[Urpeko Bonbarda #053] Bira bat munduari

[Urpeko Bonbarda #053] Bira bat munduari –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Berrogeita hamairugarren saioan, atzean utzi berri dugun 2021eko lan nabarmenetako batzuk aurkeztu ditugu, herri musika diskorik bikainenak.

Berrogeita hamairugarren saio honetan, herri musikak 2021ean plazaratu dituen lanik goraipatuenetako batzuk ezagutu ditugu, musika aldizkarietan han eta hemen argitaratu diren zerrendak entzunda.

[Urpeko Bonbarda #053] Bira bat munduariOkzitaneraz kantatzen duen San Salvador ahots seikotearen debut lanarekin hasi dugu saioa, eta John Francis Flynn irlandarraren estreinekoarekin bukatu.

Elektronika eta errusiar musika tradizionala uztartzen dituen Staritsa taldearen “Klyukva” ezagutu dugu tartean, baita errusiar herritartasuna izan arren tuveraz mintzo den Khöömei Beat boskotearen lan berria ere, eztarriarekin kantatzen duena; biak ala biak oso interesgarriak.

Ameriketan, Mabe Fratti biolontxelo jolearen musika esperimentala ezagutu dugu Guatemalan; eta Otura Mun musikariaren ÌFÉ egitasmoa New Orleansen, afrokubatar doinuak elektronikarekin nahasten dituena.

Eta Afrikatik, sorta polita ekarri dugu, musika uzta aberatsa plazaratu baitu 2021ean ere: Boli Kostako Dobet Gnahore kantariak “Couleur” lana argitaratu zuen iaz, eta “Griot jazz” itzal handiko laukote batek, Baba Sissoko (ngoni eta tama), Lansiné Kouyaté (balafon) eta Madou Sidike Diabate (kora) maliarrek eta Jean-Philippe Rykiel frantziar teklatu jole itsuak. Jaiotzez israeldarra bada ere, Ben Aylon perkusio jolearen “Xalam” ere, sonoritateari dagokionean, Afrika mendebaldekoa dela esan dezakegu; askoren ustez 2021eko diskorik onena herri musiken atalean. Eta bilduma interesgarrienetako bat dugu Witch Camp (Ghana), sorginkeria leporatu eta bakartuak dituzten emakumeek kantatua. Desagertzear diren dialektoetan abesten dute, kantu laburrak a capella edo perkusio soilaren laguntzaz emanez.

Fusio lanak eman dituzte Guy Buttery hegoafrikar gitarra joleak batetik, Indiako musika tradizionalean maisu diren Mohd. Amjad Khan eta Mudassir Khan musikariekin, batetik; eta egoitza Londonen duen Electric Jalaba taldeak bestetik, gnawa marokiarra jotzen duena.

.[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Gure proiektua zu gabe ez litzateke deus

Spotify     Apple Podcast    Stitcher    Google Podcast      Ivoox

[Urpeko Bonbarda #053] Bira bat munduari

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!