Urte berri on Catalunya

Urte berri on Catalunya –

Hau guzia hortarako, erran daiteke. Ororen buru Kataluniako hauteskundeek aintzinekoen emaitza berdintsuak eman dituzte, espainolisten desgraziarako. Batzuek “proces” delakoa zangoz gora geldituko zela amestu bazuten ere, ametsa amets gaizto bilakatu zaie. Hara Kataluniako abenduaren 21eko hauteskundeen ondoko egoeraren azterketa bat.

Behin eta berriz gehiengo argi batek gaur egungo statu quo delakoari uko egin dio, azpimarratuz errealitate politiko instituzionala itzulipurdikatu nahi duela. Hau guzia demokratikoki, 155 artikulu madarikatua zokoratuz.

Abenduaren 21eko bozkek gehiengo absolutoa eman diete berriz ere indar soberanistei. Beren geroaz libreki erabakitzeko ahalmena gai direla kudeatzeko erakutsi dute katalanek Espainia guziari, baita Europako erresuma guzieri ere, ber mementoan. Hauteskundeak argiki erakutsi du Rajoyen alderdiaren frakaso harrigarria.

Erakutsi du ere espainolismoak eta unionismoak Katalunian badaukala beste izen bat Ciudadanos deiturikoa, eta horrekin kondatu beharko dela ere.

Urte berri on Catalunya
Abenduaren 7an, Bruselan Europar Batasunaren egoitzaren aitzinean 45 000 katalandar bildu dituen manifestaldiaren deia egiten Omnium Cultural eta ANC-ko ordezkariak.

Fase berri bat?

Horiek hola zoritxarrez epe laburreko panorama ez da ilusionagarria. Alabainan 155 artikuluak segitzen du indarrean eta bere aplikapena edo deuseztea soilik Mariano Rajoyen eskutan dago. Pensatzekoa da indarrean segituko duela bederen Bartzelonan Govern berri bat adostu arte. Pentsatzekoa da ere urtarrilaren 23a inguruan gobernu berri independentista batek, bere buru izan edo ez izan Carles Puigdemont, “proces pro Republica Catalana”k fase berri bat martxan jarriko duela. Pentsa daiteke ere Govern berri batek estabilitate eta iraunkortasun bat bilatuko duela eguneroko gobernabilitate bat segurtatuz. Ez dira baitezpada bi borondate horiek erabat kontrajarriak, denboraren kudeaketa batean eta Madrileri begira ttantto berriak erakusterakoan.

Agian gobernu berri “transbertsal” bat eta gobernu akordio baten inguruan oinarrituak baluke ere itxura zerbait. Norabide hortan ikustekoa litaike zer nolako ahalmena lukeen JxCat (Puigdemont)-ERC (Junqueras)-PSC (Iceta) antolakuntza laboratorioak… Maleruski pentsa daiteke ere prozesu legitimo eta demokratiko horrek erdiz-erdi topo eginen duela espainol trikornio edo trinomio lazgarriarekin: gobernua (sistema konstituzionala), podere judiziala eta establishment delakoa (klase mediatikoa eta ekonomikoa).

Iragan hurbilean ikusi diren urrats judizialak, presondegiratzeak, enpresa deslokalizatze eta 155 artikuluaren (ber)aplikapen mehatxuak tresna erabilgarriak izaiten segitzeko arrisku gorrian dira katalanak.

Europar Batasunak urruneko “confort” batean eta bazkari emanez segitzen dueno pentsa daiteke Espainiak bere betiko bidetik segituko duela. Batasun faltsu bati errabiatuki lotua eta podere zentralista batean oinarritua. Bainan dudarik gabe Ciudadanos alderdiaren gorakada mehatxu bilaka daiteke PP eta PSOE norabiderik gabeko alderdientzat. “Kimera nazionalistak” erabat eta bortizki beharrez (ez soilik Katalunian, Euskal Herrian ere ) baztertzea izanen da Ciudadanos alderdiaren lema bakarra ondoko lehia elektoral guzietan.

Urte berri on Catalunya

 

Oportunitate berria

Katalunia gaur egun iraganeko “español estado” baten izeberg puntaren-punta baizik ez da.

