Txertoak

Txertoak –

Eduardo Arriolabengoa Abasolok Arabako Alea agerkarian.

Izugarria izan da birusaren aurkako txertoaren ikerketan egin den ahalegina.

Urtebete joan da Txinako Wuhan hiriaren berri jaso genuenetik, eta gutariko inork ez zuen uste bizi dugun egoerara helduko ginenik. Baina gauden egoeran gaude.

TxertoakAgerian geratu ziren orduan Europaren gabeziak, uste izan genuelako estatu pobreen kontua zela balio gutxiko osasun-materialak ekoiztea: maskarak, gelak, arnasteko haizagailuak, babesteko ekipo bereziak… Eta benetako gerra sortu zen nazioen artean edozein preziotan beharrezkoak ziren materialok eskuratzeko. Ez gintuzten behartu orduan maskarak erabiltzera… mozorrorik ez zegoelako merkatuan.

Izugarria izan da birusaren aurkako txertoaren ikerketan egin den ahalegina, miresgarria ikertzaileen eta laborategien arteko lana, hamar urteko beharra eskatzen duen ikerketak urtebetean burutzeko gai izan baitira. Baditugu txertook: Pfizer-BionTech, AstraZeneca, Moderna eta bidean daudenak. Eta urtearen hasieran iragarri zenean txertoak gainean ditugula halako ilusio aldia bizi izan dugu pandemiaren amaiera gertu izango delakoan. Zorionez, ez da txertoekin gertatu pandemiaren hasieran material medikuarekin gertatu izan zena: Europa Batzordeak hartu du ardura, eta txertoen ekoizleekin sinatu ditu kontratuak estatukideen beharrak asetzeko. Pausu egokia, dudarik gabe, baina zalantza eta argitasun gutxirekin bideratua.

AstraZeneca enpresak jakinarazi duenean ezingo dituela sinatutako konpromisoak bete, hasi dira zalantzak: sinatutako kontratuen ingurukoak, enpresen interesekin lotutakoak, txertoaren egutegiaren bideragarritasunari buruzkoak. Ez dakigu zenbat diru publiko inbertitu den txertoen ikerketetan, zein den txerto bakoitzaren salneurria, zenbat txerto erosi diren, zein den txertoen emanaldien egutegia, zer gertatuko den txertoen patenteekin. Eta susmoak sortu dira AstraZeneca enpresaren inguruan, itxuraz txertoak beste herrietara saltzen ari delako Europak ordaintzen dion baino prezio garestiagoan, edo kontratuen baldintzak bigunegiak izan omen direlako… Gai izango da Europako Batzordea multinazionalen interes ekonomikoen aurka ekiteko? Gai izango dira estatuak behingoz farmazia multinazionalekiko menpekotasuna apurtzeko? Mila milioika euro dira jokoan daudenak.

Bitartean, pandemiaren hirugarren olatua gero eta indartsuago planeta osoan, eta urte hasieran lehenengo txertoak jarri zirenean hiritarren artean zabaldu zen itxaropena etsipena eta konfiantza eza bihurtu dira. Bestalde, ez dago garbi zein izango den txertoaren administrazioaren egutegia, zeintzuk izango diren txertoa jasoko duten taldeen hurrenkera. Zeintzuk izango dira edadetuen egoitzen egoiliarrak eta bertako langileak zein osasun langileak txertatuak izan ondoren txertoa hartuko dutenak? Ez dirudi protokoloak ondo finkatuak daudenik txertoa hartzea ez zegozkien hainbat lotsagabe txertatuak izan dira eta. Arduradun politikoek udarako herritarren %70 txertatuak izango direla behin eta berriz errepikatu arren, ez dirudi horrela izango denik. Egia bada ere datozen hilabeteetan beste txerto berriak onartuko direla, sortu diren arazoak eta txertaketaren kanpainaren orain arteko abiadurak ez dute konfiantzarik ematen.

Eta, hala ere, hasiko gara laster Aste Santuko kanpaina salbatzeko mamuaz. Eta udarena jarraian. Pandemia kontrolpean egongo da planeta osoan kontrolpean egongo denean. Pausu bat izango da Iparraldean %70 zenbaki magiko horretara heltzen bagara, baina pandemiak bere horretan jarraituko du Hegoaldean zenbaki hori lortzen ez den bitartean. Beste behin, betiko kontua: lehenengo gu, aberatsok, behartsuak gero. Ez al da ordua patenteak liberatzeko txertoen ekoizpena handitzeko, prezioak jaisteko txertaketa planeta osoan zehar ahalik eta lasterren zabal dadin? Aurreko egun batean pandemiak bizitzaren urte bat lapurtu egin diola zioen emakume batek. Ez al dira, bat izan beharrean, bi izango?

Txertoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.