Nafarroako EH Bilduren militantziaren erabakiari so

Nafarroako EH Bilduren militantziaren erabakiari so –

Nafarroako azken hauteskundeetatik hona ikusi ditugun hamaika mugimenduen ondoren, une honetan pilota EH Bilduren teilatuan dago. Koalizio soberanistaren esku dago Chivite lehendakari izendatzea edo ez, abstentzioa edo ezezkoa baliatuta. Gaurko egunean zehar EH Bilduko militantziak gaiaren inguruan bozkatuko du, eta bihar emango da emaitza jakitera.

Nafarroako EH Bilduren militantziaren erabakiari so

Abstentzioaren aldeko hiru idatzi:

1.- Arnaldo Otegirena (gaztelaniaz). Otegik PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrak osatutako gobernuari ateak ez ixtearen alde mintzatu da, eta dozena erdi bat puntu jarri ditu mahai gainean bere posizioa argudiatzeko.

2.- Joxe Mari Esparza (gaztelaniaz). Txalaparta argitaletxeko editorea ezaguna da bere luma zorrotzarengatik, eta zalantza izpirik gabe abstentzioaren aldekoa dela adierazi du. Nafarroako erregimena banandu dela deritzo (UPN alde batetik eta PSN bestetik), eta EH Bilduk zatiketa horren arrakala handitzeko guraizeak eskuan dauzkala abstentzioaren alde eginez gero.

3.- EH Bildu Nafarroako zuzendaritza.

Patxi Huarte “Zaldieroa” ere abstentzioaren alde

 

Ezezkoaren aldeko argudioak

Ez dut aukerarik izan ezezkoa babesten duen idatzirik irakurtzeko, nahiz eta han hemendik hainbat argudio entzun norabide horretan. Horietako batzuk hemen laburbiltzen saiatuko naiz:

  • PSNk bizkarra eman die 50.000 nafarrei, eta ez ditu eskubide osoko herritar gisa hartu aintzakotzat. EH Bilduko pertsonek ez badute inongo baliorik PSNrentzat, PSNk ez die balio EH Bilduko pertsonei. Beste alderdiek (Geroa Bai, Ahal Dugu, Ezkerra) izan duten jarrerak apartheid hori normalizatu du.
  • Orain arte Nafarroan indarrean egon den erregimena ez itzultzearren, egun EAEn dagoen erregimenaren antzeko zerbait osatzea: EAJ eta PSEren gisa Geroa Bai eta PSNren gobernu bati hegoak ematea, eta harreman hori denbora luzean egonkortzea.
  • Denbora guztian “kalte txikienaren” eskeman mugitzea hausturara jo ordez. Orain hobea bada PSN babestea ultraeskuina baino, legegintzaldian zehar ere berdina gertatuko da hamaika aldiz, logika berari segita.
  • PSNk geroz eta pisu gutxiago dauka nafar politikan. Azken hauteskundeetan Pedro Sanchezen eraginez gorakada bat izan du, baina ez da erreala, ez du oinarri sendorik. Orain lehendakaritza emanez gero, zer gertatuko da hemendik lau urtera?
  • Kanpainan mezu argia zabaldu zen: PSN babestea erregimena babestea da. Udaletxeen osaketan aise frogatu da adierazpen hori erreala zela. Eta orain EH Bilduk PSN babestu behar du?
  • EH Bilduk ezezkoa emanez gero, ezezkoa emango lioke erregimenaren osotasunari: Navarra Suma eta PSN.  Ondoren haien artean konpontzen badira, erantzunkizuna PSOErena da; eta ez badute akordiorik lortzen, hauteskundeak berriz.
  • Hauteskundeak berriz ospatzea txarra al litzateke EH Bildurentzat? Koalizio soberanista sabaia eta zorua gertuen dauzkan formazioa izan daiteke, eta indartuta atera hurrengo hauteskundeetan.

Nafarroako EH Bilduko militanteena da hitza, eta hartzen duten erabakiak errotik baldintzatuko du herrialdeko bizitza politikoa. Ea zer dakarren biharko egunsentiak.

Nafarroako EH Bilduren militantziaren erabakiari so

Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude