Oteiza Museoak Xabier Salaberriaren FRISOA proiektua aurkezten du

Oteiza Museoak Xabier Salaberriaren FRISOA proiektua aurkezten du –

Esku-hartzeak Jorge Oteizaren Aita Donostiri omenaldia erliebea (1959) hartzen du abiapuntu.

Oteiza Museoak eta Tabakalerak antolatu dute erakusketa, Banco Sabadell Arte Bildumaren eta Artingenium bulegoaren lankidetzarekin.

Oteiza Museoak FRISOA erakusketa hartuko du berean. Xabier Salaberria artistak (Donostia, 1969) sortutako proiektu horren abiapuntua Aita Donostiri omenaldia obra da, 1959an Jorge Oteiza eskultoreak Donostiako Banco Guipuzcoano banketxean jartzeko egindako harrizko horma-erliebea.

Oteiza Museoak Xabier Salaberriaren FRISOA proiektua aurkezten du
Xabier Salaberria.

Esku-hartzea Xabier Salaberriak 2022tik 2023ra bitartean egindako 7 piezaz osatuta dago: eskulturak, argazki-instalazioak, ikus-entzunezko pieza bat eta 470 x 130 cm-ko friso handi bat dira. Lan horien bidez, Oteizak 1950eko hamarkadaren amaieran sortutako jatorrizko erliebera hurbildu nahi du, modu aske eta garaikide batean. Frisoa sortu baino urte batzuk lehenago, Aranzadi Zientzia Elkarteak Jose Gonzalo Zulaika y Arregi «Aita Donostia» musikagileari omenaldia egiteko eskatu zien Luis Vallet arkitektoari eta Oteizari. Enkargu horri erantzuteko, kapera bat eta hilarri bat sortu zituzten Agiñan, Lesakan dagoen izen bereko estazio megalitikoan. Han, historiaurreko zenbait elementu daude, esaterako, harrespilak, trikuharriak eta tumuluak. Proiektu horrekin lotuta sortu zen gaur egun Donostiako Sabadell Guipuzcoano finantza-erakundean dagoen frisoa eta, hain zuzen, Agiñako monumentu-multzoaren zenbait ezaugarri formal ditu.

Kasu honetan, Salaberriak Oteizaren jatorrizko frisoaren berrirakurketa bat egin du, proportzio berak mantenduz. Horma-irudiaren atzealde berdeak eta gainjarritako objektuen konposizioak Ben Nicholsonen billar-jokoen antza dute. Aipatzekoa da artista horrekin partekatu zuela Oteizak 1957ko Sao Pauloko IV. Bienaleko palmaresa. Artistaren konposizio espazial eta geometrikoak Oteizak urte horietan jorratutako kezka eskultorikoetatik hurbil daude, jatorrizko frisoaren erliebe abstraktuetan ikus daitekeen moduan.

Bestalde, Oteizak arlo pedagogikoari ematen dion arreta argi eta garbi ikusten da Salaberriak diseinu industrialarekiko eta lan-tresnekiko duen interesean, baita espazioa ulertzeko duen moduan eta jolasarekiko duen atxikimenduan ere. Halaber, Oteizaren zenbait lanen izaera pedagogikoa azpimarratu nahi izan du. Frisoarekin batera, erakusketa honetan, proiektu honetako beste obrak ikus daitezke, baita ASKA pieza ere, zeina Oteizak 1986an Altzuzan eraiki zuen iturriaren hurbilketatik abiatzen den eta gaur egun Museoaren kanpoaldean ikus daitekeen. Era berean, I/K Frisoa seriea obra ikus daiteke erakusketan. Lan horretan, teknika modernoaren bidez forma nola eraikitzen den azaltzen da ikus-entzunezko bidez, eta nabarmentzen da prozesu eskultorikoak garai bakoitzean eskuragarri dagoen materialaren eta teknologiaren araberakoak izaten direla.

Oteiza Fundazioak eta Tabakalerak antolatu dute erakusketa; hain justu, azken erakunde horretan egin zen, duela hilabete batzuk, Banco Sabadell Arte Bildumaren eta Artingenium bulegoaren lankidetzari esker, proiektu honen lehen erakusketa. Erakusketarekin batera, poster zabalgarri bat argitaratu da, Tabakalerako Programa Publikoen eta Komisariotzaren arduradun Oier Etxeberria artistak idatzitako Devolver la pelota al juego testuarekin.

Xabier Salaberria Donostian bizi da eta han egiten du lan. Haren prestakuntza-aldia Arteleku Arte Zentroarekin lotuta dago. Han, 1998an, Txomin Badiolak eta Angel Badosek emandako tailerrean hartu zuen parte, baita Peio Irazuk urte berean emandakoan ere. Denboran zehar mantendu zuen topaketarako eta eztabaidarako gune hori bere lantoki eta erreferentzia-gune gisa. Egoitza- programa ugaritan parte hartu duenez, atzerrian denboraldi luzeak igaro ditu eta horrek ikusgarritasun handia eman dio haren lanari. Gainera, Peio Agirre, Chus Martinez, Lars Bang Larsen, Catalina Lozano eta Beatriz Herraez komisario izan dituzten proiektuetan parte hartu du, besteak beste. Hona hemen haren erakusketarik azpimarragarrienak: Infraestructura, CA2M, Madril (2023); Frisoa, Tabakalera, Donostia / Oteiza Museoa, Altzuza (2022-2023). Una exposición sin Arquitectura, Artium Museoa, Gasteiz (2021).; r de radio, CarrerasMugica, Bilbo (2020); Ganar Perdiendo, CentroCentro, Madril (2019); Restos materiales, obstáculos y herramientas, Sao Pauloko 32. Bienala (2016); Can-ni-faire, CarrerasMugica (2016); Proceso y Método. (A.T.M.O.T.W.) Xabier Salaberria, Guggenheim, Bilbo (2013); The Society Without Qualities, Tensta Konsthall, Stockholm (2013) o Inkontziente-Kontziente (Scenario1 about Europe), GFZK, Leipzig 2011.

.

Eskultura arteko jolasa. Udalekua

2023ko abuztuak 21-25.

FRISOA Xabier Salaberriak egindako esku-hartze artistikoa da, eta abiapuntutzat hartzen du Aita Donostiri omenaldia (1959), hots, Jorge Oteizak Donostiako Banco Guipuzcoano banketxearentzat egindako erliebea.

Salaberriak Ben Nicholsonen billar-jokoekin lotutako elementu batzuk txertatu ditu esku-hartze horretan. Jolasaren presentzia oinarri hartuta, parte-hartzaile bakoitzak Oteiza Museoan ikusgai dauden eskultura batzuetatik abiatuta egingo du lan, eskulturok jostailu edo mahai-joko bihurtzeko.

Prozesuan, sortutako proposamenak probatu eta garatuko ditugu, askotariko lengoaia artistikoak erabilita: marrazketa, soinu-adierazpena eta eraikuntza eskultorikoa, besteak beste.

5-11 urte arteko haurrak. Bi hizkuntzatan, euskaraz eta gaztelaniaz. Gehienez ere 10 parte- hartzaileko taldea. Prezioa: 90 € asteko. Izen-ematea recepcion@museooteiza.org helbidean.

Oteiza Museoak Xabier Salaberriaren FRISOA proiektua aurkezten du

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude