Tourist, remember
Tourist, remember –
Igor Elordui Etxebarriak Bizkaiko Hitzan.
Buenvenue. Benvenuto. Willkommen. Welcome… Kanpoan, oporretan, nabil egunotan. Asago xamar, gainera; aditzen dugun erdara gaztelania ez den eremuetan. D’ou viens tu? Da dove vieni? Woher hommst du? Where are you from?… Lanak adierazteko, galdetzen digutenean, euskaldunak garela, ez garela espainolak (“ez frantsesak”, gehitzen dugu bonus track gisara). Je ne suis ni espagnol ni française, je suis basque. Non somo spagnolo né francese, somo basco. Ich bin weder spanisch noch französisch, ich bin baskisch. I am not spanish nor french, I am basque… Basque. Basco. Baskish. Basque… Alferrik, gehienetan. Lekuaren arabera, baina gutxi batzuek jakin dute mapan kokatzen Euskal Herria, Euskadi… A little country in the north of Spain, between Spain and France… Bilbo aitatuta, arean gehiago bai, baina futbolagatik, batez ere. Bakarrak egin dit, hiru astetan, begietara begiratu, eta esan: basco. Eta hura polizia. Segurtasun-kontrol batean, DNI espainola eskuan, nire bigarren abizena ahoskatu du (aditzera emanez horrexegatik jakin duela): Et-seee-baaa-rrria. Eta nik harro baietz buruarekin. Marka da, gero!
Gogoan dut duela, adibidez, hogei bat urte kanpora joaten gineneko atrezzoa. Adin eta pentsamolde bertsukoek gogoratuko duzue, berdin antzean egiten baikenuen. Kamisetak: euskal presoak etxeratzearen alde kartzelako barroteen atzeko begi pareduna, ESAITen nazio bat selekzio bat, EH askatu, Korrika, Negu Gorriak… Idunekoak: lauburua, Arrano Beltza… Gogoan dauzkat orduko ENA edota EHNA… Zer esanik ez, gaurkoa bezalako egunetan, Tourrera Tourmaletera euskal txirrindulariak aupatzera joaten ginenean. Ohikoak ziren: Euskaltel-Euskadi talderako Kukuxumusuk egindako kamiseta, ikurrinak, presoen aldeko banderolak, Gora Euskadi txanoa… Horixe zen gure kredentziala munduan; nor eta zer garen azaltzeko ikonografia.
Jakina, gazteagoak ginen, beste garai bat zen, beste testuinguru bat. Ez naiz ezeren nostalgikoa eta, esanak esan eta idatzitakoak idatzi, inoiz ez naiz izan halako erakustaldien zale; baina aitortu behar da, sasoi zailagoak izanagatik, ez ginela ez lotsa ez beldur harro adierazteko zer garen eta zer ez; eta badirudi apaldu egin dela nahi edo behar hori (ere).
Euskal Herritik kanpo nabilela jakin dut Larrabetzun, nire herrian, pankartatzarra jarri dugula, zera dioena: Tourist, remember: This is neither Spain, nor France. You are in the Basque Country. Ez da kapritxo bat. Larrabetzutik egunero Santiagoko bidea egiten ari dien ehunka erromes igarotzen dira. Eta otu zait etxerako daukagunaren antzeko zerbait kanporako beharko genukeela, ez halabeharrez hain handia. Esaterako, pasaporte bat. Jakin dut, baita ere, egunotan, Urkullu lehendakaria New Yorkera joan dela, Nazio Batuen Erakundeak gonbidatuta. Agian, lehendakariak ere aldarrikatuko zuen hain leku esanguratsuan euskal nazionalitatea ;-).
Tourist, remember Tourist, remember