AZARO HOTZA (Cold November, 2018) eta ESKERRAK JAINKOARI (Grâce à Dieu, 2019) filmak eskuragarri Filmazpit katalogoan kosturik gabe proiekzioak antolatzeko

Filmazpit katalogoan –

Ismet Sijarina zuzendariaren Azaro hotza (Cold November, 2018) filmak Fadil eta bere familiaren gatazka kontatzen du 90eko hamarkada hasieran Serbiak Kosovoren autonomia indargabetu zuenean. François Ozon-ek berriz elizaren baitan jasotako pederastiaren gaia jorratzen du hiru gizonezkoren bizitza intimoa erakusten duen Eskerrak Jainkoari (Grâce àDieu, 2019) film koralean.

1990eko hasiera da eta Jugoslavia gainbehera dator. Slobodan Miloševi? Kosovoko autonomiaren gain duen nagusitasuna indartzen ari da eta albaniarrak lanpostuak eta euren hezkuntza erakundeak galtzen ari dira independentziaren aldeko mugimendua sendotzen doalarik. Hainbat herritarrek norbaiten alde jarri beharra sentitzen dute, albaniar abertzale edo serbiarren alde. Azaro hotza filmeko protagonista Fadil (Kushtrim Hoxha) Pristinan bizi da familiarekin eta lan egiten duen fabrikan serbiar nagusi berria izendatzen dutenean, langileek lanuzte mugagabea abiarazten dute. Fadilek ez du bat egiten bere albaniar herrikideekin eta filmak ederki irudikatzen du Fadilen erabakiak sortu klaustrofobia eta etsipena. Filmaren produkzio-diseinua eta girotzea paregabeak dira, pertsonaiek daramatzaten arropetatik hasi eta garaiko erdi mailako klaseen eraikinetaraino.

Eskerrak Jainkoari (Grâce à Dieu, 2019) filmaren irudia

Eskerrak Jainkoari Ozon-en azken lana, hiru pertsonaia garrantzitsuei behar adinako espazioa aitortzeko eszenaratze ikusgarririk gabeko film xumea dela esan daiteke. Bertan kontatzen dena egiazko gertakarietan oinarrituta dago eta hainbat pertsona egon dira gidoiaren sorkuntzan aholkulari gisa. 1986 eta 1991 artean, haurrak zirela, Alexandre (Melvil Poupaud), François (Denis Ménochet) eta Emmanuel-ek (Swann Arlaud) aita Preynat-engandik abusuak jaso zituzten eta horiek salatzeko abiatzen duten bidaia kontatzen du filmak. Hiru gizonezkoek bizitza nahiz gertatutakoari aurre egiteko modu ezberdina agertzen dute eta horrek kontakizun aberatsa dakar pantaila handira. Hirurak “La Parole Libérée” (Askatutako hitza), elizaren baitan abusuak jaso dituztenek osatutako elkarteko parte dira.

Eskerrak Jainkoari filmak Berlinale 2019, Zilarrezko Hartza eta 19 Festival Internacional de Cine Las Palmas de Gran Canaria jaialdietan parte hartu du, besteak beste. Azaro hotza filma berriz Zinemaldia 2018, Zuzendari Berriak saila edo/eta Zurich Film Festival 2018, Publikoaren Saria jaialdietan egon da.

Filmazpit katalogoak jatorrizko bertsioan eta publiko zabal bati zuzendutako kalitatezko film sorta ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura, kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira. Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.

Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua www.filmazpit.eus webgunean.

AZARO HOTZA (Cold November, 2018) eta ESKERRAK JAINKOARI (Grâce à Dieu, 2019) filmak eskuragarri Filmazpit katalogoan kosturik gabe proiekzioak antolatzeko