jarri zituen Mekako eliteak.

Musulmanek eraso fisikoak jaso zituzten, profeta bera hiltzen saiatu ziren Quraixtarrak. Hiria gerra zibilaren atarian zegoen. Azkenik, 622. urtean Mahoma eta haren jarraitzaileak Mekatik kanporatuak izan ziren, basamortura. Hegira izenez da ezaguna gertakari hura. Hain garrantzitsua ezen egutegi musulmanaren hasiera markatzen baitu, kristauentzat Kristoren jaiotzak bezala. Egun, Kristo ondorengo 2021ean baldin bagaude, urte hau Hegiraren osteko 1443.a da Islamarentzat.

Mekatik iparrera, Yathrib hirian, gaur egungo Medinan, babestu ziren musulmanak. Ziutate hura zatiturik zegoen, hainbat tribu eta erlijioren arteko gatazkek zartatua eta, dirudienez, komunitate hura baketzeko arbitro gisa onartu zuten Mahoma eta, harekin batera, Mekako erbesteratuak. Hala, Medina fede berriaren arabera antolatutako lehen Estatua bilakatu zen. Bertan jaio zen umma: lehen komunitate islamikoa.

Paganoekin ez bezala, Mahomak jarrera tolerantea izan zuen juduekin eta kristauekin, eurak ere jainko bakarraren gurtzaile eta erlijio errebelatu baten sinesle zirelako. Elizak eta sinagogak izaten eta euren erlijioak praktikatzen utzi zitzaien askatasun osoz. Dena delarik ere, musulmanek Liburuko Jende esaten zieten horiek yizyah izeneko zerga berezia ordaindu behar izango zuten. Medinan ezarritako begirunezko elkarbizitza hori mendeetan zehar mantenduko zen herrialde musulmanetan.

Hala eta guztiz ere, liskarrik ere izan zen musulman, kristau eta juduen artean. Mahomak uste zuen juduek eta kristauek aise onartuko zutela Jaungoikoaren profeta gisa, hots, Islamarekin bat egingo zutela. Baina hori ez zen gertatu. Horren ondorioz, hasiera batean errebelazio unibertsalista zena arabiarrago bihurtu zen. Une horretara arte, musulmanek Jerusalemera begira egiten zuten otoitz, baina Mahomak qibla, otoitzaren noranzkoa, aldatzeko agindua eman zuen. Aurrerantzean, Mekara begira errezatuko zuten.

Medina musulmanaren eta Meka paganoaren arteko harremanak zeharo gaiztotu ziren. Mekako eliteek musulmanen etxeak eta jabetzak konfiskatu zituzten eta Medinako Mahomaren jarraitzaileek, berriz, Mekako karabanei egiten zieten eraso. Zortzi urtez gerra izan zen bi hirien artean, baina ez gara guduen deskripzioarekin luzatuko. Tropa musulmanek garaipen militar nabariak egin zituzten mekatarren aurka eta, hala, Mahomaren ospea Arabiako Penintsula guztitik hedatuz joan zen eta musulman kopurua emendatuz.

Kristo ondorengo 630.ean, profetak hirurogei urte zituela, 10.000 gizoneko armadak Meka konkistatu zuen. Mahomak hiria barkatu zuen eta arpilatzeak debekatu. Zigorturiko bakarrak Mahoma laidoztatu zutenak eta Islama arbuiatu zuten musulmanak izan ziren. Musulmanek Kaaba ireki zuten eta barruan zeutzan 360 idoloak suntsitu zituzten, Jesus eta Ama Birjinaren irudiak izan ezik.

Bi urte beranduago, 63 urterekin Mahoma hil egin zen. Musulmanek Abu Bakr, Mahomaren lagun mina, eta profetaren hirugarren emaztearen aita, izendatu zuten Kalifa, Mahomaren oinordeko eta komunitate islamikoaren gidari. Mahomak ez zuen gizonezko ondorengotzarik eduki, hortaz, Islamaren buruzagitzaren auziak gatazka ugari eragingo zituen aurrerantzean. Zenbaitek uste zuten lider erlijioso eta politikoa musulman guztien artean hautatua izan behar zela eta beste batzuek, berriz, buruzagia profetaren odoleko norbait izan behar zela. Lehen taldea sunnitak izango ziren eta bigarrena, ostera, xiitak. Mahomaren bi semeak haurtzaroan hil ziren. Hori dela eta, xiitek Aliri irizten diote profetaren ondorengo, Mahomaren lehengusu izateaz gain, haren alaba Fatimarekin ezkondu zelako.

Munduko musulmanen %90 inguru sunnita da gaur egun eta %9 inguru, berriz, xiita. Xiitak nagusi dira Iranen, Iraken eta Libanon eta sunnitak, aldiz, gainontzeko herrialde musulmanetan. Islamaren baitan badira, hala ere, beste zenbait talde: ibadiak, jariyiak, ahmadiak… eta beste hainbeste.

Mahomak une horretara arte tribuetan banatutako herri nomada bat erlijio bakar baten pean bateratzea lortu zuen. Hurrengo mendean arabiar musulmanek, Arabiako Penintsula ez ezik, Mesopotamia, Siria, Palestina, Egipto, Afrikako iparralde guztia… konkistatu zituzten. Pertsiako inperioa berenganatu zuten eta Bizantzio menperatzeko zorian izan ziren ere. Mahoma hil eta ehun urte beranduago musulmanen inperioa, Damaskoko kalifen domeinuak, Iberiar Penintsulatik Txinara bitarte hedatzen ziren.

[Paperezko Itsasoa #Podcast] Islama jaio zenekoa

Podcast honen helburua humanitateen dibulgazioa egitea da. Historia, filosofia, hizkuntzalaritza, literatura, etnografia... hamaika gai jorratu nahi ditugu ahalik eta modu arin eta gustagarrienean. Eta noski: euskara hutsean.

2 pentsamendu “[Paperezko Itsasoa #Podcast] Islama jaio zenekoa”-ri buruz

  • segi aurrera zure dibulgazio lanetan gaurko gai arras interesgarri hau bezala bestelako istorio eta kontakizun gogoangarriak jorratuz.

  • Milesker!