EAJren rola Egunkariaren itxieran

EAJren rola Egunkariaren itxieran –

Paperezko Hegoak” dokumentalari so ertz ezberdinetako galderak sortzen dira. Tartean izenburuan agertzen dena, gai deserosoa egiazki.

EAJren rola Egunkariaren itxieran
Arg: NAIZ

Lehenik eta behin, Joseba Egibarren adierazpen batzuk aipatzen dira dokumentalean, eta horrela jakin dezakegu Egunkaria ETA-ren menpe zegoela esan zuen lehena ez zela Guardia Zibila, edo Audientzia Nazionala, edo Alderdi Popularra izan, baizik eta Joseba Egibar, EAJ-koa. Pello Zubiriak, Egunkariko lehen zuzendari izandakoak eta operazioan atxilotua, torturatua eta espetxeratua izan zenak, kereila bat jarri zion burukideari.

“Hasieran mesfidantzak neronek ere banituen. Besteak beste esaten denean `proiektu irekia, herrikoia eta ez dakit zer´, ba beno, nik badauzkat aktak esate baterako bestaldean ETAren exekutiba batean nola aukeratu zen EGUNKARIAko zuzendaria. Orduan, beno, jarrerak jarrera, iritziak iritzi, bakoitzak hartzen ditu hartu behar dituen erabakiak, eta horrekin bakoitzak kontziente izan behar du”

“Nik adierazi nuena zera zen,EAJk zuen nolabaiteko mesfidantza arrazoitua zela. Politikoki zertan arrazoitzen genuen? Ba, hain zuzen ere, ENAM (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) mundu horretako hainbat eta hainbat erakundek oso parte hartze zuzena eduki zutela, eta mesfidantza hori politikoa zela”

Joseba Egibar, 1993

Egibarrek ez zuen aipatutako akta aurkeztu.

EAJ-k funtzionatzeko molde bat izan du herrigintzatik sortu diren eragileekin. Imanol Alvarez EHGAM-eko kideak “fagozitosi” gisa definitu zuen (zelulek molekula bat mintzez inguratu eta irentsi egiten dute) Argiako artikulu batean eta honako prozedura identifikatu:

  1. Lehenengo, adeitsu hartzen du, aldarrikapenok entzun, bai eta jaramon egin ere (neurri batean baino ez, jakina), tartean botoak egon daitezke-eta.
  2. Behin elkarrenganako sasi konfiantza lortuta, apurka-apurka mugimendua kontrolatzen ahalegintzen da; nahi ez duenak bezala, lar nabaritu barik, baina modu eraginkorrean.
  3. Estrategia gaizki ateraz gero, hots, erakundea ez badago prest erabilia izateko, hirugarren faseari ekiten dio: egitura paraleloa sortu, eta berori hauspotu eta bultzatu.
  4. Horrekin batera, nola ez, jatorrizko mugimenduari imajina litezkeen oztopo guztiak jartzen dizkio (ez ahaztu, azken helburua desagerraraztea dela), ekonomikoki itoz (diru-laguntzarik ez, publizitaterik ez…) eta ohiko jarduera eragotziz (legez kanpo utzi, baimenak ukatu, izen ona zikindu…).

AEK – HABE

LGTB+ mugimendua – ORTZADAR

Egunkaria-rekin ere ahalegindu arren, zorionez, planak porrot egin, eta ezin izan zuen buruan zerabilen egunkari alternatiboa argitaratu”.

Lehengo bi faseak pasa eta gero, badirudi, Alvarezen arabera bederen, ez zirela gai izan hirugarren puntua martxan jartzeko: egitura paraleloa. Hots, euskarazko egunkari bat, Egunkariaren konpetentzia zuzen gisa planteatua eta EAJren eskutik jango zuena. Beraz, zuzenean laugarrenera igaro ziren: ekonomikoki ito (Egibarren adierazpenak Egin Irratian izan ziren, entzule batek egindako galdera bati erantzunez: ea zergatik Jaurlaritzak ez zuen Egunkaria babesten eta laguntzen), izen ona zikindu… eta kaltetu zezakeen ekimenen bat balego beste aldera begiratu?

ARGIA-k argitaratutako grafikoa

“Paperezko Hegoak” dokumentalean Gonzalez de Txabarri jelkideak kontatzen du nola Egunkariaren aurkako operazioa abiatu eta bizpahiru egunetara burukide batek dei bat jaso zuen, Madriletik, ohartaraziz berrehun guardia zibil inguru irten zirela Madriletik Arantzazura bidean, guztia jo eta puskatzera. Hau da, espainiar gobernuaren agendan Egunkariarena lehen kolpea zen, jarraian beste are baxuago bat emateko, ea horrela euskal komunitateak ez zuen bueltan bururik altxatzen (eta herriak emandako erantzunaren arabera hurrengo helburuak izan ahalko ziren Ikastolak, edo Laborala(sic), edo AEK, edo LAB, edo…). EAJ-k eta Elizak euren tresneria martxan jarri eta operazio hori gelditzea lortu zutela kontatzen du Txabarrik (guardia zibilek Aranda de Dueron eman zuten buelta).

Horren ondotik dator Iñaki Uriaren galdera zorrotza: Arantzazuko operazioaren berri izan zuten EAJn, eta Egunkariaren kontrakoa ez zitzaien iritsi? Hego EH osoan ehundaka guardia zibil mobilizatu zituen operazio bat haiek ohartu gabe? Inork ez zekien ezer? Ez politikariren batek, ez Ertzaintzako bururen batek… inork?

Edo bazekiten, eta ez zuten ezer egin operazioa gelditzeko?

Ibarretxe ez zen Donostiako manifestaziora joan… zergatik ez? Zer zegoen munduan egun hartan Donostian egotea baino garrantzi gehiago izan zezakenik? Eta Miren Azkarate prentsaurrekoan esanez espero zuela poliziak “froga sendoak” izatea operazio hura egiteko… Kristo, erruki.

 

Beaumondarrez oroitzen gara,

Bergarako besarkadaz,

Eibarko armek hildako “gorriz”

ta “beltzen” pelotakadaz,

Ahaztu gaitezen anai-arrebez

RH-z ta txorradaz

ta garbi hitz egin gure arteko

traizioz ta labankadaz.

 

 

Dokumentalak galdera batzuk bota zituen, eta osasun demokratikoagatik komeniko litzateke, afera hau ere, egunen batean argitzea.

Iraganeko kontuak argitu denon artean etorkizun hobe bat eraikitzeko. Ez beaumondar ez agramondar, ez oinaztar ez ganboatar. BERRIA, egunkari independente, nazional eta euskalduna. Denona. Denontzako.

EAJren rola Egunkariaren itxieran
EAJren rola Egunkariaren itxieran

EAJren rola Egunkariaren itxieran

Zer duzu buruan “EAJren rola Egunkariaren itxieran”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2021-02-28 20:46

    Egia da “Paperezko Hegoak” dokumentalean aipatzen direla goiko artikuluan esaten diren zenbait kontu, beti ere asko sakondu gabe. Egibarren gezur beltz hoiek ez dira azaltzen. Harritzekoa Egin irratiko adierazpenok ez agertzea dokumentalean, izan ere, Calleja eta beste askoren bozak aditzen ahal baitira. Egibarren bozik ez, ordea.

    Imanol Álvarezen gogoetari dagokionez, interesgarria iruditzen zait. 1etik 4rako pauso horiek ez ditu soilik EAJk egiten; ENAMak ere, bere modura, taktika horixe erabili duela esanen nuke. Bo, erakunde politiko garrantzitsuenek, oro har, halaxe egiten dute.