Zer dakizu Norvegiari buruz?

Norvegia Eskandinaviar penintsulako mendebaldean dagoen herrialde baketsu eta lasaia da; hori dela eta, famatua da berrietan gutxi agertzeagatik, baldin eta bertako ongizate maila eta bizi kalitate altuarekin lotutako albisteetan ez bada. Uztailaren 22an bere historiako eraso terroristarik handiena jasan zuen eta horren ondoren, guztiok zera galdegiten diogu geure buruari: “zer dakit nik Norvegiari buruz?”.

Kongeriket Norge, hau da, Norvegiako Erreinua, Euskal Herria baino 18 aldiz handiagoa da, baina 2 milioi biztanle gehiago ditu bakarrik, ia 5 milioi guztira.

Etimologo askoren ustez, Norvegia hitza hizkuntza germaniar nordikoetatik dator eta “iparraldeko bidea” edo “iparralderanzko bidea” esan nahi du (nor veg).

Herrialde nordikoetako biztanleak (Norvegia, Suedia, Danimarka, Feroe Uharteak, Islandia, Groenlandia eta Finlandiako zati bat) elkar uler daitezke, guztien hizkuntzak  ipar-germaniarretik eratorriak baitira.

Norvegiera da Norvegiako hizkuntza ofiziala eta, euskarak bezala, hainbat eskualde-dialekto ditu. Bi idatzizko forma ofizial ditu: bokmål-a (“liburuko hizkuntza”) eta nynorsk-a (“norvegiar berria”). Lehena danieraren oso antzekoa da eta herritarren %85-90ek erabiltzen dute. Bigarrena, herrialdeko zonalde guztietako dialektoak batzen saiatzen den hizkuntza artifiziala da. Euskal Herrian gertatzen den bezala, Norvegiar gehienek hizkuntza ofizialaz idazten dute, bokmålaz, baina eskualdeko dialektoaz mintzatzen dira.

Kristobal Kolon Ameriketara iritsi zen lehen europarra dela uste baduzu, oker zaude, Norvegiako bikingoak askoz ere lehenago konkistatu baitzuten “mundu berria”. IIIV. eta XI. mendeen bitartean, Norvegiak aro bikingoa ezagutu zuen. Aro horretan ezagutu zuen herriak bere batasuna eta hedapena. Bikingoek Atlantikoko iparraldea esploratu zuten, Eskoziako iparraldetik hasita, Islandia eta Groenlandiatik pasata Ternuara iritsi arte. Dena dela, ez ziren kontinente beraraino iritsi eta Ternuako asentamenduek oso gutxi iraun zuten.

XXI. mendera bueltatuz, Norvegia munduko per capita errenta handiena duen 2. herrialdea da, Monakoren atzetik. 2010ean, giza garapen indize altuena zuen herrialdea zen, 2007ko Global Peaceren ikerketa baten arabera, munduko herrialderik baketsuena da eta seguruenetako bat izateagatik ere sona handia du. Pasa den uztailaren 22a arte behintzat, zoritxarrez.

Norvegia monarkia konstituziogilea da (Harald V.a errege) eta sistema parlamentarioa du gobernutzat (Jens Stoltenberg lehen ministro, alderdi laborista). Erregearen rola zeremonietara mugatzen da soilik, baina eragin handia du herrialdean herri batasunaren sinbolo gisa.

Norvegia ez da Europako Batasuneko kide, beraz, ez dute eurorik, koroa norvegiarretan ordaintzen dituzte gauzak. Dena dela, hara bidaiatu nahi badugu, ez da beharrezkoa pasaportea, NANa eguneratua izatearekin nahikoa da.

 

 

UDAZKEN KOLOREAK

Zer duzu buruan “Zer dakizu Norvegiari buruz?”-ri buruz

  • Zarata askorik atera gabe isilean-isilean egindako lanari esker beraien jatorrizko lurraldetik kanporatu ez ditzaten lortu dute baita beraien historia kultura hizkuntza eta usadioak gordetzea ere. Sami kultura eta hizkuntza sustatzen egiten du lan batik bat betiere Oslotik jasotako dirua kudeatuz.