2022ko Gernika Sariak direla-eta, gure iritzia

2022ko Gernika Sariak direla-eta, gure iritzia –

Orain egun bat 2022ko Gernika Sarien sarituak iragarri dira: Bakearen eta askatasunaren aldeko emakumeen nazioarteko elkartea eta Kaltzada egoitzako zaintzaileak.

Gure aldetik, gogoeta batzuk aipatu nahiko genituzke:

1.- Biak ala biak egokiak ikusten ditugu. Alta, Kaltzadako langileen kasuan, bederen, aurretik aitortu beharrekoa izateaz gain (gogora dezagun 2020ko apirilaren 26ko ASTRAko sirena osasun langile batek aktibatu zuela Lobak elkarteak bultzatua, adibidez) udalak dituen eskumenen baitan haien lan-baldintzak hobetzea litzatekeela aitortzarik handiena, eta guztion onura pertsonal, familiar eta soziala ere. Horretan asko dago egiteko eta ez dira sarien uneetara itxaron behar.

2.- Gernika Sarien iradokizunak ahalik eta zabalenak, anitzenak eta osoenak izan daitezen, uste dugu gogoeta (soziala, instituzionala) egin beharko genukeela denok; izan ere, ez dugu uste dagokion zabalpena, parte-hartzea eta baliabideak jartzen direnik herritarron atxikimendua sustatzeko.

3.- Aitortzen dugu aurton epez kanpo iradoki dugula gure proposamena (urtero egin izan dugu, nahiz eta erantzunik ez jaso izan). Eta, beraz, informazio gisa helarazten dizuegu epai-mahaiari igorritako testu bera:

2011-2021. AIETE eta ondorengo bilakaera.

2022ko Gernika Sariak direla-eta, gure iritziaAurten 10 urte bete dira Aieteko jauregian konferentzia historiko bat gauzatu zenetik; euskal gatazkari aterabide adostu bat emateko topagunea izan zen; zeinetan Euskal Herriko alderdi, sindikatu eta ordezkari instituzionalen bilgune ahalik eta zabalenek, eta nazioartean gatazketan eragile aktibo garrantzitsuak diren ordezkariak bildu zituen. Gatazkari amaiera adostua emateko 5 puntutako erresoluzio batekin bukatu zen. Ondoren, egun batzuetara, ETAk erantzun zuen bere ekinbide armatua amaitutzat iragartzen.

Ibilbide luzeago baten abiapuntua bihurtu zen konferentzia hura; jakinik dimentsio horretako ekimenek, aurretik, aldeko testuingurua sortuz eta sukaldeko lan handia eta multi-disziplinarrarekin baino ez direla gauzatzen.

Ondoren ere gora-behera eta mugarri garrantzitsu eta mugiezinak burutu ziren: armagabetzea 2017an nazioarteko behatze batzordearekin (Ipar Euskal Herrian nazioarteko begiraleekin), eta ETAren disoluzioa 2018an (Arnagan eta Genevan).

Tartean ere, egitasmo askok bidea elikatu dute; hala nola, Foro Sozialaren sorrera (gerora iraunkortu dena), nazioarteko aktoreen parte-hartzea mantendu izana, harreman hariak mantentzea….

Urte guzti horietan Berghof fundazioa bidaia-lagun izan du Euskal Herriak. Eta dagokion aitortza egitea badagokigula deritzogu. Elkarte independiente, gobernuz kanpokoa eta irabazirik gabekoa da, eta bere xede nagusia da bortizkeria sozial eta politikoa gainditu eta bake iraunkorra egikaritzen laguntzea. Mundu mailan izaera ezberdinetako gatazketan esku-hartzea izan du, eta gure herrian modu emankorrean eragin positiboa izan du, zalantzarik gabe.

Hori guztiagatik, 2022ko Gernika Saria Berlingo Berghof fundazioari (Veronique Dudouet Gatazken transiziorako programen zuzendari gisa) eskaintzea proposatzen dugu.

.

Gernika Memoriaren Lekuko plataforma

2022ko Gernika Sariak direla-eta, gure iritzia

Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile batu gara Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenean herriko taldeen jarduerak koordinatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude