Urrezko Maskorra irabazteko lehia Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan
Urrezko Maskorra irabazteko lehia Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan –
Besteak beste, María Alché eta Benjamín Naishtat, Robin Campillo, Raven Jackson, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martín Rejtmanen filmak Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan
Raven Jackson hasiberria Sail Ofizialeko kide izango da Ikusmira Berriak programan garatutako filmarekin
María Alché eta Benjamín Naishtat, Robin Campillo, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martín Rejtmanek euren film berriak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean, irailaren 22tik 30era bitartean. Raven Jacksonek bere lehen filmarekin hartuko du parte (Ikusmira Berriak egonaldi-programan egon zen filma bere proiektu-fasean).
María Alchék (Buenos Aires, Argentina. 1983) eta Benjamín Naishtatek (Buenos Aires, Argentina. 1986) elkarrekin zuzendu dute Puan; film horretan, unibertsitateko katedra batek aurrez aurre jartzen dituen bi irakasleren rola egiten dute Marcelo Subiottok eta Leonardo Sbaragliak. Alchék Horizontes saria eskuratu zuen bere lehen film luzearekin (Familia sumergida / A Family Submerged, 2018), eta, gainera, aurtengo Ikusmira Berriak programako egoiliarra da. Bestalde, Naishtatek zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Rojo filmarekin (2018), eta aktore onenaren eta argazki onenaren sariak ere eskuratu zituen. Hori baino lehen Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen Historia del miedo / History of Fear (2014) lanarekin. Puan Proyecta 2021erako hautatu zuten, eta Alché eta Naishtat egileak beste zinemaldi batzuetan ere izan dira euren bakarkako lanekin, hala nola Berlinen eta Locarnon.
Robin Campillo (Mohammédia, Maroko. 1962) zinemagile frantziarra lehendabizikoz lehiatuko da Donostian L’île rouge / Red Island filmarekin; Madagaskar uhartearen kolonizazio frantziarrean dago kokatuta obra hori. 120 battements par minute (120 BPM) / 120 Beats Per Minute (Perlak, 2017) filmarekin Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu ondoren iritsiko zaigu zinemagilearen laugarren lana. Campillok zuzendutako lehen filma, Les Revenants / They Came Back (2004), Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena atzerabegirakoan sartu zuten, eta 2012an ere parte hartu zuen Donostia Zinemaldian –zehazki, Sail Ofizialean– Laurent Canteten Foxfire filmaren gidoilari gisa.
Raven Jackson (Tennessee, AEB. 1990) Donostian lehiatuko da bere lehen filmarekin, baina harreman estua dauka Zinemaldiarekin. Batetik, Nest sailean parte hartu zuen, zinema-ikasleen nazioarteko film laburren lehiaketan, Nettles (2018) lanarekin, eta, bestetik, Ikusmira Berriak programan Zinemaldiaren 71. edizio honetan aurkezten duen All Dirt Roads Taste of Salt filma garatu du; Mississippiko emakume baten bizitzaren esplorazio liriko hori Sundanceko U.S. Dramatic Competition sailean estreinatu zen aurten.
Joachim Lafosse (Uccle, Belgika. 1975) lehiaketa ofizialera itzuliko da bere hamargarren film luzearekin: Un silence / A Silence dramak Emmanuelle Devos eta Daniel Auteuil ditu protagonista. 2015ean zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Les chevaliers blancs / The White Knights filmarengatik, eta bere lanetako bi Perlak sailean izan dira: L’économie du couple / After Love (2016) eta Les intranquilles / The Restless (2021).
Quitters (2015) filmarekin debuta egin ondoren, Noah Pritzker (San Frantzisko, AEB. 1986) Donostian izango da lehen aldiz, bere bigarren film luzea aurkezteko; hala, Ex-Husbands pelikulan familia bereko zenbait gizonen gorabehera sentimentalak islatzen ditu. Filmean Griffin Dunne, James Norton, Miles Heizer, Rosanna Arquette eta Eisa Davis antzezleek hartu dute parte.
Cristi Puiu (Bukarest, Errumania. 1967) zuzendari errumaniarraren lanak Cannesko eta Karlovy Varyko zinema-jaialdietan izan dira, eta The Death of Mr. Lazarescu (2005), Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan atzerabegirakoan 2014an sartu zena, Errumaniako zinemaren olatu berriko lan nagusitzat jotzen da. 2016an Sieranevada filmarekin Perlak sailean parte hartu zuen eta aurten lehiaketa ofizialean izango da MMXX pelikularekin; historiaren bidegurutzean harrapatutako arima alderrai mordo baten ibilerak atzitzen ditu egilearen lan berriak.
Martín Rejtman (Buenos Aires, Argentina. 1961) La práctica / The Practice komediarekin parte hartuko du lehen aldiz Sail Ofizialean. Bere ezkontidearekin krisi betean dagoen yoga-irakasle baten rola jokatzen du komedia horretan Esteban Bigliardi aktoreak. Zuzendariaren aurreko filmetako zenbaitzuk Donostian izan dira: Silvia Prieto (1999) Made in Spanish sailean erakutsi zen; Los guantes mágicos (2004) eta Dos disparos / Two Shots Fired (2014) Horizontes Latinos sailean egon ziren, eta Shakti (2019) film laburra Zabaltegi-Tabakaleran eman zen Rejtman Nesteko epaimahaiburu izan zen urtean. Azkenik, 2020an, El repartidor está en camino / Riders proiektuak Koprodukzioak Garatzeko Eurimages saria lortu zuen Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan.
…
Filmak
ALL DIRT ROADS TASTE OF SALT
RAVEN JACKSON (AEB) Ekoizpeneko herrialdea(k): AEB
Antzezleak: Charleen McClure, Reginald Helms, Jr., Moses Ingram, Zainab Jah, Sheila Atim, Chris Chalk
Raven Jackson olerkari, argazkilari eta zinemagilearen lehen film luzea Mississippiko emakume baten bizitzako hainbat hamarkada hartzen dituen esplorazio lirikoa da, geruza askoko erretratu aztoragarria eta forma ematen diguten pertsonen belaunaldiei eta lekuei egindako oda ederra.
EX-HUSBANDS
NOAH PRITZKER (AEB) Ekoizpeneko herrialdea(k): AEB
Antzezleak: Griffin Dunne, James Norton, Miles Heizer, Rosanna Arquette, Eisa Davis
Peterren gurasoak dibortziatu egin ziren 65 urte elkarrekin eman ondoren; 35 urte igaro eta gero, Peterren emazteak utzi egin zuen, eta bere semeek –Nickek eta Mickeyk– euren bizitza egiten dute. Peter Tulumera joango da hegazkinez, eta Nicken ezkondu aurreko agurrean –Mickeyk antolatutakoan– baimenik gabe sartzen denean, konturatuko da bera ez dela krisian dagoen bakarra.
LA PRÁCTICA / THE PRACTICE
MARTÍN REJTMAN (ARGENTINA) Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina – Txile – Portugal
Antzezleak: Esteban Bigliardi, Mirta Busnelli, Manuela Oyarzún, Camila Hirane, Gabriel Cañas
Gustavo eta Vanesa banandu egin dira eta elkarrekin zituzten proiektuak berrikusi behar dituzte. Yoga irakasleak dira biak. Gustavo argentinarra da; Vanesa, txiletarra. Indiarako bidaia bertan behera geratu da. Vanesa etxearekin geratu da eta partekatzen zuten estudioa utzi du; Gustavo etxerik gabe gelditu da. Pilatutako estresagatik, Gustavok min hartu du belaunean eta yoga ordezkatu du: koadrizeps ariketengatik lehenik eta gimnasioagatik ondoren. Baina pixkanaka-pixkanaka bere bizitza bideratzen hasiko da eta praktikarako bidea aurkituko du berriz ere.
L’ÎLE ROUGE / RED ISLAND
ROBIN CAMPILLO (MAROKO) Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia – Belgika
Antzezleak: Nadia Tereszkiewicz, Quim Gutiérrez
L’île rouge / Red Island filmak Madagaskarren kokatzen gaitu 70eko hamarkadaren hasieran, Frantziako armadaren azken aire-baseetako batean; hor, militarren familiek kolonialismoaren azken astinaldiak bizi dituzte. Fantômette heroi ausartaren kontakizunak etengabe irakurtzen dituen 10 urteko mutikoa da Thomas, eta liluraz begiratzen dio inguruan duen guztiari, mundua pixkanaka beste errealitate batera zabaltzen den bitartean.
MMXX
CRISTI PUIU (ERRUMANIA) Ekoizpeneko herrialdea(k): Errumania
Antzezleak: Bianca Cuculici, Lauren?iu Bondarenco, Otilia Panaite, Florin ?ibre, Igor Babiac, Roxana Ogrendil, Adelaida Perjoiu, Dorian Bogu??, Drago? Bucur, Marin Cumatrenco
Oana Pfifer terapeuta gaztea apurka-apurka korapilatuko da bere pazienteari egiten dizkion galderekin. Bere urtebetetzeaz kezkatuta, Mihai, Oanaren anaia, kontrola dezakeena baino askoz ere handiagoa den istorio batean harrapatuta dago. Septimiu –Oanaren senarra– bere osasunaz kezkatuta dago, eta arreta handirik gabe entzuten du bere lankide bat tartean izan zuen istorio bitxi bat. Narcis Patranescu krimen antolatuaren arloko inspektoreak istorio kezkagarri eta ilun bati egin beharko dio aurre, hileta batean neska gazte bat itauntzen duen bitartean.
PUAN
MARÍA ALCHÉ (ARGENTINA), BENJAMÍN NAISHTAT (ARGENTINA) Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina – Italia – Alemania – Frantzia – Brasil
Antzezleak: Marcelo Subiotto, Leonardo Sbaraglia, Julieta Zylberberg, Alejandra Flechner, Mara Bestelli, Andrea Frigerio
Marcelok bere bizitza irakaskuntzari eskaini dio Filosofia Fakultatean. Bere mentorea zen Caselli irakaslea ustekabean hiltzen denean, Marcelok uste du hutsik geratu den Katedraren jabegoa oinordetzan hartuko duela. Ez du imajinatzen Rafael Sujarchuk, kide karismatiko eta limurtzailea, Katedra hori bera eskuratzeko itzuliko denik Europako unibertsitateetan duen idulkitik. Marcelok hautagairik onena dela erakusteko egiten dituen ahalegin baldarrek duelu filosofiko dibertigarria eragingo dute, bere bizitza eta herrialdea kaos zurrunbiloan sartzen diren bitartean.
UN SILENCE / A SILENCE
JOACHIM LAFOSSE (BELGIKA) Ekoizpeneko herrialdea(k): Belgika – Frantzia – Luxemburgo
Antzezleak: Daniel Auteuil, Emmanuelle Devos, Matthieu Galoux, Salomé Dewaels, Jeanne Cherhal
Astrid abokatu ezagun baten emaztea da. 25 urtez isilik egon ondoren, emakumearen familiaren egonkortasuna pitzatu egingo da bat-batean, seme-alabek justizia bilatzeari ekiten diotenean.
Javier Bardem Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko kartelean eta Donostia Sari bat