Hamaikabat alderdiaren porroteranzko bidea

h12009ko udan jaio zen Hamaikabat eta bi urte geroago desagertu egin da. Eusko Alkartasunatik alde egin zuten ezker abertzalearekin lerratzeko apustua ez zutelako begi onez ikusten. Baina, ilusiorik eskaintzeko aukerarik gabe eta eskukada bat hauteslerekin, siglen saltsak irentsi egin du H1!

Agur ere esan du kazetariak buruhaustez bete dituen alderdiak:

Hamaikabatek, Hk, H1!-ek, H1entzat…

Deitura bitxi horrekin izendatu zuten ordura arte Alkarbide EA barneko taldea zen hura. Iñaki Galdos buru zuten horiek, gehienak gipuzkoarrak, ez zuten ulertu 2009an Unai Ziarretak zuzentzen zuen alderdiak hartutako erabakia: EAEko legebiltzarrerako hauteskundeetara bakarrik joatea EAJrekin ordez. Ordurako, gainera, EA eta ezker abertzaleak aurrera begira elkarlanean aritzeko elkarrizketak hasiak zituzten. Gerora jakin denez, legebiltzarrerako hauteskunde horietan eta Europako hauteskundeetan batera joateko aukera zirriborratu egin zen.

EAJrenganako “boz erabilgarriak” eta EA barruko iskanbilek alderdia hauspo gabe utzi zuten hauteskundeen atarian. EAk legebiltzarrean lortutako emaitza negargarriak -legebiltzarkide bakarra- aldentze abiadura biderkatu zieten Alkarbidekoei. Hala, Hamaikabat sortu zuten eta Gipuzkoako hainbat zinegotzi eta diputatuk EAtik H1erako jauzia egin zuten.

Bakoitzak bere bidea

Iñaki Galdosek iragarri bezala, Eusko Alkartasunak ezker abertzalearekin batera egin du epe luzerako apustua, horren lehen erakuslea 2010eko ekainaren 20an sinatutako Lortu Arte akordioa izan zen. Galdosek EAren “hor dago” hori arriskutsuegia zela uste zuen, eta beste batzuekin batera egin zuen alde ezker abertzalearekin elkartu baino lehen.

EAJrekin batera izan zezakeen lasaitasun instituzional eta politikoaren aldean, EAk proposatutakoa gorabeherez eta urrats zainduez beteriko ibilbidea zen. Edo, bestela esanda, Hamaikabatek betiko politika eskaintzen zuen, EAk, ordea, proiektu zail bezain handinahitsua eta itxaropentsua.

Hauteskundeen atarian Hamaikabat eusten zituzten lastozko zutabeak banan banan erortzen hasi ziren. Alderdiaren miseriak zabaltzen hasi ziren laster. Hamaikabateko kide anonimo batek bereak eta bi idatzi zituen publikatu egin zen gutun batean. Funtsean, Hamaikabateko zuzendaritzari hiru gezur potolo erabiltzea egotzi zizkion; alderdiko kideak asko zirela, EAJrekin itun estrategikoa hitzartuko zela eta biolentziaren amaiera urrun zegoela. Hiruetatik erdipurdika bete zuten bakarra EAJrekin batera aurkeztearena izan zen, Araban bai, baina Gipuzkoan eta Bizkaian ez. Nafarroan “missing”.
11bateko Kide Baten Gutuna

Zenbakiek bakoitza bere lekuan jarri dute

Galdosek “H1ek EAk izandako lekua” izan behar zuela aldarrikatzen zuen hauteskundeen atarian. Baina, egia esan, H1 sortu zuten esferatik kanpo panorama iluna izan du alderdiak.  “Zer da Hamaikabat?”, esango zuten askok. “EAren zatiketa”, “haserretu diren gipuzkoarren alderdi berria”, “EAJrekin batu nahi duena”. Horren erantzuna falta izan zaio, oihartzun publikoa eta mezu interesgarria. Azkenean, M22an hamaika+bat zinegotzi lortu zituen, hamabi, alegia. Hego Euskal Herriko bozen %0,61 lortu zuen, Gipuzkoan %2,5. EAtik ihes egindako 8.667 boz jaso zituen H1ek, 2009an legebiltzarrean 37.820 lortu zituen EAk.

EAk sekulako emaitzak lortu zituen Bildurekin. Ezin da jakin alderdi bezala izango duen etorkizuna, baina ezin da ukatu euskal gizartearen zati handi batek EAren jarrera txalotu egin duela. Koalizoak Hego Euskal Herriko bozen %22 lortu zuen.

