Txinako alderdi komunistaren mendeurrena

 

Txinako alderdi komunistaren mendeurrena –

Uztailean ospatu zuten txinatarrek beraien Alderdi Komunistaren lehen mendeurrena. Ehun urte hauetako Alderdiaren ibilbideak ospe handiko hainbat lider izan ditu, hala nola Mao Zedong (1934-1976), Deng Xiaoping (1978-1989) edo Xi Jinping (2013-), gaur egungo idazkari nagusia.

Txinako alderdi komunistaren mendeurrena

2019an Alderdiak 92 milioi kide zituen, populazio osoaren %6,6 eta aipatu behar da Xiren agintaldian, kide izateko eskaeren %12,3 bakarrik izan direla onetsiak. Alderdikide izateko proba gogorrak pasa behar dira eta, merituek pisu handia izateaz gain, jarraipen zehatza egiten zaie hautagaiei.

Alderdiko emakumeek kideen %28 osatzen dute; kideen %50ek unibertsitate ikasketak dituzte, eta langileak eta nekazariak %35 dira. Halaber, enpresetako zuzendariak alderdikideak dira eta baimenduak daude negozioak eratzeko, baina Alderdiak agintzen badio enpresabururen bati negozioa birbideratu edo atal bat itxi behar duela, obeditu behar dio, horretarako hitza emana duelako.

“Txinak jauzi egin du inbertsioak burutuz munduan zehar, batik bat Afrikan, eta barne kontsumoa sustatu da. Politika espantsionista honek beldurra sortu du AEBetan”

Alderdi Komunistaren liderrek bere garaiko arazo eta egoera politiko-ekonomikoari aurre egiten lan eskerga burutu zuten. Hala nola, Maok japoniarrak kanporatu eta Txinaren independentzia erdietsi zuen, Chian Kai-sheken indarrak Taiwanera kanporatu zituen eta barne iraultzarekin jarraitu zuen. Munduan zehar mugimendu marxista batzuk lagundu eta babestu zituen, baita Euskal Herrian ere.

Dengek Alderdi Komunistaren agintaritza 1978an hartu eta Maoren norabide politikoa aldatu zuen, ekonomia eraginkorrago bihurtu nahi baitzuen. Horretarako enpresen kudeaketa kapitalista-pribatua erabiltzea onetsi zuen, kudeaketa hori ez omen zegoelako kontrajarrita sistema politiko sozialistarekin. Beraz, eredu kapitalista eta sozialista bat etor zitezkeen, baina prozesu hori Alderdi Komunistaren zuzendaritzapean egon behar zuen.

Xik zuzendaritza 2013an hartu zuen eta Dengen norabideari eutsi zion, nahiz erronka berri ugari izan: AEBren erronka militarra, Taiwanen independentzia aldarria, industriagintza kutsakorra, elektrizitate beharra, enpresen etengabeko erraldoitzea eta berauen zorpetzea, edo lehia espaziala.

Alderdi Komunistak bere alde positiboak eta negatiboak izan ditu. Izan ere, Maoren garaian Sobiet Batasuneko eredu planifikatua ipini gura zuen eta beraz industria eta nekazaritza indartu. Bi helburuetan porrot egin zuen eta txinatarrek gosea pasatzen jarraitu zuten. Bestalde, Alderdiko militanteak burgesten ari zirela eta, 1963an Iraultza Kulturalari ekin zioten eta kide andana kaleratuak, espetxeratuak edo exekutatuak izan ziren. Halere, ekonomia ez zen zulotik irten.

Dengen erreformekin, aldiz, ekonomiak izugarrizko abiadura hartu zuen eta 40 urte hauetan 800 milioi txinatarrek txirotasunetik irtetea lortu dute. Politika ekonomiko berriaren ondorioz, atzerriko kapitalentzat Txina erakargarri bilakatu zen, soldata apalak eta langile diziplinatuak zeudelako eta, ondorioz, kapitalek mozkin paregabeak erdiesteko aukera zuten. Haatik, Txinarekiko menpekotasuna areagotu zaigu, COVID-19arekin ikusi dugun bezala.

Xiren garaiotan Txinak jauzi egin du inbertsioak burutuz munduan zehar, batik bat Afrikan, eta barne kontsumoa sustatu da. Politika espantsionista honek beldurra sortu du AEBetan, eta erantzun militarraren ahotsak entzuten hasi gara. Aurrera begira, Txinaren hazkundearentzat arriskutsua izan daiteke industria militarrean edo espazioaren konkistan gastuak areagotzea, edo Alderdiaren baitako ustelkeria.

ARGIA-n argitaratua

Txinako alderdi komunistaren mendeurrena Txinako alderdi komunistaren mendeurrena

Krutwigen Lagunak ekimena