Atalak puntuen muga edukita, atal berean beste merituekin ez nahasteko eskaera ez zen onartu …

 

EUSKARAZ JAKITEA PUNTUATZEN DENEAN, ATALAK PUNTUEN MUGA EDUKITA, ATAL BEREAN BESTE MERITUEKIN EZ NAHASTEKO ESKAERA EZ ZEN ONARTU, IRUÑEKO UDALEKO EUSKARAREN ORDENANTZAN.

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.

26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Hamabosgarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.

HAMABOSGARREN ALEGAZIOA.

17. artikulua:

“Balorazioa merezimendu gisa”.

17.5 artikulua gehitzea.

“Euskaraz jakitea puntuatzen denean, atal berezi batean eginen da. Beraz, gainontzeko frogekin eta merituekin lortzen diren puntuek deialdian duten portzentaia eta euskararen puntuazioaren portzentaia batuta % 100 izanen da”.

Helburua: Iruñeko Udalaren praktika hori berriz ez egitea. Ez da hori hain ohikoa izan, baina zenbaitetan gertatu da. Hau da, atal berean euskara eta ingelesa puntuatu dira (10 eta 8 puntu) eta atalaren muga 10 puntukoa izan da. Horrek eragin du euskara dakien jendeari ingelesaren ezagutza ez zaiola puntuatzen eta ingelesa bakarrik puntuatzen zaio euskara ez dakienari. Gehitutako pasarte honekin, hori galarazten da. Euskarak atal berezia izanen luke. Berriz egitekotan ilegala izanen litzateke, euskaraz jakin gabe puntuen % 98 lortzerik legokeelako eta euskararen puntuazioa batuta % 108 izanen litzateke eta ez % 100.

Oharra: Nafarroako Arartekoak zenbait Udali eta Osasunbideari gomendioa eman die dagoeneko praktika oker hori ez egiteko.

IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI.

103/2017 Foru Dekretuak honako hau ezartzen du 33. artikuluan: Euskararen ezagutza nahitaezkotzat jo ez den eremu mistoko toki entitateetan, euskara merezimendutzat hartzea erabaki bada, hari balorazio gehigarria emateko Foru Dekretuaren 31. artikuluan ezarritako balioak har daitezke erreferentzia moduan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan euskara merezimendu gisara baloratzeaz bezainbatean).

Bestalde, Nafarroako Administrazio Auzitegiak berresten du zenbait ebazpenetan (besteak beste, R18-00033an) Iruñeko Udalak ezar ditzan Ordenantzan euskara merezimendutzat baloratzeko egoki jotzen dituen ehunekoak. NAAren aipatu ebazpenak dio orain indarra duen erregelamendu-arauak ez duela oztopatzen eremu mistoko toki-entitateetan euskara merezimendutzat baloratu ahal izatea edozein lanpostu betetzeko, plantilla organikoan jaso gabe eta hura arrazoitzeko beharrik gabe, merezimendu kualifikatutzat baloratzen den kasuetan izan ezik. Esaten du, baita ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan euskara merezimendu gisara nahitaez baloratzeko 31. artikuluan ezarritako haztapenak erreferentziazko izaera daukala, eta ez aginduzkoa, eremu mistoko toki-entitateetarako. Izan ere, horiek beren ehunekoak ezartzen ahal dituzte, “betiere Konstituzio Auzitegiak exijitzen dituen arrazionaltasun- eta proportzionaltasun-printzipioei men eginda”. Amaitzeko, aipatu ebazpenak Iruñeko Udalari aholkatzen dio Ordenantzan ezar dezala euskara merezimendu gisara baloratzeko ehunekoa, deialdi bakoitzaren zoriaren mende ez geratzeko, eta adibidetzat ematen ditu eremu mistoko zenbait toki-entitatetan ezarritako ehunekoak.

Alegazioa ezestea proposatzen da, bertan proposatutakoa ez dagoelako horrela jasota hasierako Ordenantzan.

ERANTZUNAREN BALORAZIOA.

Atal berean beste merituak sartuta eta atalak puntuen muga izanik, euskararen balioa asko gutxitu daiteke, beste merituekin euskararekin lortzen ez dena lortzen delako. Euskaraz dakienak, ordea, alferrik ditu meritu horiek, puntuen muga dela eta.

Praktika hori izan du Iruñeko Udalak, atal berean beste hizkuntzak sartuta. Hala ere, erantzunean ez da mamian sartu eta karta hori gorde du, erabili ahal izateko.

Euskararekiko borondate txarra adierazi du Iruñeko Udalak erantzun horrekin.

Historia errepikatuko da UPNrekin? Agian, ez, zuzenean euskara ez puntuatzera joko omen duelako. Tamalez, “euskaltzaleek”, euskara puntuatzen dutenean, badituzte trikimailuak euskarari balioa kentzeko.

Joseba Otano

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude