Gutxiago kontsumitu eta bidaiatu behar dugu, klima aldaketari aurre egiteko

Gutxiago kontsumitu eta bidaiatu behar dugu klima aldaketari aurre egiteko – 

Kontsumismo edo Kontsumozalekeria.

Mundu osoan ari dira mezu bera zabaltzen: gizakiak sortutako kutsadura eta CO2 igorpenak direla medio, lur planetako tenperatura gora doa. Azken mende eta erdian, munduko tenperatura ia gradu bat zentigrado igo da, eta aurreikusita dago are gehiago igoko dela. Klimaren aldaketa horiek zuzeneko ondorioak izaten ari dira sektore batzuetan, hala nola, nekazaritzan, basogintzan, energiaren ekoizpenean edo turismoan.

Klima-aldaketa planetako nazio guztiek aurrez aurre dituzten ingurumen-erronka premiazkoenetako bat da. NBEren Klima-aldaketari buruzko taldeak adierazi duenez, XX. mendearen erdiaz geroztik atmosferan gertatutako berokuntza globala gizakion jardunak eragindakoa da. Gaur egun, Europako Hegoaldea da klima-aldaketaren zuzeneko ondorioak gehien pairatzen dituzten eskualdeetako bat. Ondorio horien artean, besteak beste, tenperaturaren igoerak, uholdeak eta lehorteak daude.

Herrialdeetako agintariek erabakiak hartu behar dituzte. Hitzarmenak sinatu behar dituzte eta horiek bete eta betearazi. Herrialdeek euren kabuz ibiltzea ez du zentzu handirik, helburu globalak jartzen ez badira. Arian-arian, baina ari dira egiten.

Orduan, zer dagokigu guri, indibiduoi? Zer egin dezakegu guk gure kabuz? Kontzitentziatzen bagara, argi eduki behar dugu gauza askori uko egin behar diogula. Pozik bizitzeko, ez ditugu armairuan 20 praka behar. 3 parerekin nahikoa da (praka motzak, pijama eta txandalak kontuan hartu gabe). 8 oinetako pare edukitzea ere ez da ezinbestekoa. 3rekin moldatu gaitezke (txankleta eta etxe barrukoak kontuan hartu gabe). Autoa 5 urtean behin aldatzea ez da ezinbestekoa, 15 edo 20 urte iraun dezake, ondo mantentzen bada. Urtean 6 aldiz baino gehiago hegazkina hartzea oporretan joateko (3 joan-etorri) gehiegizkoa da. Gehienez bidai bakarra egin beharko genuke. Daukaguna baloratzen badugu, ez dugu hainbeste behar alai sentitzeko. Gure aurreko belaunaldiek askoz gutxirekin bizi ziren. Gaur egun eros-ahalmen handia dugu, eta horregatik etengabe gaude gauzak erabiltzen eta botatzen. Baina gauza horiek ekoizteko eta garraiatzeko, CO2 aztarna handia uzten dugu.

Eta zerbait ezinbestean erosi behar baduzu, bigarren eskuko webgune, azoka edo dendetara jotzea modu egokia da, gauzak berrerabiltzeko eta ekoizpen prozesu “garbiagoa” egiteko. Gaur egun Wallapop, Vinted edo Milanuncios bezalako webguneak ondo funtzionatzen dute. Iragarkilaburrak.eus ere erabilgarria da.

 

Gutxiago kontsumitu eta bidaiatu behar dugu, klima aldaketari aurre egiteko