Urteetan zehar post frankismoko gobernu ezberdin
eta monarkia zahar berritua
ahal zen bezainbat entseatu dira
erresumako hainbat populuen edo nazioen
autogobernatze eskaera demokratikoak
deuseztatzen edo desitxuratzen.

2018 urte hastapen huntan Espainiak badauka eskutan oportunitate berri bat. Edo asumitzen du urratska bere barne aldaketa bat hiru erpineko estatu bilakatuz (Espainia, Catalunya eta Euskal Herria), gisa hortan estado konfederal bilakatuz eta ko-soberania bat martxan emanez edo harropuzkeriaz edota beldurrez itorik segitzen du orain arte bezalatsu bere zentralismoa indartuz, bere iragan nostalgikoa, armada indarrak eta monarkia borboia aktibatuz.

Orain Kataluniaren tenorea da. Bihar izan daiteke ere Euskal Herriarena, estado españolarena baita Europarena. Ez dira tronpatu edo beldurtu bozkatzale katalanak. Xinpleki erran dute pentsatzen zutena, sentitzen dutena eta nahi dutena: modelo politiko berri bat ukaitea, auzoarekin eta auzokoekin harreman berrituak estreinatzea. Hala izan bedi.

Urte berri on Catalunya, zorionak!

Andde Sainte-Marie – Enbata.info
Urte berri on Catalunya

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.

11 pentsamendu “Urte berri on Catalunya”-ri buruz

  • Alpargatero 2018-01-12 10:28

    Eskas dira Kataluniako prozesu malapartatuaren irabaziak, eta ugari albo-kalteak. Espainiako iritzi publikoak eskuinerantz egin du, nabarmen, matxinadaren ondorioz, eta ez dut uste desleialtasunez jokatu duten abertzaleen aldeko kontzesioak egiteko giroa dagoenik. Frantzian ere harriduraz eta kezkaz ikusi dute Kataluniakoa, eta beldur naiz ez ote duten atzera egingo hasitako deszentralizazio-prozesuan, zeinari esker Iparraldeko anaiek Frantziako euskaldun guztiak biltzen dituen erakunde propioa lortu baitute, historian lehen aldiz lortu ere.

  • «Desleialtasunez jokatu duten abertzaleen…» Zu zer zera, alpargatero… ala botiflero?

  • Ulertzen dut procesak lilura eta inbidia sanoa eragitea askori, baina ez dezagun gertakizunen arrastoa galdu. Procesa porrot erabatekoa izan da, eta XXI. mendeko espainian kontsulta bidez estatu berri bat sortzea ezinezkoa dela frogatu da. Oharrak hartzen joan Gure Esku Dago zaleak, errealitatea burugogorra da eta.

  • ganbaratxotik 2018-01-12 14:33

    Proces-a amaitu da? Prozesuak darrai eta hara orain arteko emaitza ikusgarria: 5 urtean independentziaren aldekoak %10 etik %50-a izatera pasa dira eta gazteen artean %60 omen. Porrota da hori? 5 urte barru balantze objetiboagoa egiteko unea izango da. Nere ustez, Espainiaren batasunak pitzadura jasan du eta berau zabaltzen joango da Kataluniatik eraginda eta batez ere barruan dituen gabezi handien ondorioz (errentagarritasunik ez). Azkarrago zabalduko litzake Euskal Herritik beste ziri bat sartuta. Jakina horretarako bi gauza behar dira: arriskua maila bat hartzea eta garrantzitsuena LANA jendea kontzientziatu eta mugiarazteko. Eta hemen batzuen aldetik ez dago batere gogorik ez baterako ez besterako.

  • Mikelats-ekin gustiz ados. Gehiago esango dut, dauden katanak independentziaren alde ehunetik ehun dira. Besteak ez dira katalanak, ez dutelako izan nahi, haien eskubidea da baina konsekuenteak izan behar dira eta haien ikurra (espainola) batera asumitu behar dute haien nazionalitatea ere. Orduan ez du balio aipatzea kontra eta aldekoak %10, %50, %60 etabar direnik. Katalunyan, katalanak direnak %100 katalanak dira eta espainolak direnak %100 espainolak dira, normala den bezala.
    Beste aldetik procés-a ez da amaitu, ez, hasi berria da.
    Errepublikan barne bi estruktura ditugu: Jefatura eta errepresentazioa. Jefatura Belgikan dago eta errepresentazioa Katalunyan eta presondegietan. Errepresentazioak ez dio Jefaturari obeditu nahi eta traba guztiak jartzen dizkio Jefaturari islatzeko eta deskonektatzeko asmoarekin. Errepresentaziokoek klaudikatu nahi dute eta autonomismora bueltatu eta Jefaturak, aldiz, garbi du ez dagoela pauso atzerik emateko. Puigdemontek bakarrik du konfidantza Unió de Pageses eta Associció de Municipios per la independentziaren gain. Jadanik ez du kontatzen partido autonomistekin (PDCAT, ERC, CUP). Bai behar du haiek Jefaturaren erraminta bihurtzea, hortarako dira errepresentazioa eta ez Jefatura.
    Nola hori ez den emango beste tresna erabili beharko du barrualdean (katalunyan) erresistentziarako sarea lortzeko. Hori ez badu lortzen eta gaurko errepresentazioak pultso hori irabazten badu, orduan bai, procés-a bukatua dago.
    Urriaren 10an Puigdemont atzera botatu zen. Distantziakin ikusi ez gero erabaki hori, berak jakin gabe edo bai, egokiena izan daiteke.
    Zergaitik? Handik aurrera ikusi da nortzuk ziren inpostoreak eta nortzuk benetazkoak.
    Eta Errepublikara bidaia egiteko bakarrik ahal duzu bigarrenekin kontatu eta lehenengoekin al carrer bidaltzea.

    • Alpargatero 2018-01-15 08:23

      Ehuneko ehunaren teoria horiekin Kataluniaren erabateko ulsterizazioa onartzen ari zara, eta hortik probrezia eta gizarte-haustura baino ez da aterako, idependentzia sekula ere ez.

  • Proces-a bukatu dela?

    Neofrankismoaren aurka inoiz baino independentziazale gehiago (18 urte baino gutxiagokoak kontatu gabe) eta Proces-a bukatu dela?
    Ez,Urkulluzaleak,ez.Inondik inora!

    Bide orri berri bat habian dagoeneko
    Bukatu den Proces bakarra Santi Vila eta bere enparauena izan da.

  • visca catalunya viu aqui i us suport 100% davant la victòria contra espanya GORA INDEPENDENTZIEEEE !!!!!

  • Ehuneko ehunarena ez da inondik ez teoria bat. Baita Frantzian, Canadan, Ingalaterran,Filipinetan edo Congon txinatarrek, ezin dute parte hartu herri horien erabakietan: hangoak ez direlako, ez ziotelako utzi eta erreferendum guztiak irabaziko lituzketelako nola 1.400 miloi diren.
    Bah Catalunyan, gauza berdina. Katalanek soilik har dezakete beraien erabakiak.
    Espainolek, errusiarrek, portugesek, laponiarrek, venezolandarrek edo islandiarrek ezin dute parte hartu Catalunyaren etorkizunenan.
    Hain zaila da hori ulertzea?

    • Alpargatero 2018-01-16 12:54

      Tabarniari buruz nork erabakitzen du? Eta Arabari buruz edo Nafarroako Erriberari buruz?

  • ganbaratxotik 2018-01-16 18:49

    Zein da euskalduna, edo euskal herritarra, edo euskotarra? Zein da katalana? Independentziaren aldekoa soilik? Abertzalea soilik? Beraz orain dela 5 urte %10 soilik zen katalana?Orain %50? Eta dudan daudenak? Eta Podem-ekoak zeintzuek, galdetuz gero zera erantzuten bait duten: “baldin eta…” alegia jendarte justuago bat lortzeko bada ados leudekenak?
    Proces delakoak asmatu egin du. Inflexio puntua izan da. Independentziaren aldekoen gehiengo erabakiorra lortzeko dinamikak erdi erdian jo du, bete betean. Jada Katalunian ez da ezer berdina izango. Iraultza txiki handia izan da. Ordena berria eskatzen duen kaos egoera kontrolatua. Ikasgaia egonkortasuna fetitxe duten errotondozale beldurtientzat.