Atzera itzulirik gabeko gainbehera

Porrota onartu” egin zuten hauteskundeen biharamunean, EAtik alde egin eta Hamaikabat sortzearen estrategiaren akatsa argi gelditu zen. Bi urteko ibilbideari amaiera eman zioten joan zen astean Hamaikabateko kideek. Alderdiak plataforma gisa funtzionatuko du. Eta, gero, gerokoak.

 

 

 

 

alderdia, eusko alkartasuna, H1!, Hamaikabat, politika desagertu

7 pentsamendu “Hamaikabat alderdiaren porroteranzko bidea”-ri buruz

  • Ulertzekoa da hartutako erabakia. Boto bakar bat eduki gabe hainbat zinegotzi eduki dituzte eta Gipuzkoako Aldundiko gobernuan egon dira. Boto bila joan direnean, gurasoena, aiton-amonena, anai-arrebena eta koinaturen batena bakarrik lortu dituzte. Askoz errentagarriagoa dute beste norbaiten zerrendan aurkeztu eta gero bere kontura aritzea.

  • Amonamantangorri 2011-08-01 17:24

    -“”Zer da Hamaikabat?”, esango zuten askok. “EAren zatiketa”, “haserretu diren gipuzkoarren alderdi berria”, “EAJrekin batu nahi duena””-.

    Nik, egia esan, EA zer den ere ez dut inoiz oso argi eduki. Askotan aditu dut EAzaleak, ideologia baten inguruan baino, pertsona baten inguruan elkartu zirela, Garaikoren inguruan, alegia.

    EAJren eszisio sozialdemokrata izan omen zen, baina goiko gutun horretan aipatutako “bultza” edo “bultzagile” horien idatzi batzuk irakurrita, ez zaizkit oso ezkerrekoak ere iruditu…

    Hamaika 1ekoek polo soberanistaren abenturetan sartu nahi ez izatea, normala. Harritzekoa litzake, esate baterako Hernanin, Rekondo jaunaren taldea (“bultzagile” horietakoa omen) eta ezker abertzaleko betiko jendea zerrenda beraren barnean joatea. Hala ere, onartu behar dut, bitxi xamarra ere badela Rafa Larreina, Opus Deiko kidea, ezker abertzaleko koalizio honen bozeramaileetako bat izatea…

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-01 22:03

    Niri bitxia juxtu kontrakoa iruditzen zait, Opus Deikoa ere izatea. Esaten eta (nik dakidala) egiten dituenarekin, Bildun egoteak ez luke inor harritu beharko. EAri buruz, sortu zen moduan sortu zen, nik ere ez dakit batere ondo, baina alderdi politikoei buruz hausnartzean azken urteetan egindako ibilbideari begiratzea askoz errealagoa iruditzen zait. Nola sortu ziren…kasu gehienetan anekdotiko iruditzen zait, hainbeste gauza eta pertsona aldatu da…

  • Amonamantangorri 2011-08-02 02:09

    Bere blogean erantzuten dio bati, Greenpeaceko kidea ere badela, eta hori ere, berdin-berdin, erabat bateragarria dela bere kastitatezko bizimoduarekin eta militantzia politikoarekin.

    Nire irudikoz, Opuseko numerarioa izatea eta, adibidez, Círculo de Lectoreseko harpideduna izatea ez dira gauza bera. Katoliko praktikantea izatea eta Opuseko numerarioa izatea ere ez. Ez dut esplikatuko zergatik ez zaidan gauza bera iruditzen, eta ezta ere, zergatik ez didan batere graziarik egiten Opuseko numerario batek koalizio independentista baten barneko informazio delikatua eskura edukitzea. Berandu da. Oso. Igual bihar…

    Iraganak baino inportantzia handiagoa du orainak, horretan konforme.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-02 09:47

    Niretzat ere ez da gauza bera Opuseko kidea izatea eta Greenpeaceko edo zuk esan duzun bezala Círculo de Lectoreseko kide izatea, ez dut uste ezberdintasunak esplikatu beharra dagoenik, lasai.
    Beharbada planteatu dezakegu zuk idatzitakoaren alderantzizkoa (umorez diot hau): Koalizio independentista bateko kideak Opus Deiko barne informazio delikatua ezagutzen duela…

  • Amonamantangorri 2011-08-02 14:58

    Kar kar. Larreinak, alderdian ere, “Confidencia” izeneko elkarrizketa batzuen bidez, bere bizitzaren xehetasun guztiez hitz eginen al dio alderdiko arduradun bati? Igual agente bikoitza da…

    Kasu hori, batez ere, EAren “eklektizismoaren” erakusgarritzat jarri dut.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-02 19:58

    Agente bikoitza! To! Harrapazak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude