Urrezko Globoetan saritutako filmak, zinemetan

Urrezko Globoetan saritutako filmak, zinemetan –

Estreinaldiak: Urtarrilak 12

Urrezko Globoetan saritutako filmak, zinemetan

Egilea: Maialen Goñi

.

Three Billboards Outside Ebbing, Missouri (Tres anuncios en las afueras)

Joan zen asteburuan drama onenaren, emakumezko aktore onenaren (Frances McDormand) eta taldeko gizonezko aktore onenaren (Sam Rockwell) Urrezko Globoak irabazi zituen Martin McDonaghek idatzi, zuzendu eta ekoitzitako film independente amerikarrak. Mildred Hayes da protagonista; bere alaba Angela bortxatu eta hil egin zuten duela zazpi hilabete, baina herriko polizia agenteek ez dute oraindik erruduna topatu. Horregatik, herrirako sarreran dauden hiru hesi baliatuko ditu salaketa egiteko. Eta horrek sherifa sutan jarriko du. Gidoi zorrotza azpimarratu du kritikak, baita McDormanden antzezpena ere.

.

Darkest Hour (El instante más oscuro)

Winston Churchillen azalean egindako lanak, halaber, gizonezko aktore onenaren Urrezko Globoa eman dio Gary Oldman aktore beteranori. Joe Wrightek zuzendu du filma, eta II. Mundu Gerran, nazien inbasioaren aurrean, Erresuma Batuko lehen ministroak hartutako erabakiak izango ditu hizpide. Izan ere, Alemaniarekin bake hitzarmen bat sinatzeko aukera aztertu zuen politikariak, Europaren askatasunaren alde borroka egitea ebatzi bazuen ere. Aktore taldean Ben Mendelsohn, Kristin Scott Thomas, Lily James eta Stephen Dillane ere topatuko dituzue.

.

Loving Vincent

Dorota Kobiela eta Hugh Welchmanen Loving Vincent txundigarria, ostera, esku-hutsik itzuli zen Los Angeles hiritik, animaziozko film onenaren garaikurra Coco lanak jaso baitzuen. Vincent Van Gogh margolariari egindako omenaldia da honakoa. Izan ere, holandarraren margolanak fotograma bilakatu dituzte 80 minutuko iraupena duen lanean; orotara, 56.800 fotograma behar izan dituzte. Annecy animaziozko filmen zinema jaialdi entzutetsuan ikus-entzuleen saria lortu zuen, eta kritikak proiektuaren ikusgarritasuna azpimarratu du. Erresuma Batuaren eta Poloniaren artean osatutako ekoizpena da.

.

The Jungle Bunch: Oihaneko kuadrilla

Zineuskadiren eskutik, halaber, urteko euskarazko animaziozko lehen filma helduko da asteburuan zinemetara: Frantzian ekoitzitako The Jungle Bunch komedia dibertigarria. Maurice tigre bat bailitzan hezitako pinguinoa da, eta bere lagunekin batera, oihana zaintzeaz arduratzen da, amak aurrez egin bezala. Baina Igor koala gaiztoak lana zailduko dio. David Alauxen proiektua da honakoa, eta Bilboko, Barakaldoko, Getxoko, Leioako, Laudioko, Iruñeako, Portugaleteko, Donostiako eta Gasteizko zinema aretoetan izango da ikusgai.

.

Most Beautiful Island

Ana Asensio aktore madrildarraren lehen filma da. Gidoia, protagonistaren papera eta zuzendaritza bere gain hartu ditu, eta Texasko SXSW jaialdian film onenaren saria eskuratu du. Luciana dokumenturik gabeko etorkina da AEBetan, eta iragan gatazkatsua ahazten ahaleginduko da joko beldurgarri baten bidez. Thrillerrean Natasha Romanova, David Little, Nicholas Tucci eta Larry Fessenden aktoreek hartu dute parte Asensiorekin batera.

.

Asteko estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Urrezko Globoetan saritutako filmak, zinemetan
Estreinaldiak, zinea.eus, zinema
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude