Zergatik igo da elikagaien prezioa?
2009tik, elikagaien prezioak ikaragarri hazi dira, ia bikoiztera iritsi arte. Oinarrizko zenbait elikagaien prezio altuek eragin zuten “Udaberri arabiarra” eta egunotan ezagutu dugun Afrikako Adarreko egoera larriarekin lotuta daude ere. Zeintzuk izan dira igoera honen arrazoiak?
Aurrezki Kutxen Fundazioak (Funcas) egindako informe batek (‘Los precios de los alimentos. Un nuevo equilibrio internacional’) azken hilabeteetan elikagaiek izan duten prezio igoeraren arrazoiak zerrendatzen ditu:
– Munduko biztanleria egungo 7.000 milioitik 10.100 milioira pasako da datozen bederatzi urteetan -Nazio Batuen arabera- , era berean errentak ere hazi egingo dira.
– Sortzen ari diren ekonomietako jan-edanak aldatzen ari dira eta haragi eta esneki gehiago kontsumitzen hasi dira.
– Eskaintza ez da nahikoa; hau da, nekazaritza sektoreko produktibitatea ez da hazi eta ez dira inbertsiorik egin kontsumitzaileen hazkundeari aurre egiteko. Arrazoiak gastu handiak eta eskariaren aldakortasuna dira.
– Nekazaritzarako beharrezkoak diren oinarrizko baliabideak, lurra eta ura, munduko zonalde gutxi batzuetan daude bakarrik. FAOren arabera, Asiako hegoaldean, Afrikako iparraldean eta Ekialde Ertainean ez dago lur-landuaren azalera handitzeko tarterik.
– 2007 eta 2010ean uzta txarrak izan ziren, batez ere Asia erdialdean, eta iaz, Errusiako gari ekoizpena %25 jaitsi zen.
– Petrolioaren prezioaren igoera oso lotuta dago elikagaienarekin, horiek garraiatzeko ez ezik, ongarriak sortzeko ere erabiltzen baita. 2010eko apirilean Brent kupelaren prezioa ia 130 dolarrekoa zen, azken bi urteetako altuena.
– Stockak murriztu egin dira Estatu Batuen eta Europako Batasunaren nekazal politiken etengabeko aldaketak direla eta. Munduko Bankuaren arabera, 2000. urtean munduko ale erreserba %35 zen kontsumoarekiko, eta gaur %20.
– Bioerregaiak sortzeko elikagaien eskaera, artoarena batez ere, gero eta handiagoa da. Egun, Estatu Batuetako arto produkzioaren %40 bioerregaietara bideratzen da.
– Herrialde askotan politika murriztaileak sortu dituzte mugen barruko elikagaien inflazioa eteteko asmoz. Ondorioz, inflazioak gora egin du mugen beste aldean. Munduko Bankuaren arabera, arrozaren balioaren igoeraren erdiak mota horretako ekintzetan du jatorria.