[Urpeko Bonbarda #078] Oporretan
[Urpeko Bonbarda #078] Oporretan –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita hamazortzigarren saioan, oporren atarian gaudela profitatuta, munduari bira berri bat eman diogu, herri musikak lagun.
Hirurogeita hamazortzigarren saioan, oporretarako proposamena egin dugu munduko musikak entzunez, hiru hilabetero egin ohi dugunez.
Honakoan Ines Osinaga kantariarekin abiatu dugu bidaia sonikoa. Gose taldeko kide izanak Mercedes Sosa folk kantari argentinarrak ezagun egindako “Todo cambia” eman du euskaraz, Julio Numhauserren kantua, Miren Amurizak egindako itzulpenari esker: “Dena aldatzen da”.
Iberiar penintsulan gaztelar talde bitxi bat ere ezagutu dugu, Toledoko Viguela. Iparraldera eginez eta Europatik atera gabe, finlandiar musika entzun dugu Maija Kauhanen kantele jolearen ahotsean. Eta kretar ahaireak Mediterraneo ekialdean, Stelios Petrakis Quartet taldearekin. Eta Eurasian, Iberi abesbatza georgiarra.
Israeldarrak diren arren, Satellites taldeko kideek turkiar folk doinuak jorratzen dituzte, Anatoliar rock psikodelikoa, eta Australian jaioa bada ere, Julian Belbachir perkusio joleak afrikar ipar-ekialdeko erritmoak. Yungchen Lhamo kantaria, bere aldetik tibetarra da eta bertako folk musika jorratzen du, egun AEBetan bizi bada ere.
Afrikan, Mozambiken hasi dugu ibilbidea, portugesez kantatzen duen Amelia Muge bakarlariarekin. Zinbabwen Daniel Gonora itsuak gidatzen duen Gonora Sounds talde familiarra izan dugu zain, eta Malin berriz, egungo afrikar musikaren erregina, aurten “Timbuktu” plazaratu duen Oumou Sangare.
Bukatzeko, Ameriketako bi talde ere entzun ditugu, hegoamerikarra bata eta iparramerikarra bestea. Junior y su Equipo Ekuadorreko taldea “Saturno 2000 – La rebajada de los sonideros: 1962-1983” bilduma harrigarriari esker -“sonideroak” mexikar dj-ak ziren, musika behar baino astiroago jartzen zutenak, dantzarako aproposagoak zirelakoan: “kunbia rebajada”-. Eta Quebec urrutikotik Le Vent du Nord taldea, orain bi hamarkadatik hona bertako folk musika berpiztu nahian dabilena.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast
[Urpeko Bonbarda #078] Oporretan