Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek

Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek –

Bangladesh, bere geografiagatik, populazio dentsitate handiko herrialdea izateaz gain, muturreko eguraldien aurrean oso zaurgarria ere bada. Itsasoko erasoen eta ibaiak ahultzearen aurrean, kostaldea babesteko hainbat ekimen bultzatu dituzte bertatik. Halere, egokitzapenak muga batzuen barruan bakarrik funtziona dezake, eta bertakoen eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen lorpenak ederrak izanik ere, nazioarteko elkartasunik gabe mende honetan ezinen da betiko urperaturiko lurretako migrazio masiboa saihestu.

Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek
Emakume batek bideratu familiek haien baliabideen zati askoz handiagoa erabili behar dute hondamendiei aurre egiteko, gizon baten karguan direnei alderatuz. Oinarrian, pobreagoak izan ohi direlako emakumeak. Argazkia: Wikimedia.

Munduko delta handienean –Ganga ibaiarena– kokaturik dago Bangladesh. Ganga eta Brahmaputra ibaiek ekarritako jalkinen ondorioz munduko lur emankorrenetakoak ditu, eta horri esker 170 milioi pertsona bizi dira Euskal Herriko azaleraren zazpikoitza baizik ez duen herrialde honetan. Bazter oso lauak eta garaiera apala ditu: itsas maila metro batez igoko balitz, lurraldearen %10 urperatua legoke, aldizka edo beti, eta ur gazia barnekalderago sartuko litzateke. Hori aski ez balitz, zikloi tropikalen aurrean munduko herrialde zaurgarriena Bangladesh dugu, apala izateaz gain Bengalako golko bazterrean delako, eta bertan maiz sortzen direlako zikloiak eta horiei loturiko ekaitz-mareak. Ozeanoak montzoiak ere sortzen ditu, askotan uholdeak eragiten dituztenak. Ez da harritzekoa beraz Bangladesheko kostaldea munduko eremu hauskorrenetakoa izatea.

Qazi Kholiquzzaman Ahmad ekonomialariaren arabera, 2050 urtean 50 eta 60 milioiren artean izan daitezke errefuxiatuak. Bangladesh’s Soil Resources Development Institute erakundearen arabera, 1947tik 2009ra, 1,056 milioi hektarea itsasoratu dira –Euskal Herriko azalaren erdiaren baliokidea– eta lurzoruen salinitatea %26 igo da azken 35 urteotan. Gabura uhartean, biztanleek dagoeneko ez dute ur gezarik eta egunero distantzia luzeak egin behar dituzte ur bila joateko. Gatzarengatik laborantzak janeko ez duenez ezer ekoizten, gero eta biztanle gehiago izkirak edo otarrainxkak haztera pasatzen dira, bertze aterabiderik ezean, horrek dakarren albo kalte handi honekin: mangladien desagerpena.

Kostaldea, konponbide bila

Baldintza horiek ekosistema oso berezi baten garapena baldintzatu zuten: kostalde jalkintsu honetan dugu munduko mangladi handiena, Sundarbans oihana, UNESCOren munduko ondarea, Ramsar gunea eta biosferaren erreserba. Bertako bi zuhaitz espezie nagusiak, bengaleraz sundri eta gewa izenekoak, marearteko eremuan bizi dira, itsasbeherean sustraien zati bat airean izanik, eta itsasgoran sustrai horiek itsasperaturik. Lokatz gazikara horietan garatzeko duten gaitasunari esker, ekosistema aberatsa sortu da, 453 espezie aterpetzen dituena. Baina noiz arte? Horren babesteko, eta otarrainxkaren ekoizpena jasangarria izan dadin, Global Nature fundazioak programa bat bultzatu du, mangladiko akuakultura integratua garatzeko. Honetan, mangladiak kendu baino haztegietan bertan birlandatzen dituzte, eta otarrainxkak bertan hazten dituzte, gero ziurtapen baten pean salduz. Horrek esportazioen mendekotasuna konpontzen ez badu ere, behintzat mangladien birlandatzea epe laburreko interesekin birlotzen du. Maila handiagoan, halere, mangladi horien babes estatutua zaharkitua da, oraingo salinitate baldintzek espezie nagusien habitatak barnekaldera mugitu dituztelako, eta babes eremuak eguneratu ezean, nekez babestuko  delako ekosistema.

Hego ekialdean, mangladirik gabeko Kutubdia uhartean, arrezife artizialak plantatu dituzte bertan ostrak gara daitezen. Chittagong unibertsitateko Mohammed Shah Nawaz Chowdhury itsas biologoak lideratu duen esperimentu baten arabera, ostra arrezifeek higadura %54az murriztu, urtebetean 29 zentimetroko jalkinak arrezifearen barnekaldean metatu eta kanporaldera itsas paduren garapena bultzatu ditzakete. Bertze albo-onuren artean dugu ere lanperna, mangladi-karamarro eta hainbat arrain espezie agertzea, bertako arrantzaleek baliatu ditzaketenak. Chowhudryren arabera, arrezife txiki batek bi familientzako irabaziak sor ditzake, karamarro honen harrapaketetan oinarrituz.

Kostaldeaz gain, erreka bazterreko lurretan aurkitzen dira ere itsas mailaren gorakadak eta gatzak kalteturiko eremuak. Horietarik batzuk urperatuak dira urtean zazpi hilabetez. Horri aurre egiteko, Mugarjhor eskualdeko laborari talde batek antzinako teknika bat berpiztu du: baratze flotagarriak. Almadia moduko egiturak dira, banbuz eta ur-hiazinto arruntez eginak, 60 eta 120 zentimetro arteko garaierakoak. Bertan, egur txirbilak eta koko zuntza metatzen dituzte ongarri gisa, eta kuia, ziazerba edo okra haziak. Gizonezkoek eramaten dituzte almadia horiek urera, baina emakumezkoek prestatu, hilabetetako lan gogor hori haien gain hartuz. Auzolan ekimenez gain, Bangladeshko Arroz Ikerketa Erakundeak (“Bangladesh Rice Research Institute”) arroz mota berriak sortu ditu, ohizkoa baino hiru biderreko salinitatea duten lurretan hazi daitezkenak.

Laguntza eskasak genero desorekak handitzen ditu

Bangladeshtarrek tokiko baliabideekin garaturiko asmakizunak txalotzekoak izanik ere, funtsean, laguntza materiala dute eskas gehiago egin ahal izateko. Palli Karma-Sahayak Foundation garapenerako antolakundearen bozeramailea den Fazle Rabbi Sadeque Ahmedek dionez, herrialde garatuek Nazio Batuen mailan hitzemandako laguntza funtsetarik oso guti iritsi dira oraingoz Bangladeshera. Horren ondorioak gehiago pairatzen dituzte emakumezkoek, gizonezkoek baino. Hain zuzen, Ingurune eta Garapenerako Nazioarteko Erakundearen ikerketa baten arabera, ama bat buru duten familiak pobreagoak izanik, haien irabazien zati handiagoa erabili behar dute hondamendiei aurre egiteko, aita bat buru dutenek baino, hain zuzen ere, zati bikoitza. Ur gezarik ez dagoen tokietan emakumeak dira egunero kilometroak egin behar dituztenak ura kausitzeko. Eta haurren zaintza beren gain izanik, ez dute tokiz aldatzeko gizonek bezainbertze erraztasunik, eta zaurgarriagoak dira beraz. Horrek guztiak, oraingoz, erabakien angelu itsu batean dirau.

ARGIAn argitaratua

Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude