Analfabetismoa gurea

Analfabetismoa gurea –

Ez da inoren gustukoa analfabetoa dela entzutea, are eta gutxiago, entzuten duen horrek ikasketak dauzkala eta hizkuntzak (bi, gutxienez) dakizkiela jakina denean. Izan ere, analfabetoa ei da idazten edota irakurtzen ez dakiena, edo baita oso kultura eskasekoa dena ere, hiztegiak dioenaren arabera. Eta euskaldunok, denok  edo gehien-gehientsuenok behintzat, bi hizkuntza dakizkigu (euskara eta gaztelania, edota frantsesa) hemengoak izate hutsagatik; berton bizi diren elebakarrak esango nuke erdaldunak direla gehienbat. Eta, bi hizkuntzok jakiteaz gain, erabili ere egiten ditugu egunerokoan, ahoz nahiz idatziz, dela lanagatik, dela harremanengatik, edo dena delakoagatik. Hortaz, nekez esan liteke analfabetoak garela gu, euskaldunok. Ala bai?

Analfabetismoa gurea

Kontua da, gaur egun, hizkuntzaren erabilera idatzia askoz handiagoa dugula lehen baino, seguruenik, sare sozialen erabileragatik beragatik, batez ere pandemia garaion. Eta hor, hizkuntza idatzi horretan, erraz eta nabarmenagoa izaten da analfabetoak antzematea, analfabetismoa baita, ez bakarrik idazten edota irakurtzen ez jakitea, baita hizkuntzaren arau ortografikoak, sintaktikoak, gramatikalak… ez menderatzea ere; esaterako, hizkuntzan barik, hizkeran idazten dugun hori, oso fenomeno zabaldua baita, egun, hizkeran idaztea, idazkera bazter utzita. Une oro ibiltzen gara hizkuntza eta hizkera nahasten, batik bat, euskaraz aritzen garenean; gaztelaniaz, ordea, bi kategoria horiek hobeto errespetatzen dakigula esango nuke.

Euskaraz jardutean, sare sozialetan bereziki, agerian utzi nahi izaten dugu geure jatorria, eta, “jatorrismo” horren izenean (berori jatortasuna ez baita, praktikatzen duenaren ustearen kontra), hitzak laburtu, elkartu, hizkiak aldatu edo beste edozein arau-hauste egiten diogu gure hizkuntzari, euskarari. Gaztelaniaz edo frantsesez egingo ez genukeena euskaraz egiten dugu, nolabaiteko berezitasun pertsonala agertu nahian, besterengandik bereiziko gaituena, euskaldun baino euskaldunagoak garela erakusteko asmotan.

Baina, esanda bezala, jatortasunik gabeko jatorrismoan erortzen gara horrela jokatuta; analfabetismoan, alegia. Barregarri uzten dugu geure burua, eta, bidenabar, geure hizkuntzan berean zeinen analfabetoak garen ezkutatzen ahalegintzen gara, horrela “nahita” edo idazten dugulakoan, baina agian batuan (bizkaiera, gipuzkera edota edozein euskara batuz ari naiz) dugun “ezina” edo “gabezia” ezkutatuz.

Gaztelaniaz halakorik idatzita ikusiko bagenu, zalantzarik gabe, barre egingo genioke egileari, eta, ziurrenik, bere hizkuntzan alfabetatzera gonbidatu ere egingo genuke, bere hobe beharrez, denon on beharrez. Euskaraz, ostera, irudipena dut lausengatu egiten dugula bere berbaera idazten duena, losintxaka ibiltzen gatzaizkiola mintzamoldea idaztankera bihurtzen duenari, pentsatu ere egin gabe zenbateko kaltea eragiten dion horrek euskaldungoari, euskaldunon komunitateari bere osotasunean, egilea barne.

Benetan nahi baldin badugu euskarak atxikimendua eta ekarritasuna  izan dezan, behar-beharrezkoak ditugu euskaldun erreferenteak, noski, baina, era berean, konturatu beharra dugu gu geu garela geure buruaren erreferenterik hurbilen eta behinenak, beharrezkoenak, ezinbestekoak. Has gaitezen, bada, euskaldun eredugarriak izaten, geure hobe beharrez, denon on beharrez.

Alkarterri bloga

Analfabetismoa gurea Analfabetismoa gurea

3 pentsamendu “Analfabetismoa gurea”-ri buruz

  • Hizkuntza batean analfabetoa izatea gauza komuna zen lehenago, gehienak ziren analfabetoak. Baina hizketan bazekiten eta aho kultura bizkorra izaten zuten. Gaur, zoritxarrez, gero eta zabaduago dago hizkuntza ez den ore zikin bat hizketarako ibiltzea. Nekeza da haiekin mintzatzea eta nazkagarria haien ihardukiari segitzea. Eta euskal kultura arrastorik ez zaie nabaritzen. Horiek analfabetotzat al dituzu? Niretzat horiek ez dira euskaldun analfabetoak. Horiek izatekotan erdaldunak izanen dira, beren hutsunea nola disimulatu ez dakitela, bazterrak nahasten dabiltzanak

  • Hara! Onartzen dut pixkat harritu nauela hau irakurtzeak. Kasualitatea izango da, baina ni izan nintzen zure azken artikuluan lerro batzuk euskalkian eta laburdurekin idatzi zituena. Bizitzan behin zerbait euskalkian idatziko (whatsappetik kanpo), eta hara non, analfabetoa naizela irakurri behar! Analfabetoa ni, eta gaur arte ohartu gabe!

    Euskaldun berria zarela suposatzen dut. Euskalkidun inork ez luke horrelakorik sekula idatziko, ezta euskaldun berri gehienek ere, zorionez. Euskalkiei gorrotoa diozuenok zuen ezintasuna eta inbidia bakarrik erakusten duzue. Irakasle euskaldun berriaren sindromea deitzen diot nik. Ezinaren aurrean, eraso eta irain.

    Zurea tesi zahar bat da, eta falazia hutsa da gainera. Gaztelaniaz guztia zuzen eta laburdurarik gabe idazten denaren sineskeria bezain faltsua. Hizkuntzek espresabide anitz dituzte, guztiak onak eta beharrezkoak, eta zenbat eta gehiago hobe, bizitasunaren erakusgai baitira. Hemen inor ez da analfabeto. Inon egotekotan, euskal analfabetismoa ahozkoan dago gaur egun, ez idatzizkoan.

    Debate hau aspaldi gainditua dago gizartearen gehiengoarentzat. Baina oraindik badira hau liseritu ez dutenak ere, antza. Euskalkien eta lagun-hizkera laburtuaren errealitatea onartu eta maite beharko zenukete, guk euskara batua eta zuzentasuna maite ditugun bezalaxe. Askoz hobeto geundeke, hala balitz.

  • Euskahaldun 2022-01-10 00:20

    Julen ez dut uste artikulua ondo ulertu duzunik. Ez dut artikuluan inondik inora ikusten euskalkien erabilelaren kontra ageri denik edo erabiltzearren analfabetismoa sustatzen denik. Euskalkiek ere badituzte bere arauak eta hori argi uzten du artikuluan (“bizkaiera, gipuzkera edota edozein euskara batuz ari naiz” esaten duenean). Baina ezin uka daiteke askoren joera dela euskaran dituzten gabezi sintaktiko, gramatikal, ortografiko zein hiztegizkoak, ustezko euskara jator edo, Amurizak esaten duen bezala, “sukalkietan” ezkutatzea, dagokion kontestuan erregistro formala eta informalaren artean egin beharreko bereizketa errespetatu gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude