Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik

Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik-

Azken urteotako bilakaera politikoagatik, kasik oharkabean, parekatu ohi ditugu Nafarroa eta Valentzia, edota bateko egoera politikoak bestekoa ekarri izan digu gogora. Oraintsu arte bietan eskuin espainola izan da nagusi, eta egun ere antzeratsu, eta ahaleginak eta bi egin ditu eskuin espainolak, bertako nafar erregionalisten laguntzarekin, Nafarroa EAEtik albait gehien bereizteko, eta era berean Valentzia Kataluniatik eta gainerako Herrialde Katalanetatik. Baina historiaren eta egoera politiko-kultural-linguistikoaren aldetik pareka ote litezke? Saiatuko naiz azaltzen ezetz, gai hain zabalerako artikulu honen xedea oso mugatua bada ere. Nagusiki Joan Fuster valentziarraren Nosaltres, els valencians liburuari segituko diot. Garbi utzi zuen idatzita hark, kazetari, saiolari eta poeta izan zen Fusterrek ezen valentziarrak izatea katalanak izateko modu bat dela, eta ez besterik. Baina goazen Valentziako erresumaren historia politiko-kulturalari begiratu bat ematera.

Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik
Valenciako harresiko atea

1233-1244 urte-bitartean bururatu zen Valentziaren konkista militar eta diplomatikoa. Hiriburua 1238an errenditu zen Aragoiko Koroako errege Jaume I.aren aurrean. Valentziarrak ordurarte “mairuak” ziren, Al-Andalusekoak bezala. Andaluziarrak bai, baina valentziarrak ere musulmanak ote ziren? Bai, Granadan edo Marokon bizi zirenen antzera, arabieraz mintzo ziren (“algarabieraz”), meskitetan otoitz egiten zioten Alari, eta ohitura zibil musulmanak zituzten; inbaditzaile eta konkistatzaileak nagusiki kristau aragoiar eta katalanak izan ziren, denak ere Aragoiko Koroako eta Jaume I.a erregearen menpekoak. Errege eta erresuma kristauen ikuspegitik, Balear Uharteak kolonizatzea Kataluniako Printzerriari zegokion bezala, merkataritza-xedeetarako bereziki, Valentzialdea inbaditzea eta konkistatzea Aragoiko Erresumari zegokion, hain zuzen itsasorako bidea izateko, eta Aragoiko jaun feudalek -Aragoin Behe Erdi Aroan jaun feudal lurjabe handiak ziren nagusi- Valentzia hiriburua eta inguruko herri eta eskualdeak Aragoiko Koroari anexionatzea zuten xede, baina Jaume errege konkistatzaileak jaun feudal aragoiarrei kontzesio batzuk eginagatik konkistan laguntzeagatik, Valentziako Erresuma sortu zuen argudiatuz ezen Valentziaren konkistan aragoiarrak ez ezik katalanak gudukatu zirela. Horregatik, egungo valentziarrek Jaume I.a dute euren valentziartasunaren aitagoitzat.

Zer gertatu zen 711tik 1238ra bitartean, Valentziako lurretan eta hirietan nagusi izan ziren valentziar musulmanekin? Aurkako erresistentziarik gabe nagusitu bide ziren eta Fusterrek dioenez, bost mende luze horietan valentziarren arabiartzea oso sakona eta orokorra izan zen, eta kristau mantendu ziren mozarabiar gutxiak kristauen eskualdeetara aldatu ziren. Berriro, lehengo galderara etorriz: zer gertatu zen valentziar musulman edo moriskoekin? Jaume I.ak ez zituen kanporatu; ez errukiagatik baizik eta behar-beharrezkoak zirelako herriak eta hiriburua biztanlerik gabe ez gelditzeko. 1270an, konkistatik 30 bat urtera jada, 30.000 kristau eta 100.000 musulman inguru bizi ziren Valentziako erresuman; 1500ean: 160.000; eta, 1609an, Espainiako Filipe III.a erregeak moriskoen kanporaketa agintzean, 130.000 inguru ziren, populazioaren %35 inguru; eta horregatik, kanporaketak krisi demografiko-ekonomiko larria eragin zuen.

Moriskoen kopuruak behera eta kristauenak gora egin zezan Jaume I.ak eta haren ondorengoek, batez ere katalanen etorrera prestatu zuten XIV. eta XV. mendeetan, eta klase ikuspegitik, monarkia aragoiarra katalan burgesian bermatu zen jaun feudal aragoiarren eragina murrizteko. Eskualde gehienak, ondorioz, katalan-hiztunen esku geratu ziren, eta gaztelania-hiztunen mende mendebaldeko herri eta eskualde batzuk -denborak aurrera egin ahala mendebaldeko eskualde gaztelaniadun gehiago erantsi zizkioten zentralistek-; beraz, Valentziako erresuma, haste-hastetik elebiduna izan zen: katalanek populaturiko eskualdeetan eta Valentziako hiriburuan katalana guztiz hegemoniko, eta gainerako mendebaldeko eskualdeetan gaztelania. Nafarroako erresuman ere garai hartan, zatirik handienean euskara, bereziki klase herrikoietan baina Erriberan, erromantzea zen nagusi. Eta moriskoak? Kopuruz berak ziren nagusi, baina kristau katalan eta aragoiarren mendean; gero eta lege murriztaileagoak jasan beharrean zirelako askok aldegin zuten Granadara edota Ipar Afrikara, eta haietako asko aragoiar jatorriko jaun feudalen menpeko izan ziren, eta besteak beste, hargatik ez zituzten lehenago kanporatu.

Sarreran egindako galderari erantzuten hasirik, oso historia ezberdina izan dugu katalanek eta valentziarrek eta euskaldunok Erdi Aroan. Aragoiko Koroaren menpean, eta horrenbestez, aragoiarrekin batean, katalanak konkistatzaileak izan ziren Iberiar Penintsulan, eta are Mediterraneoan: Balear Uharteetan lehenik, eta aurrerago Sardinian, Sizilian, Napolin eta Atenas eta Neopatrian (Grezia. Egun Ypati) ere. Otomandarrak Konstantinoplaz jabetzean (1453), eta batez ere Gaztela eta Aragoiko koroak elkartzean, eta Ameriketako kolonizazio eta konkistari ekitean, Gaztela gora etorri zen eta Aragoiren Mediterraneo alderako zabalkundea behera.

Historia politiko-soziologikotik kultura eta hizkuntzara etorriz, XIII., XIV. eta XV. mendeetan, valentziarrek eta mallorkiarrek ere katalanez idazten zuten, bai literaturan eta halaber, gortean eta administrazioan. XVI. mendetik aurrera hasi zen aldatzen jokabide linguistiko hura, gaztelaniaren mesedetan, valentziar intelektual eta literatoak, salbuespenak salbuespen, ahoz erabiltzen jarraitzen zuten ama-hizkuntzari idazteko orduan uko egiten hasi baitziren, inperio espainolaren lilura eta eraginpean. Gure historia politikoari dagokionez, euskal jauntxoak, euskal eliteak bai izan dira konkistatzaile eta inbaditzaile, baina ez euskaldun gisa, baizik eta espainolen morroi gisa, eta euskaldunok ez dugu jendez ezein lurralde populatu. Kulturara etorriz, gure intelligentsiaren idatzizko jardunari dagokionez, badakizue Nafarroako erresuman beti erromantzeak (nafarra, okzitanoa) eta gero gaztelania izan zirela administrazioko hizkuntza, eta ez euskara. Funtzionarioak XVI. eta XVII. mendeetan ere elebidunak ziren, eta dokumentu bakan batzuetan erabili bide zuten euskara (irakur Monteano historialariaren liburuak), eta ahozko lekukotzak jasotzeko ere bai, baina idazteko hizkuntza gisa ez -latinaren prestigio itzelak eta gurea latin-hizkuntza ez izateak oztopoak areagotu zizkigun, katalanari ez bezala, eliteen klaudikazio edo espiritu nazional ezaz gainera-.

XVI. mendetik aurrera, eta bereziki XIX. mendeaz geroztik, Espainiak estatuaren lehen baino baliabide indartsuagoz (administrazioa, irakaskuntza, apaizak, fraide eta mojak, soldadutza, hedabideak…) ekitean bere menpeko lurraldean nazio bakarra, nazio gaztelaua gailenarazten, hasten dira katalanen eta valentziarren eta euskaldunen historia hein batean elkarren antza hartzen, gure nazioen aurka indar zapaltzaile bera aritu delako lanean, gure nazioak ahultzen era askotara.

Berriki izan gara Valentziako hirian eta ingurumarietan. Abertzaletasun politikoaren aldetik, EAEn eta Nafarroan hobeki gara. Honetaz badakien adiskide batek esan didanez, Valentzian boto abertzalea, hots, Herrialde Katalanetan integratu nahi duena, parlamentuz kanpokoa da (Esquerra Republicana de Catalunya-ren botoak bertako parlamenturako: %0,50). Bloc Nacionalista Valencià (Herrialde Katalanetan sinesten duena, baina integrazioa nahi ez duena) kontuan hartzen baldin bada, botoen %9raino igotzen da -Ipar Euskal Herrian bezalatsu, onenean-.

Hizkuntzari dagokionez, esango nuke Euskal Herrian euskara baino zertxobait gehiago entzuten dela katalana Valentziako erkidegoan, eta hiriburuan. Oro har, %20-23k omen darabil. Valentziako Zientzien Museora bazoazte, han ikusiko duzue errotulazioan Valentziako katalana lehenetsita, gaztelania eta ingelesarekin batean. Alabaina, Katalunian baino askoz gutxiago mintzatzen da Valentzian, bereziki hirietan, eta informazioa falta bazait ere, ausartzen naiz esaten gure hizkuntzak gurean dituen zailtasunak baino gutxiago ez dituela katalanak Valentzian, hots, valentzierak, valentziar gehienek dioten moduan -duela gutxi egindako galdeketa baten arabera, %52rentzat valentziera eta katalana bi hizkuntza ezberdin dira; eskola maila ona dutenen artean, aldiz, valentziarren %58 dira hizkuntza bakarra dela diotenak-.

Politikoki Kataluniak eta Valentziak bereizirik dirauteino, eta alde horretatik EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoa baino elkarrengandik urrunago daude -ez dago Valentzian nagusiki katalan sentitzen den eskualde edo herri handirik-, valentzierak, eta kulturalki katalan sentitzen direnek etorkizun kaxkarra izango dute. Baditugu abantaila batzuk haiekiko: nafar espainolenek ere ez dute zalantzan jartzen Nafarroako euskara eta nonahikoa hizkuntza bakarra dela. Nafarroa Garaian badira euskaldun sentitzen direnak foru erkidegoaren iparraldean ez ezik Iruñerrian eta Lizarra eta Tafallaldean ere. 1978ko Konstituzioak aurreikusten du EAE eta Nafarroa Garaia batzeko aukera -arras zaila izanagatik-, eta Katalunia eta Valentzia ez. Valentziatik Bartzelonara 350 km daude; gu elkarrengandik hurbilago egonik, harreman usuagoak ditugu.

Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik
Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik  Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik
Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik  Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik

Saiakera-idazlea

4 pentsamendu “Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik”-ri buruz

  • Artikulu interesgarria. Askotan ezjakintasunagatik, konporazio sinpleegiak egiten ditugu eta ondorio okerrak atera. Horrelakoek gauzak hobe kokatzen laguntzen digute.

  • Milesker Mikel!

  • Amonamantangorri 2019-09-06 19:36

    Valentziar Herrialdearen (País Valencià euskaraz? Izan ere, ez dira gauza bera Valentzia probintzia eta Valentziako Erresuma zaharra) eta Nafarroaren arteko antzekotasunen bila hasirik, esango nuke, aldeak alde, Nafarroako abertzaleek eta Valentziar Herrialdekoek taktika berdintsuak erabili dituztela azken hamarkadan.

    Nafarroa Bai/Geroa Bai eta Compromís antzeko diagnositik abiatu bide ziren: getotik atera behar zutela, “transbersalitatea” bilatu, eta abar.

    Horren ondorioz ikusi dugu Nafar Buru Batzarreko presidente ohi bat foru-gobernuko lehendakariorde: Manu Aierdi, alegia. EAJk Nafarroan ez luke sekulan halako botere instituzionalik eskuratu izanen bere siglekin aurkeztuta.

    Antzeko moduan, Compromísek lortu du Valentziako alkate Joan Ribó ezkerreko valentzianista egotea, edo Enric Morera Bloc Nacionalista Valenciàko burua izatea valentziar Gorteetako presidentea.

    Eta bukatzeko, beste antzekotasun bat gehiago, nolabait, abertzaletasun autokritiko batetik begiratuta: ene uste apal eta irrelevantean, nola País Valenciàn zilegi, natural eta ulergarria den Bartzelonaren zentralismo harrapariaz ez fiatzea, halatsu da Nafarroan ere, non mesfidantza dagoen halako “bizkaitarrismo” (nolabait deitzearren) harroputz batekiko, baita sektore abertzale eta euskaltzaleen artean ere. Mesfidantza hori ez da beti “Que vienen los vascos” paranoiko eta erreakzionarioa, baizik eta, ba hori, gauza nahiko ulergarri eta justifikatua.

  • Eskerrik asko amonamantangorri ekarpenagatik.