[Urpeko Bonbarda #013] Gona rock & roll

[Urpeko Bonbarda #013] Gona rock & roll –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hamahirugarren saio honetan, rock&roll-aren aitzindari izan ziren musikari emakumeak dakartzagu podcastera.

Hamahirugarren saio honetan, rock & roll musikaren hastapenetan aitzindari izan ziren musikari emakumeak ekarri ditugu, Pikara magazinean Sister Rosetta Tharpe rock & rollaren sortzaile gisa aldarrikatzen zutela irakurri eta gero. Inoiz baino kantu gehiago entzun ditugu, bi minutu ingurukoak asko, batzuetan gospel (Sister Rosetta Tharpe), rythm&blues (Dodie Stevens edo Lavern Baker) edo rockabilly (Sparkle Moore edo Janis Martin) moldean emanak, rock&roll-arekin muga lausoan.

[Urpeko Bonbarda #013] Gona rock & rollEntzun ditugu musikarien eskubideen alde borrokatu zuen Ruth Brown eta, batzuen aburuz, rock izartzat hartua izan zen lehen emakumea, Lillian Briggs. Zerrendako emakume batzuk goiz utzi zuten musika, familia hezi eta hazteko, Faye Adams-ek, kasurako; eta beste batzuk “goitizenak” hartu behar izan zituzten, gizonezkoen “baliokide” izateko, Laura Lee Perkins, berbarako.

Sister Rosetta Tharperekin batera, Wanda Jackson eta Etta James dira zerrenda honetan itzal handiena duten musikariak, eta gure aburuz, Cordell Jackson guztietan harrigarriena -rock&roll zigilu propioa, Moon Records, sortu zuen musikari eta ekoizlea-, Sister Rosetta Tharpe bezala, gitarrarekin berritzailea izan zelako.

Elvis Presleyren auzokide eta txikitako lagun Barbara Pittman-en “Everlasting Love” eta Connie Francis-en “Stupid Cupid” ere entzun ditugu. Gaurko zerrendan, bi gizon ere jarri ditugu kantari. Batetik Elvis Presley, bere aurretik Big Mama Thornton-ek grabatu zuen “Hound Dog” famatu egiten, eta bestetik Big Maybelle-ren “Whole Lotta Shakin´ Goin´ On” kantuarekin beste horrenbeste egin zuen Jerry Lee Lewis.

Madeleine Peyroux jazz musikariaren “Shout Sister Shout” ere entzun dugu, omenaldi gisara Sister Rosetta Tharperi egindako berrirakurketa. Eta saioa ixteko, gaur egungo kantu bat entzun dugu, “Oh, pandemic”, Jerryren arreba Linda Gail Lewisek iaz sortua, Covid-19 gure bizitzetara heldu eta gero.

Gaurko saioan, Leah Branstetter-ek Spotifyn egindako playlista baliagarri izan zaigu aukeraketa egiteko orduan.

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify    Apple Podcast    Stitcher    Google Podcast    Ivoox 

[Urpeko Bonbarda #013] Gona rock & roll

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!