Euskal tipografia, nortasun ikurra

Euskal tipografia, nortasun ikurra –

Hilerri, taberna eta jatetxeko errotuluetan, oroigarrietan edo tradizioarekin lotutako hainbat jardueratan letra mota berezi bat ikus dezakegu. Beste inon ikusten ez den tipografia da. Word-eko edo Google-eko Drive-eko testuetan ezin da erabili, ez delako letra moten artean eskaintzen. Baina hainbat webgunetan deskargatu daiteke doan. Adibidez, hemen.

Nonbait ikusi duzu eta jakingo zenuen bereizten. Euskal tipografia, euskal hilobietako zeinu alfabetikoetan inspiratu zen grafia oso bereizgarria da, eta Euskal Herri ultrapirenaiko hilerrietatik hasi eta Bizkaiko beste muturrera arte topa dezakegu.

Lehen adibideak Erdi Aroan aurkitu ziren, baina gaur egun ere, askoz estandarizatuagoak eta eskualdeko ikur bihurtuta kale plaketarako edo taberna bateko errotuluetarako ere balio dute.

Euskal tipografia, nortasun ikurra
Deskargatu ondoren norberak euskal estiloko letra erabili dezake, nik bezala.

Gaur egun arte izan duen bilakaera herriko eta familiako transmisioaren emaitza da, euskal idiosinkrasiaren beste ikur batzuk bezala, hala sinboloak (eguzkilore, lauburua eta ikurriña) nola dantzak, euskal pilota edo harri-jasotzea. Hala ere, denbora eta arreta gutxi eskaintzen zaio hain “gurea” den honi. Hori dela eta, honen inguruan ikertu eta idaztea ideia interesgarria dela otu zait.

Eusko Jaurlaritzako logotipoan euskal estiloko letra erabiltzen dute, baina ez da hain nabaria.

Euskal letra, jatorrian, idazkera erromanikoaren interpretazio bat da, eliza erromanikoen antz-antzekoa baitzen, eta inskripzioetan bakarrik erabiltzen zenez, hasieran letra larriz idatzitako karaktereak baino ez zeuden.

Gaur egun ezagutzen ditugunak jatorrizkoaren aldakuntzak eta interpretazioak dira, XX. mendearen hasieran Euskal Pizkundea (edo Euzko Pizkundea) izenekoarekin finkatu zirenak. Mugimendu horretan euskal kultura berreskuratzen eta kontserbatzen hasi zen. Garai hori izoztuta geratu zen diktadura frankistan, baina, amaitzean, bultzada hartu zuen berriro.

Hilerrietako hilarrietatik atera dira lauburua, eguzkilorea, beste ikur batzuk eta euskal tipografia.

Euskal Herriak babesten eta orainaldira eramaten jakin duen ikur folkloriko bihurturik, tipografia hau erraz identifika daitekeen “marka” bihurtzea lortu du. Abertzaletasunarekin ere lotu izan da askotan, baina gaur egun euskaldun orok bere hartu dezake.

Euskal tipografia, nortasun ikurra
Kaleetan eta komertzioetan ohikoa da erabiltzea, batez ere turistei begira.

Hizkiak egiteko diseinu honek zailtasun batzuk baditu, ordea: letra xehea edo minuskula ez ohi da erabiltzen. Horregatik zaila da testu luzeak topatzea. Bestalde, soilik tradiziozko ekintza edo jarduerekin lotzen da. Agian, azken urteotan bultzada bat lortu du turismoaren gorakadarekin. Iparralden presenteago dago, turismo-folklorikoak babesten baitu. Hegoaldean, oroigarri denda eta produktuek erreklamo bezala erabiltzen dute batzuetan. “Sukaldaritza turismoak” edo “Turismo gastronomikoak” ere, nortasun berezia transmititzeko erabiltzen du, izan ere, beste inon topatuko ez duzun zerbait da. Eta gurera datozen turista horiek zerbait “propioa edo berezkoa” bilatzen dute, ez soilik hondartza, alkohol merkea eta eguzkia -Mediterraneo aldean ez bezala-. Hemen ditugun enpresa multinazional horiek euren herrietan ere egon daitezke, hortaz, hemengo pintxo tabernek esperientzia ezberdina eskaini dezakete. Errotuloen diseinua hasiera on bat da.

Gaiari buruz sakondu nahi baduzu, Argia aldizkarian artikulu interesgarri hau irakur zenezake.

Euskal tipografia, nortasun ikurra

3 pentsamendu “Euskal tipografia, nortasun ikurra”-ri buruz

  • Iñaki Azkoaga 2023-07-17 12:19

    Euskal estilo horrek gaur egin gama polita eskeintzen du, modernoagoak, klasikoagoak. Beste ikur batzuk moduan ondo kudeatua izateak merezi duelakoan nago. Bi galderakin natorkizu: 1. Ba dago lekuren bat euskal letra estiloko guztiak biltzen dituena? Eta 2. Letra mota hauek ongi errejistratuta dauden eta norbaitek Baskoniatik kanpo (edo hemendik kanpo ekoiztua izan ez denak) erabiliko balu zer gertatuko litzatekeen.

  • Nik uste dut erabilera librea izango duela, interneten jaitsi ahal da eta.

  • Mikel Haranburu 2023-07-18 20:05

    Nik dakidanez, orain hogei edo hogeita bost urte Navarre izenekoa atera zen, salgai egon zen. Estandar samarra, beharbada modernoki erabilitako euskal grafiak biltzen edo zituena. Geroago, sorta bat atera zen, hamaseiren bat letra molda zituena, eta horretan libreago, diseinu landuagoak, estilo desberdinak agertzen ziren. Jakin ez ea orain, urteak pasata, inork kudeatzen dituen ala libre jaso eta erabil daitezkeen.
    Aspaldi Edorta Kortadik liburu txiki bat atera zuen, “Euskal grafiak” izenekoa, eta han adibide franko agertzen zuen, han hemenka bilduak.
    Nire ustetan, berreskuratu beharreko zerbait da, paisaia linguistikoa den bezxala, garrantzitsua baita begi kolpe batez adierazia egotea euskaltasunaren, gutxienez, onarpena. Zenbatezinak dira, bestalde, saltokietan eta bestetan, errotulu zein toldoetan, euskal grafiak edo tipoak baliatuak diren adibideak. Nahiz eta batzutan beharbada diseinatzailearen aukera izan den horrelakoak erabiltzea.
    Guk pankartetan beti baliatzen genituen…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude