Supermanen musuak bihurtu nau homofobo

Supermanen musuak bihurtu nau homofobo –

Jon Tornerrek Argia aldizkariko blogean.

Komikizale amorratua naiz, baina, ez dakit zergatik, guztiok ezagutzen ditugun superheroien harribenturek ez naute gehitxo erakartzen. Irakurri ditut batzuk halere, eta egiari zor, gizonezko super-protagonista hetero eta emakume hipersexualizatuen figurek ez dute nire barnean karrankarik eragiten. Areago, normaltzat-edo ditut. Erraza zait, hortaz, albisteak eragin duen zalaparta umorez hartzea.

Supermanen musuak bihurtu nau homofobo
Bi mutilen arteko musua, super-gizonen aurkako kryptonita.

“Superman bisexuala izango da komiki berrian”, dio egunkariko goiburuak. Jakin-minak jota, iritzi kategorikoak gordetzen dituen kutxa ireki dut: Twitter. Ez dit kale egin. “Superman bisexuala?! Zer barrabaskeria da hau?! Heroi mitiko bat modu horretan transformatzea! Zer izango da hurrena, Hulk transexuala?”. Gogor mintzatu da katedra, norbaitek ohartarazi dien arte pertsonaia bisexuala ez dela denok buruan dugun Superman (Clark Kent), haren seme lurtarra baizik (Jon Kent). Berdin du, katedrak gogor eta ozen hitz egiten jarraitu du: “DC Comics konpainiaren helburua ez da dirua irabaztea besterik” –orain arte publikatu dituen komiki, sortu dituen film eta fabrikatu duen merchandising guztia gizarte justuago bat lortzeko egin balu bezala–, “gutxiengo-lobby baten presioei men egin diete, heroiari identitate sexual moderno nahasgarria eransteko” –Spoiler: bisexuala izateak ez du esan nahi egun osoa mutilak musukatzen pasa eta gaizkiaren aurka larrosak jaurtitzen borrokatuko duenik–.

Amaigabeak dira perlak. Bada DC Comics-eko “degeneratuen” balore berriak lotu dituenik Espainiako Gobernuaren “Agenda 2030” egitasmoarekin; eta bada beste testigantza bat zeinak barrea eragiten duen, hain negargarria baita: “Tamainako tontakeriei esker jendea homofobo ari da bihurtzen. Ni ez nintzen, baina hau? Potroak ukitzen dizkidate, zer behar dago horretarako?”. Ez, noski, ez zinen homofoboa. Homofobo bihurtu zaituena da galtzontziloak kanpoaldetik daramatzan heroi kementsuaren semea bisexuala izateak, zeina, gogora dezagun, marrazki bat den!

Komikizaleok batzuetan ez dugu gustuko aspalditik ezagutzen ditugun pertsonaien iruditeria moldatzea (aaamigo, tradizioaren pisua hemen ere bai), baina etengabe gertatzen da, eta horien aurrean Supermanen seme bisexualaren kontuarekin jendeak erreakzionatu duen antzera erreakzionatzeak, erakusten du non gauden eta zein beharrezkoa den pertsonaia/istorio berritzaileak sortzea, kasu honetan sexu askapenaren gaiarekin lotuta. Fikziozko super-heroi baten marrazki batek (!) enbarazu egiten duenean…

Supermanen musuak bihurtu nau homofobo

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.