Beldurra
Beldurra –
Beldurraz mintzo da Unai Iturriaga: bertsotan hasi aurreko beldurraz, baita euskal beldurrez ere. “Euskal beldurrak”. Zer ote da hori? Entzun Unaiek Bertsolari aldizkariaren Makarrizketak programan dioena beldurrik gabe.
“Barruan gaude” podkastean Euzkitzeri eginiko elkarrizketa batean entzun nion pasadizoa, joan den mendekoa, 1995ekoa hain zuzen ere. Zelan ETAk bahitua zuen Aldaia enpresaria aska zezaten eskatzeko ekitaldi batean bertsotan egin ostean taxia hartu zuen Andoainera bertsotara joateko, beldur zela bere autoan joateko. Sinesten diot Xabierri, neu ere beldurraldi ederrak pasatakoa bainaiz bertsotara bidean eta bueltan. Igaro beharreko peaje bakoitza baino 500 metro lehenago abiadura motelduz, Bereterretxek nola, neure beldurrari esanez “Habil eta so egizan gizon berderik denez ageri”.
“1995eko abenduaren 15ean epaiketa audientzia probintzialean. Filmetan esan ohi den bezala “egin ez nuen zerbaitegatik epaitua”. Alferrik esango nuen beldurtiegia nintzela leporatzen zidatena egin ahal izateko. Salatu ninduen ertzainetako batek epai aretoan dena atzera bota zuen, bertsotatik ezagutzen ninduela eta “nahiko ona” omen nintzela”.
“1997an, ETAk Miguel Angel Blanco akabatu eta hilabetera, Bilboko Aste Nagusiko pregoilari ni. Hamabosta lehenago zita bat Bilboko Plaza Berrian, galoiduna bera, gizona: “Zer esango duzu pregoian?”. Lazkao-Txikirena etorri zitzaidan gogora baina ez nion bota, beldurragatik, beharbada. Peajeak nonahi.”
Plazera zuri entzutea, Unai!