Mercedesek mehatxatu, Urkulluk men

Mercedesek mehatxatu, Urkulluk men –

Mercedeseko hitzarmenaren negoziazioetan etengabe errepikatzen diren hainbat elementu, eta errealitate hori ezagututa, gai gara aurreikusteko nola jokatuko duten zuzendaritzak, erakundeek eta enpresa planteamenduetatik gertu dauden sindikatu batzuek. Laburbilduz: Mercedesek milioika irabazi pilatzen ditu urtero. Beraz, hitzarmenaren indarraldia amaitzen denean, enpresaren egoera bikaina kontuan hartuta negoziatu nahi izaten dugu ELA bezalako sindikatuek, langileek sortutako aberastasuna banatu dadin. Lan karga handia baitago, eta irabaziak ere halakoak dira.
Mercedesek mehatxatu, Urkulluk men
Arg: LAB

Enpresak, aldiz, atentzioa desbideratzen ahalegintzen da. Batzuetan, eredu berri bat edo etorkizuneko inbertsio berriren bat iragartzen du (bestela ere egingo duena), baina beti baldintzak jarrita; bestela, lantegiaren etorkizuna arriskuan dagoela mehatxatzen du. Egoera errepikatu egiten da aldiro; hor dago hemeroteka, aurreko negoziazioen testuingurua ezagutzeko.

Multinazionalaren proposamenaren ondoren, gobernuek bat egiten dute Mercedesekin. Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia, Tapia sailburua eta Urkullu lehendakaria lehian aritu dira langileei enpresak planteatutakoa onar dezatela eskatzeko. Munduko edozein enpresak amestuko luke herrialde bateko gobernarien hain laguntza sutsua eta baldintzagabea; multinazional bateko akziodunei laguntzeko orduan, euskal agintariak abangoardia dira. “Gutxiago hitz egin eta gehiago adostu” bezalako esaldiak, ordea, duela hamarkada batzuk gure lurraldea gobernatzen zutenen oihartzuna dakarte.

Mercedesek proposatu du 1.200 milioi euroko inbertsioa, ekoizpena bikoizteko. Ez dakigu zenbateko hori osorik enpresak jarriko ote duen, edo, beste inbertsio askotan gertatzen den bezala, Europako funtsek finantzatuko duten. Hau da, diru publikoak. Inbertsio horrekin Mercedesek nahi duena da, etekinei dagokionez, Gasteizko lantegia erreferentea izaten segi dezala multinazionalaren baitan.

Geure buruari zera galdetzen diogu: zerk justifikatzen du, egoera horretan, langileek erdipurdiko hitzarmen bat adostu behar izatea? Lehen aipatutako arduradun politikoek esaten dute ahaleginak egin behar direla lan karga txikia eta etekin gutxi daudenean. Enpresek asko irabazi eta inbertsio handiak egin ditzaketenean, lan baldintzak ere okertu egin behar dira, dirudienez. Errespetu falta izugarria iruditzen zaigu.

Gogoratu dezagun, pandemiaren hasieran, Mercedeseko langileek uko egin ziotela bizitza arriskuan jartzeari, eta ekoizpena gelditu zuten, ahalduntze eta duintasun osoz. Adibide horretatik abiatuta, ELAk garbi du badela garaia langileen ahaleginak sortutako aberastasunean oinarritutako hitzarmena lortzeko. Hori da modu bakarra ez dadin errepikatu Mercedeseko hitzarmenen historia, beti Mercedesen interesen arabera sinatu direnak.

Mercedesek mehatxatu, Urkulluk men

ELA - Industria eta eraikuntza, Gasteiz