ETBk, 39 urte

ETBk, 39 urte –

Amatiñok bere blogean.

Abenduaren 27an, ETB2ko “Atrápame si puedes” lehiaketa-saioan zehar, aurkezleak galdetu zuen, gaztelaniaz: “Zein kate izan zen lehena emititzen 1982an. ETB1 ala ETB2?”. Eta lehiaketariak erantzun: “ETB2”. Erantzuna ez zen, noski, zuzena izan, baina ezta galdera ere. 1982 urtean ETBk ez zuen-eta ezertxo ere emititu. ETBren lehen emanaldia 1983ko Urteberri eguneko lehen segundoan hasi zen.

Beldur naiz, ordea, okerreko galdera hura ez zela izan gidoigilearen hanka-sartze hutsa soilik, ETBren baitan mamitu den nolabaiteko fantasia baizik, eta honek ulertararaz lezake bart gaueko programazioa. Telefonoz jaso nituen zorion-deiei jaramonik eginez gero, behintzat, zalantzarik ez ikusentzule guztiak oheratu zirela sinestuta orain 40 urte sortu zela ETB, nahiz, oraindik, urtebete oso-osoa falta izan, Maria Jose Insausti eta Elene Lizarralderen lehen agerpenaren berrogeigarren ”urtebetetzea” benetan betetzeko.

ETBk, 39 urteBai, ETBren lehenbiziko programa 1983ko Urteberri eguneko lehen ordu txikietan hedatu zen, eta ez 1982ko Gabon Zahar eguneko hondarretan. ETBk nahita ahaztu arren, Maria Jose Insaustik ahozko froga utzi zigun, birritan gainera. Lehenik “lehen ordu hauetan, 1983ko lehen minutu hauetan…” Eta geroxeago, “gaur, 1983 urtearen sorreran jendaurreko lehen pausua ematen dugu”.

Ezin uka, 1982 urtea garrantzitsua izan zela ETBren historian, Gernikako Estatuaren (1979) eta lehen Eusko Jaurlaritzaren (1980) arabera, 1982an onartu baitzuen Eusko Legebiltzarrak Euskal Irrati-Telebistaren legea, baina ez, behintzat, gure etxeetan ikusi ahal izan genuelako. 1982 urtean zehar, eta lehenagotik ere, ETB telebista-katea itxaropen edo ilusio hutsa baino ez zen izan.

Dena den, 1982 urtean zeharreko ETBren lehen urratsak gomutaraztekotan, 1983ko lehen emanaldia baino aproposago litzateke gogoan hartzea Kultura Sailak, 1982an, Xabier Elorriaga tarteko, Donostiako Prim kalean abian jarri zuen aurkezle eta bikoizketa-eskola. Gogoratu beharrekoak, Martin Ibarbiak euskal zinegile eta ekoizleen artean bilbatu zituen harremanak; eta ezin ahaztu ETB nazioarteko merkatuan onartua izan zedin (eta hartara filmak erosi ahal izan) Josu Erguinek munduan zehar barreiatu behar izan zuen “diplomazia komertziala”; ezin ere ahaztu, hurrenez hurren, Iñaki Beobideren zein Eugenio Iriondoren zuzendaritzapeko produkzio eta teknika taldeek eraikitako lehen oinarri eta zutabeak.

Ildo beretik, 1983ko Urteberri eguneko lehen programa eta ondorengoak gogoratzeko orduan, nahitaez azpimarratu behar 1982ko udazkenean Alemaniako ikastaroetan parte hartu zuen berrogei lagun inguruko taldea, teknikariak, ekoizleak, errealizatzaileak, kamerak, argiztatzaileak, audio-arduradunak,  kazetariak eta beste. Labur esanda, ETBren egitasmoaren “lirika” hutsetik hasi eta egia bilaka zedin bastidore artean buru-belarri saiatu zirenen “epikari” ere zor zaio oroitzapenen bat.

Baina tira, bertatik bertara egon ginenok, behintzat, nekez ospatu ahal izango dugu 2022an (are gutxiago 2021eko Gabon zaharretan) ETBren 1983ko lehen emanaldiaren berrogeigarren urteurrena.  Urtebete zain egoteko prest gaude, ETBk urtebete barru zer egingo ote duen ikusteko baino ez bada ere.

ETBk, 39 urte

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.