Utzi Saharako Herriaz barre egiteari

Utzi Saharako Herriaz barre egiteari –

Ez nuen artikulu hau idatzi nahi. Ez dut oso argi zergatik, baina astebetez ibili naiz zalantzatan idatzi ala ez idatzi. Haatik, arantza bat nuen sartuta, eta hau idatzita, arantza hori atera egin dut.

Utzi Saharako Herriaz barre egiteari

Eta orain badakit zergatik ez nuen idatzi nahi: jadanik idatzia dagoelako urteak daramatzatela bere lurraldetik at errefuxiatu bizitzen eta eguraldiren enbatak pairatzen basamortuaren basamortuan. Idatzia dago nazioarteko elkartasunetik bizi direla,  Sahara aberatsa badarik ere. Idatzia dago Saharako baliabideak Marokoko erregimenak ustiatzen dituela eta Mendebaldeko Saharan Maroko okupatzailea eta zapaltzailea bada ere, Espainia dela potentzia administratzailea oraindik. Espainiak sahararrei laguntzeko konpromisoa hartu zuen Nazioarteko komunitatearen aurrean, eta Espainian inoiz egon (omen) den gobernurik  aurrerakoienak ez du ezer onik egin azaroaz geroztik berriro piztu den gerra amai dadin.

Otsailak 27 dituen honetan 45 betetzen dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zenetik, eta harrotasunez aterako gara kalera Sahara aske izan behar dela aldarrikatzeko, baina batez ere Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuen Erakundeari esku-hartze azkar eta irmo bat eskatzeko, legez kanpoko okupazioari eta Mendebaldeko Saharako lurraldeko ondasunen espoliazioari amaiera eman, eta Saharako Herriari kendutako eskubideak itzul dakizkion.

Hitz politekin ez etorri; utzi gaurgero Saharako Herriaz barre egiteari.

Utzi Saharako Herria

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.